G7: arduragabekeriaren gailurra

Paxkal Lafitte
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela urte bat, G7a 2019ko agorrilean Miarritzen iraganen zela jakitera eman zutenean, albiste faltsu (fake news) bat zela uste izan genuen, hain zen surrealista. Alta, pentsaezintzat jotzen genuen gertakaria erreala bilakatu da eta G7a Miarritzen iraganen da. Ondorioak ez ditu Miarritzek soilik pairatuko, kostalde guztiak jasanen ditu eta, hein batean, Euskal Herriak. Horiek horrela, burura datorkigun lehen galdera hau da: nork erabaki du? Ipar Euskal Herriko hautetsiak erabaki honen parte izan ahal dira? Argi da ezetz. Erabaki hau frantziar gobernuaren estantzia gorenean erabakia izan da, Eliseoan.

Arduragabekeria handia da eta hainbat arrazoirengatik. Gure lurraldearentzat gailurra ez dela onuragarria izanen gehien azaleratzen duten bi arrazoiak hauexek dira:

Batetik, G7-k ordezkatzen dituen balioak onartezinak direlako. Izan ere, G7-ak mendebaldeko zazpi indar ekonomikoak biltzen ditu bere baitan (Estatu Batuak, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Alemania eta Kanada). Herrien artean hierarkia bat ezartzen du, ideologikoki ongi kokatuak direnak, indartsu direnak eta eskema horretan sartzen ez direnak bereiziz. Azken finean, boteretsuen dominazioa ordezkatzen du.

Bestetik, manifestatzeko eta mugitzeko askatasuna murriztuak izanen direlako, horrek izanen dituen ondorio guztiekin arlo ekonomiko eta sozialari begira. Arazoa hemen ez da urgentzia soziala eta ekologikoaren erakusleihoa izanen den gailur alternatiboa, G7a baizik. Garestia eta inposatua zaigun bilkura bidegabe eta behargabea. Ondorioz, aurreikusten dugu kalte ekonomiko eta sozial itzelak jasanen ditugula. Kasu horretan, nork hartuko ditu bere gain kalte-ordainak?

Bestalde, Estatuak Euskal Herriko mugimendu politiko, sindikal eta sozial desberdinez osaturiko plataforma desitxuratu nahi du, plataformak antolatu nahi duen gailur alternatiboan egon daitezkeen konfrontazio bortitzekin nahasiz gainera. Plataforma osatzen duten hainbat erankundek garantia nahiko eskaintzen dute, G7-ak ordezkatzen duen munduari alternatiba agertzeko unean, modu baketsuan eginen dela baieztatzeko.

Macron presidenteak lurralde eta hautetsiak entzuten dituela erratea maite du. Hala balitz, Euskal Elkargoari zuzenduko zen gailurraren inguruan erabaki bat hartu aitzin. Segur aski pentsatuko zuen ez ginela kapable gailur honen inguruko erronkak ulertzeko. Paretaren kontra jarri gaitu. Orain, «hautatuak» izan diren herrietako hautetsien eta Euskal Herriaren ardura kolektiboari dei egitea besterik ez zaigu gelditzen, G7 Ez plataformak antolatzen duen gailur alternatiboa baldintza onenetan iragan dadin.

Azken deialdi bat egin nahi diogu gobernuari, arduradun nagusiari, berak sortutako egoera jasangaitzari aterabideak atzemateko. Bere ardura da, inolako kalterik jasan ez dezagun.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Filipe Aramendi, Eneko Aldana, Leire Larrasa, Claire Legardinier eta Iker Elizalde (Donibane Lohizune, Urruña, Ziburu eta Hendaiako EH Bai-ko hautetsiak)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.