Erretiratua

Futbola

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Futbol-jolasa ingelesek asmatu zuten «Football» izenarekin. Diotenez, pilota jolasa Grezia zaharrean azaldu omen zen lehenengo aldiz, eta ondoren Txinan. Baina gaur ezagutzen dugun futbola XIX. mendeko bigarren zatian osatu omen zuten bere arauekin. Lehen klubak ere garai horretan azaldu omen ziren. Jolas gehiagotan ere erabiltzen dira baloia edo pilota, noski, baina ez naiz hemen hasiko denak aipatzen.

Futbolean hamaika jokalariz osatutako taldeak dira, beste hamaikaren aurka jokatzen dutenak, baloi bat izanik jolaserako duten jostailu bakarra. Jokatzeko, hankak eta gorputza erabili behar dira, baina eskuekin ezin da baloia ukitu atezaina ez bazara. Garai hauetan ez naiz hasiko futbola zer den azaltzen, ezta? Aitona despistatuenak ere badaki futbola zer den.

Nork ez du inoiz futbolean jokatu? Neuk ere hamabi urtetik hamazortzi urtera arte jokatu nuen, eta amorratua nintzen gainera horretan. Ezin uka jolas honek badituela bere onurak kirol moduan, baita garapen pertsonalean ere. Behin, Xabier Azkargorta mediku, futbol jokalari eta entrenatzaile famatuari entzun nion 22 jokalarik parte hartze zuzena duten jolas gutxi daudela. Eta egia da hori. Nire irakaskuntzako garaietan askotan ikusi nuen neska-mutil mordoa baloi baten atzetik korrika atsedenaldietan. Kirolaz aparte, jolas-talde bat osatzen dute eta euren arteko ulerpena, langintza eta kohesioa lantzen dira. Lehiakideekiko errespetua eta lehiaren kontrola ere lantzen dira, dudarik gabe. 

Baina futbola beste zerbait gehiago ere bada. Dantza eskoletan bi mutil eta beste guztiak neskak izan ohi dira, eskolaniatan ere bi mutil eta beste guztiak neskak; non daude ba mutilak? Astean bitan futbolean entrenatzen eta larunbatetan partida jokatzen. Denek futbolari izan nahi dute. Gainera, ikusi behar da gurasoek duten enpeinua afera horretan. Ikusi eta entzutekoa da semearen edo alabaren larunbateko futbol-partidan guraso askok duten jokaera: epaileari irainik itsusienak, jokalariei errietarik gogorrenak —bere seme edo alabari ere berdin— eta deskuidatzen bazara, gurasoen artean ere liskarra.

Baina futbola gehiago ere bada: mitoaren parte da. Berdin da Bartzelona, Real Madril, Betis edo Athletic izan, klub denak mitoak dira eta mitoek bezala jokatzen dute, euren ondorioekin. Futbol-kluba ere gizakiaren asmakizun bat da, alegiazko asmakizuna, ez da objektiboa. Penizilina ere asmatutakoa da, baina objektiboa, erreala. Zientziaren bidez lortutakoa. BMW, Mercedes, Ford auto markak ere gizakiaren irudimenak sortutakoak dira eta sortzetik mitoak. Marka edo ezaugarri batzuk besterik ez dira.

Duela gutxi ikusi dugu Sevillan, Kordoban eta Espainiako beste hiriburu askotan jendeak nola negar egiten zuen, euria zela eta, Aste Santuko prozesioak bertan behera gelditu zirelako. Erlijio-mitoaren ondorioak. —Bilboko Ibaizabal itsasadarrean egin da prozesioa—.

Irudimen subjektiboak direnean, esna egindako ametsak, kudeatzea zaila izaten da eta, askotan, ondorioak ere izaten ditu: frustrazioak, depresioak, etsipenak eta abar. Askoren artean eraikitako irudimena denean, intersubjektiboa, eta gizarte multzo handi batetara hedatzen denean, ondorioak handiagoak dira oraindik. Horrela sortu dira erlijioak, inperioak, nazionalismoak, arrazakeriak, diktadurak, kapitalismoa, turismoa, kontsumoa eta abar luze bat. Inork ez daki futbol-klub hauetan zenbat diru mugitzen den, diru publikoa barne —orain inork ez dezala pentsa futbol talde bateko jarraitzaile sutsua izateagatik hirugarren mundu gerra piztuko duenik—. Baina, hala ere, ziur nago, futbola dela eta, partiduetako joan-etorriak eta horrek sortzen dituen berezko gastuek familia askotan arazoak sortzen dituztela.

Hau dena aztertzeko distantzia hartzea beharrezkoa da —besterik ez bada igo Artxandara— eta begiratu jendetza, behatu dena orokorrean eta atera ondorioak. Zer gertatzen da futbolarekin? Normala da ikusten eta entzuten ari garen guztia? Ze onura datorkio gizakiari honetatik guztitik? Diktadura garaietan, «Futbola herriaren opioa» esaten genuen; herria politikarako eta gizarte arazoetarako lokartu egiten zuela, alegia. Eta, gaur?

Niri futbolean jokatzea gustatzen zitzaidan eta oraindik ere baloi batek erakarri egiten nau, iman batek bezalaxe, baina, egia esan, futbol mundua ez zait batere gustatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.