Futbola, euskal nortasun garaikidearen isla

2016ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Gizartean eta baita gizarte zientzietan ere, aspaldi betikotu zen futbola herri xehea agintarien nahierara bideratzeko tresna zela, eta futbolzaleak, harmailetakoak eta ingurukoak, pentsaeraz kultur arloteak zirela. Jarrera horren arabera, gehiegizkoa da egunerokoan eskaintzen zaion arreta, eta ondo bidean bestelako gai garrantzitsuagoei eskaini beharko litzaieke begirunea. Horrez gain, emakumeak garrantziaz beheratzen dituen kirol kontaketaren erakusgarri gisara ere agertu ohi da futbola. Nolanahi ere, eraikuntza politikoen eta nazioen ordezkaritza gizonezkoen ardurapean uzten jarraitzen duen gizarte ereduaren isla da. Gizarte garaikideen joeren ispilua da futbola. Hain zuzen ere, horri zor dio XIX. mendetik aurrera hartutako garrantzia, talde ordezkarien arteko alderaketarekin, nortasun aingura eskaintzeko ahalari. Talde bateko kide sentitzearen giza jatorrizko sentipena ase zuen futbol ekitaldiak, eta zentzu horrekin munduan hedatu zen.

Euskal Herriari dagokionez, euskal nortasunaren sorrera politikoa islatu du XX. mendeko lehen herenean Hegoaldean gizarte ekitaldi eragingarriena bihurtu zenetik. Gure gizartearen Industria Iraultzaren ekoizkina izan zen, euskal abertzaletasuna izan zen modura, eta ordutik euskal nazioaren bilakaera gorabeheratsuaren agertokia izan da, harmailetan nahiz hedabideen bitartekaritzaz. Euskal abertzaletasunak beharrezkoa zuen agertoki sinbolikoa bideratu zuen kirolak, eta abertzaletasunak esker onez trukean lehentasunezko gertaera bihurtu zuen. Espainiar nazio estatuaz ezberdindu nahia, euskal nazio proiektuaren barne auziak eta gizarte kutsuko aldarriak hedatu ditu futbolak azken ehun urteetan. Areago, iragan aldiaz adina, orainaldiko moduan nabarmendu behar da futbolak Euskal Herriaren gizarte eta politika osaeran duen garrantzia. Izan ere, oroz gain euskal nortasunaren osaera politikoaren gaur egungo bidegurutzea azaltzen du.

Espainiako nazio estatu proiektuaren lurraldetasuna irudikatzen duen lehiaketan euskal izaera berezitua hezurmamitzen dute euskal taldeek eta beren inguruko zaleek. Jakina denez, berriki hasi den txapelketan gainera Hegoaldeko bost talde izango dira jokoan, probintzia bakoitzetik bana eta Gipuzkoatik bina, hau da, Reala eta Eibar. Hori horrela, Errepublikaz aurretiazko Espainiako liga goiztiarraren euskal gailentasunezko adurra hartuko du. Orduan bezala, Athleticek eta Realak euskal nortasuna zuzenean gorpuzten dute euren taldeen osaeran euskal jokalarien gehiengoa hobetsiz. Orotara hiru milioiko biztanleria izaki, goi mailako futbolean aparteko joera da Euskal Herrikoa. Inondik ere, estatu nazioez haratago eta globalizazioaz gaindi, euskal nazio nortasunari eusteko gizarte erabakimenaren adiera da bertan islatzen dena. Ondorioz, ez da sobera harritzekoa heldu den maiatz-ekainera arte futbolak hedabideetan izango duen jarraipena.

Bestalde, kirolak Euskal Herriko izaera politikoari soilik dagozkion gaur egungo barne auziak ere adierazten ditu. Besteren artean, euskal nortasuna hautemateko modu ezberdinen batasunik eza, eta probintzia atxikimenduen arteko banaketa. Hein handian, estatu burujabearen oskola ez izateak zailtzen du, euskal abertzaletasunarentzat eta baita futbol ordezkaritza sinbolikoarentzat, barne kontraesanak gainditu eta bat egindako euskal komunitate ideia gizartean txertatzea. Estatuen barnean sortutako nazioarteko harremanek nahiz futbol egiturak aurrez sortutako estatuak bermatzen dituzte. Hala, Euskal Herria bere gaindiko bi estatuen nazio narrazioaren mendean da, eta nabarmenki kirolean ere. Olinpiar Jokoen jarraipenean ikusi denez, Frantzia eta Espainiako hedabideek, eta Euskal Herriko hainbatek ere, bi estatuotako kirolariak besteen aurretik babestea hautu logikoa balitz bezala gizartean ezarri dute eguneroko kontaketan. Hala ere, egiazki, Espainia eta Frantziaren nazio eraikuntza sinbolikoa biziberritzen duen ekimena da, aurretik, berariaz, prestatua.

Zentzu horretan, futbolean, eta kirolean oro har, norbere berezitasuna babestera mugatzen da euskal ekimena, berezkoa eraikitzeko ahalmenik ez duen neurrian. Euskal selekzioen ezina horren isla gardena da. Gainera, Euskal Herria, estatuen administrazio mugetatik haratago, kirolen eraikuntza sinbolikoak ere banatzen du. Izan ere, futbola Hegoaldean euskal izaeraren ikurra izan bada, Iparraldean errugbiak haragitu du euskal nortasuna. Hein handi batean, horrek areago zaildu du futbola Euskal Herriaren batasunezko guztizko itsasgarria izatea. Nolanahi ere, ez da bere oihartzuna gutxiesteko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.