Ez dakit inoiz gertatu zaizuen: ari zara komuneko ispiluaren aurrean hortzak garbitzen, sudur ertzeko zuldar itsusi bat estutzen, bizar ehizean, krema ematen... normalean automatismoz exekutatzen dituzun keinu eta jardunak osatzen... eta, bat-batean, dzast!: parean duzun zeure buru hori urrundu egin da, zugandik banatu eta arroztu, eta indar beregaina hartu du. Lehen dardarizoaren ostean, zirrikitu interesgarriak zabaldu dira: eguneroko bekoki, begi, sudur eta ezpainez gaindi bestelako ikuspegi bat sortu baita, zeure baitakoa beste batean hezurmamitu balitz bezala. Horrenbestez, bat-batean, parean duzun horri ikusi dizkiozu aspaldian oharkabean zeurekin daramatzazun nahi, ezin, poz, min, dohain eta akatsak. Aspalditik zeurekin direnak, baina jabetu gabe —edo, beharbada, jabetzeari uko eginez—.Paradoxikoki, urrundu eta arroztuta atzemangarri eta zeureago egin zaizu zeure burua. Kontzienteago. Egiazkoago. Errebelazio txiki bat. Bristada.
Irudipena dut COVID-19aren izurriak, eragiten ari den molde eta eskala ugaritako hondamendi zehatz eta gorpuztuez harago, baduela ispiluaren aurreko errebelaziotik. Berarekin atoan ekarri duen salbuespen egoerak egunerokoan barne zokoetan pilatu zaizkigun uste eta balioen inertziaz jabearazi gaituela, eta, bidenabar, geure baitakoegia ez ikusiez: heriotzaren ezinbestekotasunaz, jendeon zaurgarritasun eta txikitasunaz, besteen eta elkarrekikoaren premiaz, naturaren garaiezintasun eta beharraz...
Egia horiek denak jarri dizkigu parez pare, eguteran zein laiotzean. Esaterako, jabearazi baigaitu emateko zein hartzeko dugun gaitasunaz edota elkarrekin aritzeak dakarzkigun onurez. Baina jabearazi gaitu, baita ere,gure eredu ekonomiko eta soziopolitikoaren egiturazko akatsaz. Ikusi ez ezik ukitu egin dugu nola ekoizpen, kontsumo eta ustiapen hazkor eta geraezinean oinarritzen diren gure bizimodu, balio zein desirekin gaitzera kondenatuta gaudela; gaitzera kodenatuta dauzkagula geure buruak, besteenak eta Lurrarenak. Jabearazi gaitu, bristada batez.
Baina gutxi du berritik. Aspalditik geurekin daramagun egia ezkutuada —akaso, ukatua— eutsiezina dela bizi gaituen eta bizi dugun eredua. Birus formarekin lehertu zaigu orain ebidentzia, baina, azkenaldian, klima aldaketak —eta hari lotutako desazkundearen proposamenak— ezker alternatiboaren ideia zakuko ondare izateari utzi dio eta egitate neutroaren izaera hartua du, munduko agintarien eta zentzuzko pentsamenduaren agendan sartzeraino. Besterik da, agendan sartzeak larrialdi handienari erantzuteko txaplata batzuk josteaz haragoko aldaketarik dakarren, eta zenbateraino direnproposatzen eta aplikatzen diren berrikuntzak Lampedusaren Il gattopardo-koaren harikoak, hau da, denak, funtsean, berdin segi dezan bermatzeko egindakoak.
Izurriak eragindako errebelazioak ere, honezkero, hartua baitu horren tankera: ez da zantzu hutsala izurri garai hau izendatzeko berria normalitatea-rekin uztartzeko hautua egitea: hau da, aldaketaren adiera bere baitan ohikoaren, aldagaitzaren eta inertziaren soinua duen hitzarekin. Normalitate berria, funtsean, lehengo eredura itzultzea baita: ekoizpena, kontsumoa eta ustiapena ardatz dituen bizimodu eta desiretan gotortzea. Oraingoz, berritasuna, norberaren gaineko kontrol neurriak areagotzeari baimena ematea izatean ari da, eta, halaber, besteen gaineko kontrol neurriak areagotzea aldarrikapen bihurtzea. Aspalditik datorkigun «askatasuna segurtasunaren truke» ereduan beste koxka baten estutzea.
Aldiz, zabaldu den ideia beste bat da: izurria mugarri erabatekoa dela, lehenagoko munduaren eta aurrekoarekin apenas ikustekorik duen oraingo berriaren arteko 0 gunea. Bestelakoa da, ordea, nire irudipena: lehendik datozen joeren indartzea dela nagusiki COVID-19aren pandemiak ekarri duena. Arestian aipatu dudan askatasunaren lagapenaren areagotzea ez ezik, lehendik abiatutako bizimoduaren eta geure buruen digitalizazioa eta birtualizazioa irmotzea: telelana, teleirakaskuntza, telekontsumoa, teleharremanak...Eta, batez ere, bizitzaren prekarizazioa.
Azken finean, aspalditik gara bizitzaren zentzu bakar hari hauskor baten gainean tente segitzea bihurtu dugun funanbulistak, kosta ahala kosta, bakoitza berean, ahalik eta luzeen. Bestela, ez dira ulertzen nola ez garen egiaz errebelatu izurriaren ispiluak ikusarazi dizkigun gure miseria gordinenen aurrean. Esaterako, nolako otzantasunez onartu dugun gure kide zaurgarrienak, zaharrak, bakarrik hiltzea, ahazturik bizitza egokiak ezinbesteko duela heriotza duina. Nola ari garen lehenesten iraute politikak, bizitza politikak zer diren pentsatu eta eraiki beharrean.
Ez da erraza bizi dugun garaia. Lehendik pilatutako joera eta inertzia prekarizatzaileei izurriak erantsitako arlo askotako ziurgabetasuna erantsi behar zaio. Hasteko, gaitzaren beraren nondik norakoari buruzkoa. Horrexegatik uste dut dela inoiz baino beharrezkoagoa irudimena, funanbulistez haragoko izate osoago baten zirrimarra eta desira sortzeko. Irudi berri hori osatuko bada, bizitzak zein jende izateak bestelako esanahi bat hartuko badute, ezagutza, pentsamendu, solas, gorpuztasun eta arte adierazpenen elkarbanatzea inoiz baino premiazkoagoa zaigu. Hau da, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu plaza, mundua, hurkoa zein bestea ezagutzeko eta aintzat hartzeko lekua. Ez dezagula halakorik gal.
Funanbulistak izurriaren ispiluan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu