Fusio hotzaren proiektua berehala eten behar da

2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Pausoz pauso eta isiltasunean, BBK, Kutxa eta Vitalarekin fusio hotza egiteko negoziazioak aurrera doaz abiada bizian. Ez badugu eragozten, bete-betean goaz erakunde hauen bankarizaziora eta, bide batez, hiru kutxek Gizarte Ekintzara bideratzen dituzten laguntzen desagertzera (hamarka milioi euro).

Egun hauetako baten, kanpoko —eta ez independenteak diren— aholkulariei agindutako txostenetan oinarrituz, kutxetako presidenteen proposamena babesteko eskatuko digute, orain «eraginkortasuna hobetzea eta kaudimena sendotzea» delako garrantzitsuena. Gezur borobil horren atzean agintari politiko eta finantzario neoliberal batzuen tesiak daude; haien benetako ikuspegia oso desberdina da: oraingo aurrezki kutxen modeloa amerikar indioen erreserba zahar eta anakroniko bat balitz bezala ikusten dute, Estatuak hesia jarri diona bere idiosinkrasia (izaera soziala) galdu arte eta gobernuaren ekintzak bere likidazioa ezinbesteko egiten duen arte.

2011ko maiatzaren 22 honetan Euskal Herri osoan izan dugun itzulipurdi politikoaren ondoren, galdetu beharko litzateke zein zilegitasun duten aurrezki kutxak fundazio bihurtzeko, bankuen akzioen jabe baina berezko kontrola galtzera kondenatuta.

Gezur borobila da, era berean, «kutxaren arima duten bankuak» sortzeko mezua. Noiztik dira bateragarriak banku-jabeen interesak eta Gizarte Ekintzaren bidez dibidendu sozialak banatzea?

Ez da pisuzko argudioa ere nazioarteko merkatuek egitura konplexuetatik (aurrezki kutxetatik) ihes egiten dutela eta ez dutela haietan inbertitu nahi ez baldin badute ezagunagoa den bankuaren egitura hartzen. Zertarako nahi dugu geure finantza-sistemaren hastapenean atzerriko inbertsiogileek eskua sartzea? Aurrezki kutxek, ondo kudeatuz gero, berez sortzen dituzte baliabide nahikoak, eta ez dute inolako beharrik kapital handitzeen bitartez batere gizartekoiak ez diren norabideak hartzeko.

Eta, artikulu honen izenburura itzuliz —kutxen fusio hotzaren proiektua eteteko beharra—, harritzekoa da zein lotsa gutxirekin pentsatzen duten irailerako deitutako Biltzarretara tamaina honetako estatutu-aldaketak eramatea. Prentsari ezkutuan emandako informazioaren arabera, oso oreka zaila bilatzen dute: batetik, oraingo estatus juridikoa bertan behera uztea eta fundazio itxura hartzea eta, bestetik, negozioa eramango duen ban-ku bat sortzea, betiere fundazio horietako baten jabetzapean %50etik gora. Azken honekin Kutxa eta Vitala irentsi egingo lituzkete, eta hainbeste aipatutako lurren arteko orekak barregarri geratuko litzateke.

Horiek horrela, tentuz ibili behar dugu, zin egingo baitigute aldaketek ez dietela eragingo ez bezeroei, ez langileei, fusio hotzaren bitartez bankuen itxurako egiturak eskatzen dituzten merkatuetan finantzatu ahal izango garela (gu?, haiek?... nor?) eta aurre hartu behar zaiela Basilea III izeneko banka-sektorea arautzeko etorkizuneko nazioarteko arauei.

Berriz diogu: BBK, Kutxa eta Vitala ez daude arriskuan, haien kaudimen ratioak sektoreko onenak direla ikusirik. Indartsuago egingo gintuen fusio bakarra bestelakoa da: aurrezki kutxa handi bat sortuko lukeena, eta ez banku bat.

Azkenik, gertatu den iraultza politikoak Hamaikabat eta PSOE txikitu dituenean eta EAJren eragina nabarmen ahuldu duenean, eta Euskal Herri osoan —bereziki gure kutxetan— izandako hauteskunde sindikaletan LAB eta ELA hainbeste indartu direnean, jarraitu egingo ote dute Fernandez, Iturbe eta Carlos Zapatero jaunek gehiengo berriak eratzen dituztenei ez ikusia egiten eta ezkutuan «adostasunak» lortzen EAJ, PSOE, PP, CCOO eta beste gutxiengo batzuekin, aurrezki kutxen izaera soziala zapuzteko asmoz?

Hau bai da makroproiektu bat arriskuan jartzea, eta ez Pasaiako kanpoko portua, AHT edo errausteko plantak. Aurrezki kutxarik gabe, Hego Euskal Herrirako aurrezki kutxa bat gabe, ez da berezko finantza-sistemarik izango, eztaindependentzia ekonomikorik ere. Joera neoliberalakeraman gaitzan uztea ez da aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.