Aurreko batean egunkari honetan hizkuntza politikaren zentzuaz idatzi genuen. Esaten genuen euskara berreskuratzeko hizkuntza politika aurrerakoia beharrezkoa dela. Hau da, egoera soziolinguistiko kaxkar eta asimetrikotatik abiatu euskara hizkuntza gutxitua izateari uzteko hizkuntza politika behar dela. Artean esaten genuen Euskal Herrian, oro har, hizkuntza politika atzerakoia pairatzen dugula; euskara hizkuntza gutxitu gisa betikotzeko eta, ahal dela, desagerrarazteko hizkuntza politika, alegia.
Tamalez, errealitateak erakusten digu ondoen hizkuntza politika atzerakoia zertan den. Lehen aipatzen genuen Jaurlaritzako hizkuntza politikako arduradun ohiek nola defendatzen zuten sufritzen dugun hizkuntzen arteko asimetria euskarak hizkuntza gutxitua izaten segi dezan. Orain hizkuntza politika atzerakoi horren adibide gehiago dauzkagu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak, maiatzaren 15ean argitaratuta, bere 152/2021 epaian adierazi du udaltzainen lanpostuetan, Irunen, euskara ez dela beharrezkoa. Hau da, labur esanda, euskaraz ez dakiten lan eskatzaileak udaltzainak izan daitezkeela Irunen, behinik behin. Berriro ere, euskara bigarren mailako hizkuntza, berriz ere euskara hizkuntza gutxitua. Euskararen aurkako fronte juridikoak argi erakutsi du EAEko hizkuntza politika zein mesedegarria zaion bere borrokan.
Egia esan, Auzitegi Nagusiko epai hori adibide argigarria da erakusteko fronte juridikoak nola erabiltzen duen estatuko eta autonomia erkidegoko legeria euskararen normalizazioa eragozteko. Alde batetik, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Legearen (1982) 4. eta 14. artikuluak eta, bestetik, Espainiako Erresumako Konstituzioaren 3 artikulua. Epaileak naturala eta normala jotzen du Espainiako Erresumako biztanle guztiak, euskaldunok barne, gaztelania jakitera behartuta gaudela hiritartasuna izan ahal izateko, baita edozein enplegu publikotan jardun ahal izateko ere. Epaileak, bestetik, hizkuntza gutxituetako hiztunentzat idatzitako legea erabiltzen du, modu maltzurrean, Erresumako hizkuntzako hiztunei aplikatzeko.
Hizkuntza inperialismoa. Irakurri, bestela, epaileak darabilen diskurtsoa: «Bada, jarduteko modu hori ez dator bat herritar guztiek enplegu publikoak eskuratzeko duten eskubidea nahitaez errespetatzearekin. Kontuan izan behar dugu ez dela beharrezkoa udaltzain guztiek euskara ezagutzea herritarrek administrazioarekin hizkuntza hori erabiliz harremanak izateko duten eskubidea bermatzeko. Nahikoa litzateke bikote bakoitzeko kide batek eta jendeari arreta ematen dioten agenteetako batek hizkuntza ezagutzea. Hala ere, udal polizia izateko ezinbesteko baldintza gisa, administrazioak euskara-maila jakin bat egiaztatzea eskatu du hemen. Baldintza hori, azaldu dugun bezala, ez dago justifikatuta herritarren eskubideak bermatzeko, eta, horrela, biztanleriaren zati handi batekiko diskriminazio-elementu bihurtu da».
Bada garaia hizkuntza politika aurrerakoia egiteko, bada garaia euskararen normalizazioa lortzeko legeria eraberritzeko. Bien bitartean, beste erremediorik ez dago, herri mugimendua antolatu behar dugu hizkuntza politika atzerakoiari eta bere fronte juridikoari aurre egiteko.
Fronte juridikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu