EZTABAIDA GELA. Emakumezkoen eliteko kirola

Gabezia urteetan, ahulena zigortzea errazena

2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Zoritxarrez, azken aste hauetan laguntza deiak iritsi zaizkigu zenbait kiroletako hainbat emakume talderen aldetik. Futbolari dagokionez, badirudi Nafarroari egokitu zaiola alde txarrena, oso litekeena baita beste bi erreferente desagertzea: Osasuna eta San Juan. Gure lurraldetik aterata, berriz, emakumeen Lehen Mailako talde puntakoetako bat, Rayo Vallecano historikoa, murrizketak izaten ari da, eta, ondorioz, jokalariek baldintza ezin txarragoak izango dituzte lehiatzeko. Beti bezala, gabezia urteetan, ahulena zigortzea izaten da errazena. Badakit krisi itzel batean gaudela, austeritate garaia dela, kirola ezin dela izan egoera honetatik kanpoko uharte bat, baina kaltetuak beti berberak izatea ere…

Konponbiderik? Bat bera ere ez, baina inork ez zuen esan erraza izango zenik. Lehenik eta behin, kirola arautzen duen lege sail handi bat dugu, eta, horren barnean, emakumeen eta kirolaren inguruko araudi bat. Baina… betetzen al dira egiatan? Erakunde publikoek ezartzen al dute mekanismorik berdintasun legeak ezartzea bermatzeko —diru laguntzak jasotzen dituzten klub eta federazioei, komunikabide publikoei, herriei eta abar eta abar—?

Mendekotasun handiegia dugu: kluben, federazioen, komunikabideen eta abarren zuzendarien borondatearen mende gaude. Emakumeen kirola interesatzen bazaie, zorte ona! Eta, bestela, hor konpon. Eta horri gehitzen badiogu estamentu teknikoetan eta erabaki postuetan zein emakume gutxi dauden (%15 inguru), zailagoa egiten da errealitatea iraultzea: ordutegi okerragoak, instalazio okerragoak, teknikari kualifikatuen falta, ordain gutxiago edo bat ere ez, sarien desberdintasuna, taldeen desagertzea… Eta, ondorioz, kirolariek motibazio falta izatea eta, askotan, kirola uztea ere bai.

Komunikabideetan ikusezinak izatea ere bada emakumeen kirolak aurrera egitea oztopatzen duen beste gai bat. Kirol tartearen %5 besterik ez diote eskaintzen. Izugarria iruditzen zait telebista publikoak ere ehuneko horiek izatea. Urrutira joan gabe, Londresko Olinpiar Jokoetan, Espainiako emakumeek, %40ko ordezkaritzarekin, dominen %65 eskuratu zituzten. Komunikabide eta politikariek harro erakutsi zuten Espainiako emakumeen kirolaren arrakasta.

Baina etxera itzuli, eta errealitatera itzuli: ikusezinak komunikabideetan, taldeak desagertu, eta jokalari hoberenak kanpoko ligetara, nabarmen. Gurpil zoroa da: oihartzunik ez hedabideetan, babeslerik ez, profesionalizaziorik edo dedikazio handiagorik ez, kirol emaitzaren hobekuntzarik ez. Horri gehitu beharra dago emakumeen kirolaren inguruan informatzen denean kirolaz kanpoko kontuak aipatzen direla. Eta horrek guztiak berekin dakar kirolean eredu femeninorik ez egotea, neskak eta gazteak kirolarekin ez identifikatzea.

Denona da hori aurrera ateratzeko erantzukizuna. Erakunde publikoetatik hasita, federazio, klub, kirol eskola eta komunikabideetatik, eta, noski, emakume kirolariengandik eta haien ingurutik. Gizon-emakume guztiok hartu beharko ditugu erantzukizunak, nahiz horrek liskarren bat ekarri eta batzuetan gure erosotasunetik atera. Baina ahaleginak mereziko du. Eta ez ditut ahaztu eskolak; izan ere, kirola gizartearen isla bada, trebakuntzan eta heziketan dago gakoa.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.