Gabatxilandiatik

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Duela hogeita hamar urte, Euskal Herriko karriketan mobilizazioak azkarrean zirela, izengoiti gutxiesgarria jartzen genien frantsesei: gabatxoak. Frantzia euskal militanteen etsaia zen eta, gure ustez, euskaldunak herri zahar, bizi eta borrokalaria izanik, estatu inperialista horren biztanleak jende erreakzionario eta lokartua ziren.

Gurean iraultzara daramaten iniziatibetan bare gabiltzan sasoi honetan, joan den urtarriletik, erretreten erreforma dela eta, frantziar herritar ezkertiarrak berriz ari dira protestan, astero, egunero. Herri txiki eta hiri handietan, lantokietan, errepideetan manifestazioak, grebak, blokatzeak antolatuz. Mugimendu sozial anitza berpiztu da, desobedientzian mota askotako ekin-moldeak erabiliz. Azkena, lapikokadak, gobernuko kide bat nonbaitera bisitan doan bakoitzean herriaren haserrearekin bukatu ez dutela oroitarazteko.

Emmanuel Macronek eta bere ministroek ukondoz ukondo jarri dituzte sindikalistak, ikasleak, jaka hori izandakoak, ezker muturra, ekologistak, alderdi politiko zenbait eta beste motako jendeak. Indarrez jarri erreforma esanguratsua kentzeko, lehendakariak, bere metodo eta deklarazio autoritarioekin, hasieran lotsati zirudien dinamikari behin eta berriz eman dio hauspoa. Iritzi inkestek Macronen onarpena peko errekan jotzen dutela, bere sistemaren alde zakarrenak daude agerian. Erregea bakarrik dago, zauriturik, parlamentuan ere, oraingoz, oposizio zabala soportatu beharrez. Bere defentsarako promesa antzuak, mespretxua eta polizia besterik ez zaio geratzen, gauzak lasaituko diren esperantzan. Krisia aipu da eskuinetik ezkerrera, eta ezkorrenen ahotan, eskuin muturrera gero eta gehiago lerratzen ari den exekutiboa.

Erretreten erreformaren kontra kaleratzen direnek, gutxiago eta hobe lan egitearen aldarrikapenak azalarazteaz gain, Frantziar V. errepublikaren ibilmoldeari egin nahi diote aurre, legalki bada ere elite batek inposizioz eta bere pribilegiorako gehiengo zabalari baldintza larriagoak jarri nahi izanari. Erretretaren defizita pagatzeko dirua egon badago, besteak beste hautetsien adiskide diren enpresari erraldoien poltsikoetan. Arlo sozialarekin batera, lurraren aldeko mugimendua antzeko irakurketa eta bultzada ari da hartzen. Apirilean Sainte-Soline herrixkan ur erreserben kontra gertatu asteburu gogorrak, eta ondotik Barne ministroak Soulèvements de la terre koordinazioa zigortu nahi izanak bazterrak mugitu dituzte, ingurune ekologista inarrosi. Hor ere, sektore desberdinetako militanteek eta biztanleek zubiak eraiki dituzte, boteretsuen asmoen oztopatzeko azken hauek dauden guneetara joan behar dela erabakiz. Praktikan, konfluentziak eta talka.

Aurkari guziak temati daude, eta, gaur egun, panorama honetatik gaztainak nork aterako dituen iragartzea fikzioa da. Halako lurrikarek eragiten dituzten erreakzioen artean, bortizkeriaren erabilpenaren eztabaidak bestelako tankera hartu du. Ohituraz indar armatu legalei onarpen gehiago eta kale borrokalariei gutxiago ematen bazaie, paradigma aldaketa zerbait ageri da jendartean eta prentsako iritzi batzuetan, bereziki manifestaldietan parte hartzen dutenen artean. Biolentzia lehenik eta behin gobernuari egozten zaio, eta aurkarien erantzuna, lehenaren bizkar. Horrek ez die enfrentamenduak oroz gainetik bultzatu nahi dituztenei argi berde osorik ematen. Taktika horretan, Sainte-Solinen izandako manifestari zauritu andanak indarra noren esku dagoen argi utzi du, eta irabazteko, dibertsitatea ezinbestekoa dela atzeman dute askok. Toulouse-Castres autobide proiektuaren aurka berrikitan antolatu deialdiak ekarri du adibidea, hitzordu zabala eta irudimentsua, Barne ministroak harrikadak espero zituela baratze landaketak izan direlarik erresistentziaren ikur.

Macroni lau urte geratzen zaizkio jauregian, eta, behingoz, hainbeste egur jaso ondoren, bere politikaren kontra egonkortzen ari diren mugidek esperantza dakarte bihotzean, erreformak erreforma, erregea botatzeko edo bederen bere planen zapuzteko gaitasuna dagoela konbentziturik. Ez da 68ko Maiatza, grebalarien kopurua askoz murritzagoa izanik, baina gazteek sekuentzia hau halaxe bizi dute, eta adinekoek udaberri aire gisa. Frantzian liberalismoari traba egiten baitzaio, Europan ere aztarnak utziko dituela sinetsita, iraganean gertatu bezala. Beste behin ere, gabatxoek ematen digute lezioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.