Jorge Adolfo Freytter Romero elkartea 2012ko otsailaz geroztik lanean ari da Euskal Herrian eta Kolonbian, helburu izanik, bertzeak bertze, behar bezala argitzea Jorge Adolfo Freytter abokatu, sindikalista eta Barranquillako Atlantikoko Unibertsitateko irakaslearen bahiketaren eta hilketaren nondik norakoak, bai eta haren kontrako torturenak ere. Kolonbiako Autodefentsa Batuen Ipar Blokea izeneko talde paramilitar ultraeskuindarreko zenbait kidek eta Kolonbiako polizia eta militarrek hil zuten Freytter, 2001. urteko abuztuan.
Urte hauetan, Freytter elkarteak hainbat jarduera egin ditu, betiere eskura izandako baliabide mugatuak erabiliz eta Freyterren senideekin eta Jose Alvear Restrepo abokatu kolektiboarekin elkarlanean; eta, hain zuzen ere, Euskal Herriko zenbait lagun,elkarte eta erakundek ere lagundu dute horiek gauzatzen. Bertzeak bertze, auziaren bilakaera juridikoari erreparatu zaio, Kolonbiako gaien gaineko txostenak prestatu dira, auzi soziopolitikoekin lotutako ikerketa akademikoak egin, eta liburuak eta ikus-entzunezko materiala argitaratu. Horretaz gainera, zenbait kolonbiar gonbidatu dituzte Euskal Herria ezagutzera eta jaioterriko egoeraz mintzatzera; herritarren sentsibilizazioarekin eta memoria historikoarekin lotutako proiektuak diseinatu dira, eta garapenerako laguntzako deialdi instituzionaletara aurkeztu; gatazkaren biktimei laguntzeko bidean ere izan da elkarlanik, batez ere ikasle errepresaliatuen kasuetan; Euskal Herriko eta Espainiako zenbait erakundetan agerraldiak egin dira, eta trukeak aitzinera eraman, bertzeak bertze Egiaren Batzordearekin eta Bakearen Aldeko Jurisdikzio Bereziarekin.
Arlo juridikoan, AEE Amerikako Estatuen Erakundearen barneko organo bati aurkeztu zitzaion auzia 2004an, IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrari, eta hark onartu egin zuen 2013an. 2010ean, Barranquillako Zigor EpaitegiBakarrak emandako lehenbiziko epaian zehaztu zuten indar paramilitarrez, polizia agentez eta militarrez osatutako sare bat zegoela gertakarien gibelean. 2019an, kereila bat paratu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean, egile materialen eta intelektualen aurka, baina bide horrek ez zuen fruiturik eman. Kolonbiako Fiskaltza Nagusiak «gizateriaren aurkakotzat» jo zuen krimena 2020an, eta, hala, adierazi zuen «zigortzeko moduko jarrera horregatik abiatutako akzio penala ezin preskribatuzkoa» zela. Freyterren senideek eta Defentsa Juridikorako Kolonbiako Agentziak auzia era adiskidetsuan bideratzeko akordio bat egitea lortu zuten, eta, horretaz gainera, 2020an Kolonbiako Estatuak aitortu egin zuen gertatutakoaren erantzule zela. Nolanahi ere, akordioa ez da gauzatu, eta erantzukizuna onartzeak ez du ekarri zinezko aitzinamendurik kasua argitzeko orduan.
Aitzinetik aipatutakoa ez da asebetegarria ez senideentzat, ez abokatuentzat, ezta Freytter elkartearentzat ere. Izan ere, oraindik ez dira jorratu ikerketa bide guziak, ez dira argitu gertaerekin loturiko elementu guziak, eta ez da zehaztu nor diren erantzule penalak. Laburbilduz, auzia ez dago argitua, ezta hetsia ere. Azken urtean, 2022ko abuztutik 2023kora bitartean, ez da aitzinamendu nabarmenik izan, nahiz eta Kolonbiako Gobernuak eta erakundeen parte batek bat egin Itun Historikoa alderdiaren programan bildutako ikuspegi politikoarekin.
Hori dela eta, nahi dugu Freyterren auzia izeneko dokumentala zeina ekoitzi berria baitugu eta irailaren 22an aurkeztu baita Bilbon, emanaldi pribatu bateanazkeneko bultzada izatea auziaren alde guziak argitzeko, hau da, alde juridikoa, penala, politikoa eta soziala. Dokumental hori osatzea izan da gure erronka nagusietakoa, baita, segur aski, Freytter elkartearen lorpen garrantzitsuenetako bat ere, denetan garrantzitsuena ez bada.
Ez da amateurrek egindako bideo bat, profesionalek grabatutako dokumental bat baizik. Gidoi zehatza du; 85 minutu irauten du; gaztelaniaz da, eta euskarazko eta ingelesezko azpidatziak ditu. DCP 1.85 formatua du, eta 5.1 Dolby Surround soinua. Nikaraguan jaiotako zinemagile aleman batek zuzendu du lana, Tonio Heckerrek: Berlingo Zinema eta Telebista Akademian ikasia da, eta nazioarteko festibaletan eman izan dituzte haren zenbait lan, tartean Insurgente (Matxinoa), Kolonbiako bake prozesuari buruzkoa.
Hamazazpi urtez erbestean egon ondotik, eraildako irakaslearen semeetako bat, Jorge Freytter Florian Kolonbiara itzuli zen aitaren hilketa ikertzeko, eta, hain zuzen, Fleytter Florianen itzulera da dokumentalaren abiapuntua. Hilketaren nondik norakoak ez daude argi oraindik, eta, egia bilatzeko bidean barrena, Kolonbiako historiaren alderik ilunenak erakutsiko dizkigu filmak.
Material historikoa eta familiarra ez ezik, Freytterren senideen, lagunen, unibertsitateko kideen, abokatuen eta sindikalisten testigantza zuzenak ere biltzen dira filmean. Haren bizileku eta lantoki izandako lekuak agertzen dira, baita haren hilketarekin lotutakoak ere: ikusten da non torturatu zuten egun oso batez, hil bezperan, eta gorpua non agertu zen. Gainera, Kolonbian hildako bertze irakasle, ikasle eta unibertsitateko administrazioko langileen senideak ere mintzatzen dira, Atlantiko eta Karibe aldekoak batez ere. Hala, helburua da erakustea Freytterrena ez dela kasu bakana, baizik eta bertze kasu bat dela, herrialdeko gatazkaren esparruan errepresaliatu eta hildakoenen artean.
Freytterren sendiak eta haren izena daraman elkarteko kideek eskerrak eman nahi ditugu, dokumentala egiteko jasotako gisa guzietako laguntzagatik. Bertzeak bertze, esker ona adierazi nahi diegu Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei; Bilbo, Hernani, Bergara, Andoain, Arrasate eta Balmasedako udalei; eta erakunde sozial eta norbanakoei. Freytter elkarteak dokumentalari buruzko informazioa paratuko du bere webgunean; tartean, diru sarrerak eta gastuak biltzen dituen aurrekontu taula bat, sailka antolatua.
(Erredakzioan itzulia)
Freytterren auzia, dokumental bihurtua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu