Joxe Manuel Odriozola.
Euskaltzalea

Futbola identitate-iturri

2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Euskal futbolak azken urte hauetan lortu dituen garaipenek harrabots handia, handiegia, atera dutela iruditzen zait. Gaur egun Hego Euskal Herrian identitate kolektiboen artean indar eta oihartzun handiena futbolak izango du seguru asko. Garai batean erlijioa (euskaldun fededun) zen euskaldun izatea gehienbat definitzen zuena; geroztik abertzaletasuna edo nazionalismoa euskaldunaren pertenentzia sentimendua eraikitzen saiatu da; klase-identitateak ere izan du eraginik gure artean marxismoaren eta sozialismoaren eskutik; azken bolada honetan feminismoa izan daiteke identitate kolektiboen artean gehien garatu eta nabarmendu dena, eta abar.

Terry Eagleton: «Geure buruari galdetzen badiogu gaur egun bizitzari zerk ematen dion zentzu pittin bat, jende askoren (batez ere, gizonak) erantzunetan ‘futbola’ nagusituko litzateke Erresuma Batuan».

Identitate kolektiboen funtzioa horixe da, besteak beste: bizitzaren zentzua eraikitzea, partez edo osoki. Ez da huskeria bizitzaren zentzua orientatzeko ahalmena duen identitate sozialaren kontua. Izan ere, identitate sozial kolektiboak era askotarikoak dira, eta batzuen eta besteen atzean dauden balioak eta erreferenteak zertan diren jakitea oinarrizko kontua da. Identitateak onetik duena izan baitezake txarretik.

Beharrezkoak ditugu identitate sozialak, gure nortasun pertsonalaren testuingurua beraiek errotzen eta zedarritzen duten neurrian. Norbanakoa giza-artean bizi da, eta gizarteak konfiguratzen ditu identitate indibidualaren zer-nolakoak. Baina ezin dugu edozein identitate sozial hobetsi: adibidez, ezin dugu nazismoaren jatorrian dagoen nazionalismo mota onartu. Nazionalismoarekin jarraituz, pertsonen eta herrien askatasuna eta askotarikotasuna sustatzen duen abertzaletasuna hobetsi beharko genuke justiziaren bidean.

Terry Eagleton: «Kirolak tribuko leialtasunak eta etsaitasunak sortzen ditu, baita erritual sinboliko, kontakizun zoragarri, heroi nabarmen, bataila epiko, edertasun estetiko, errealizazio fisiko, gozamen intelektual, aparteko sentipen programatu eta kolektibo batekiko pertenentzia sentimendu sakona ere».

Komunitate batekiko pertenentzia sentimenduaz ohar bat egin nahi dut. Zehazki, komunitate horren identitate nazionala zertan den jakin, eta egoeraren arabera, futbolaren fenomeno soziologikoak nola funtzionatzen duen ikusi.

Bestetara gabe, betor egin nahi dudan galdera: bi nazioren arteko harremanak menderakuntzak ezaugarritzen baditu, Espainiaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak bezala, nazio menderatzailearen futbol sistemak nolako eragina du nazio menderatuaren pertenentzia sentimenduan? Alegia, Espainiako futbol sisteman integratuta jokatzeak euskaldunon nazio identitatea indartu ala ahuldu egiten du? Bestela esanda: nazio identitate espainolean integratzeko mekanismo psikologiko eta ideologiko bat da futbola euskaldunontzat, edo geurezko nortasun euskalduna aldarrikatzeko kirol bat?

Futbolaren zoramenean horditu aurretik, euskaldunok badugu zer pentsatua gai honetan. Zeren nazio asimilazioaren mekanismo ahaltsuenak ez dira mekanismo nabarmenenak, atzematen eta antzematen zailenak direnak baizik. Hauteman ezinezko nazionalismo horri, nazionalismo banala deitzen diote batzuek.

Terry Eagleton: «Kirolaren balio hauek gabe, askoren bizitzak erabat hutsak lirateke. Kirola da, eta ez erlijioa, herriaren gaur egungo opioa» (El sentido de la vida, 2007).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.