Aurten, munduak bizi izan dituen istripu nuklear lazgarrienetako baten hirugarren urteurrena betetzen da, hain zuzen ere, Fukushima Daichiikokonplexuaren istripua.
Hiru urte geroago, istripuaren ondorioak konponbidean egon beharrean, TEPCOren arabera (Tokio Electric Power Company, Fukushimako zentral nuklearra kudeatzen duen enpresa), egunean 200 tona ur erradiaktibo baino gehiago isurtzen dira Ozeano Barera. Kopuru hori handiagoa ere izan daiteke.
Zentral nuklearraren inguruko hogei kilometroko erradioan bizi ziren 100.000 pertsonek ezin izan dute oraindik beren etxeetara itzuli, eta, seguruenik, urte batzuk pasatuko dira hori posible izan arte.
Istripu lazgarri horrek agerian utzi ditu Japoniak urtetan eramandako politika energetikoaren ahulgune nagusiak eta industria nuklearrak izan duen jarrera merkantilista. Ikuspuntu sismologikotik begiratuta, Japonia, munduko ezegonkortasun handiena duen lurraldetako bat da: Ozeano Bareko Suzko Eraztunaren barnean dago, lau plaka tektonikoren gurutzatze gunean. 2011ko lurrikara gertatu zen eremuan ( Japoniako ipar ekialdeko kostatik 130 kilometrora ) Pazifikoko plaka, Plaka Ipar Amerikarraren barnean sartzen ari da, eta, ondorioz, lurrikarak gertatzea eta horiek tsunamiak sortzea probabilitate handia duen fenomeno bat da.
Paradoxikoki, Japoniako Ipar Ekialdeko kostan (Tohokuko lurraldean) lau zentral nuklear daude. Iparraldetik hegoaldera: Higashi Dori (erreaktore bat), Onagawa (3 erreaktore), Fukushima Daichi (6 erreaktore, horietatik 4oso kaltetuak leherketaren ondorioz) eta Fukushima Daini (4 erreaktore). Horiez gain, Ibaraki prefekturan (Kantoko erregioan) Tokaiko zentral nuklearra dugu. Nahiz eta 2011ko martxoaren 11ko lurrikara eta tsunamiaren ondorioz zigor handiena jasan zuen zentrala Fukushima Daichii ko konplexua izan, beste zentraletan ere ondorioak eragin zituen.
2011ko martxoko lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz gertatu zen istripua ez da izan Japoniak lurrikara baten erruz pairatu duen lehena: 2007ko uztailaren 16an, Richter eskalan 6.8 magnitudeko lurrikara batek kalteak eragin zituen munduko konplexu nuklear handienetariko batean, hain zuzen, Nigatako prefekturan aurkitzen den Kashiwazaki-Kariwa zentral nuklearrean (7 erreaktore). 1.200 litro ur erradiaktibo baino gehiago isuri ziren itsasora.
Nola uler dezakegu, orduan, sismikoki hain aktibo diren lurraldeetan industria nuklearrak erreaktore kopuru handi bat eraiki ahal izana, horrek esan nahi duen arriskuarekin?
Oso garrantzitsua da kontuan edukitzea Japonian egin diren hauteskundetara aurkeztu diren hautagaiek euren kanpaina politikoetan industria nuklearraren finantziazioa jaso dutela. Horrela, industria nuklearrak Japoniako politikan goi mailako eta baita zentralak eraiki diren udaletako eta lurraldeetako agintari eta politikariak beraien kontrolpean dituzte.
Takashi Sasaki idazleak Fukushima, vivir el desastre liburuan esaten duenez, norbait zentralak eraiki diren herri eta hirietara joaten bada, izugarrizko publizitate kartelak bilatuko ditu, non fisio nuklearraren bidez lortutako energia ingurumenarekin begirunetsua den energia gisa saltzen duten; telebistan, ia egunero energia nuklearraren «segurtasuna» defendatzen duten anuntzio propagandistikoak emititzen dira gelditu ere egin gabe; auzo buletinetan energia nuklearraren behar interesatuaren inguruko informazioa ematen da. Orain dela hilabete batzuk, telebistan gau eta egun errepikatzen zen iragarki batean marrazkitako pertsonaia barregarri batzuk agertzen ziren ea herriren bat prest zegoen galdeginez hondakin nuklearrak ehunka metrotara eta segurtasun osoz gordetzeko».
Lehen aipatu bezala,urteetako buru garbiketaz gain, TEPCOk eta beste hainbat enpresak, hainbat erreaktore nuklearrek zekarten arriskua ezkutatu dute sistematikoki, eta populazioari segurtasun faltsu baten ideia eman zaio.
Santiago Vilanova kazetariak Fukushima: El declive nuclear. La conspiración del lobby atómico ante el impacto del accidente nuclear liburuan aditzera ematen duenez, Fukushimako erreaktoreen eztandaren ondorioz, urteetan presio politikoaren eraginez isilik egon ziren hainbat ONG ekologista japoniarrek TEPCOk eta beste hainbat enpresa elektrikoek egindako manipulazio informatiboaren inguruko aurrekariak eta erabilitako engainu, presio eta ustelkeria frogatzen zuten dokumentuak argitaratu zituzten. Horri esker hainbat kasu ezagutu ziren, hala nola Hamaokako zentralaren egoera, bi plaka tektonikok bat egiten duten tokian eraikitakoa. 1991 eta 2009 bitartean, zentralak hamahiru intzidentzia eduki zituen.
2002ko irailean, Junichiro Koizumiren( Partidu Liberal Demokratikoa) gobernua agintean zegoela, TEPCOk 80. hamarkadaren amaieran, Segurtasun Nuklearraren Agentziari zuzendutako hogeita bederatzi informe faltsifikatu zituela jakin zen. Argitaratutako dokumentuek zortzi erreaktore nuklearren segurtasuna kolokan jartzen zuten arazoak jasotzen zituzten.
Japoniak izugarrizko arazo larria du. Ondorengo 30 urtetan ekialdeko kostan 2011ko lurrikararen antzekoa gertatzeko eta horrek tsunami bat eragiteko arrisku handia dago. Japoniako gobernuak 360 graduko bira bat ematen ez badio politika energetikoari eta eremu arriskutsuetako zentralak berehala ixten ez baditu, historia berriro errepika daiteke.
'Fukushima connection'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu