Patxi Zabaleta

Frantziskori gutun irekia

2018ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Jesús Ekiza zenaren obituarioa.
Gaurko Nafarren pentsaeran eraginagatik
.

Hizkuntzarik europarrenean idazten dizut; hemen, Europan baitzegoen euskara hizkuntza indoeuroparrak iritsi baino lehen. Gero, bi mila urte luzez, latina izan da munduko hizkuntza frankoa, baina hori ere bukatu egin da, nahiz betikoa zirudien.

Piarres Xarritonek, Etchegaray kardinalaren adiskide eta Euskararen Akademiako kideak, Euskaltzaindira etorrita zen azken bileran hona zer aitortu zidan hitzez hitz: «Elizarekin bakean hilko naiz, oraingo Aita Santuari esker». Xarriton bezala, milioika eta milioika pertsona gara munduan kristauak eta ez-kristauak gizateriaren arazo larrien aurrean elizaren eta beste erlijioen erantzun berri eta sakonen zain gaudenak. Aldaketa askatzaileen premia dauka munduak eta gizateriaren etorkizunak. Beste erlijioek eta munduko biztanlegoaren gehiengo laikoa zain daude ea kristautasunak zer egiten ote duen.

Eliza bera inoizko krisirik sakonenean murgildu da eta ezin izango du krisi hori funts-funtsezko aldaketarik gabe gainditu. Elizaren baitan eztanda egin duen krisi ikaragarriak gizateria osoaren krisiarekin zerikusia dauka. Ez dira soilik apaizen eta elizgizonen pedofilia eskandalu gaizto eta nardagarriak, baizik gaiztakeria eta oker sistemikoak. Gaizkileek merezi duten zigorra jaso behar dute, baina hori ez da aski. Aski ez den bezala zelibatua izena duen asmakeria ezabatzea. Baina horretarako ezinbesteko lehen urratsa emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzea da. Gaur egungo humanismoak feminismoa izena du. Ezin da inolako aldaketa funtsezkorik egin feminismotik abiatu gabe eta feminismoan oinarritu gabe.

Elizgizonen pedofilia kasuak ez dira kasu bakartiak. Eskandalu onartezin eta zigortu beharreko horiek ez dira pertsona batzuen oker, bekatu edo delitu tamalgarriak. Elizaren beraren usteltze sintomak eta frogak dira.

Noiznahi berandu izanen da, Frantzisko; noiznahi beranduegi izanen da. Dagoeneko Elizako arratoi eta narrastiak, garai bateko deabruen papera bereganatuta, mugitzen hasiak dira eta.

Erlijioek, erlijio guztiek Kristautasunetik hasita, izadiarekin, zientziarekin eta gizateriarekin bakea egin beharra daukate, baldin eta datozen mendeetan gizateriarentzat onuragarri izango badira. Erlijioen papera zeharo aldatu egin da munduak bere buruaz beste egin dezakeenetik eta egin dezakeela jakitun denetik. Eta ez modu batera bakarrik, baizik hiru modutara; lehergailu atomikoaren leherketa bat-batekoaz; edo desoreka ekologikoaren eztanda geldoaz; edo oldarketa sozialaren ankertasun gogorraz. Mundua jakinaren gainean dago eta badaki ezin diola jada laguntzarik Jainkoari eskatu.

Izadiarekin bakea egiteak esan nahi du gauden mundua, gizartea eta etorkizuna lehenetsi behar direla; sexua, zoriona eta poza ez direla berez gaiztoak. Zientziarekin eta jakintzarekin bakea egiteak esan nahi du ezin zaiola biderik itxi munduaren aurrerapenari. Gizateriarekin bakea egiteak giza eskubideak lehenetsi eta demokraziaren jokabideak arlo guztietan onartzea esan nahi du. Garai hauetako pobrezia, migrazio, indarkeria eta beste hainbeste eta hainbeste arazo eta tragedia humanitarioren aurrean ez daiteke egon bestelako erantzun erlijiosorik.

Izan ere, XXI. mende honetako iraulketa ideologikoa XVI. mendekoa baino sakonagoa eta garratzagoa gertatzen ari da. Galileok eta Kopernikok munduaren antropozentrismoa urratu zuten eta Genesiaren irudikapen guztia irauli. Baina gaur egungo zientziak, ordea, Apokalipsiaren beraren sustraiak ezabatu ditu eta ezinezkoa bihurtu dio gizateriari bere etorkizunaz eta beharrezko aurrerapenez erlijioari galdetu ahal izatea. Eta orain arteko erlijio guztietan diren Genesi eta Apokalipsiaren kontaketak kenduta, zein da erlijioen mezuei gelditzen zaien tartea? Zein dira munduko zortzi mila milioiko gizateriak erlijioei galdetuko, eskatuko eta aldarrikatuko dizkion erantzunak? Zein erlijio bakoitzaren ebanjelioa?

Dagoeneko ez da aski izanen elizaren egiturak moldatu edo zuzenbide kanonikoa itxuratzea. Sinesgarritasunak eskatzen du emakume eta gizonen arteko erabateko berdintasun oinarri hartzea beste aldaketa ororako. XIX. mendeaz geroztik gizateria astindu duen benetako iraultza horixe da. Komunikazioen bilakaerak, besteak beste, gizartea zeharo aldatu du, baina pertsonen berdintasun feministan oinarritzen ez den ezer ez da iraunkorra izanen. Elizak, kristautasunak eta erlijio guztiek, beren mezu erlijioso nagusia ikuspegi horretara zuzendu beharko dute, gizateriarentzat onuragarriak izatekotan. Erlijioek ez daukate jada zer esanik gizateriaren arrisku, beldur eta biziraupenaren arloetan. Genesia kolokan jarri zuten Galileok, Kopernikok eta Darwinek: eta Apokalipsia zientzia garaikideak. Hemendik aurrera, orain arte bezala, teologiaren funtsa gizateriaren etorkizuna izanen da; hantxe baitago zerua Ekizak mirestutako Teilhard de Chardin-ek iragarri zuenez.

Igaro dira bost urte Argentinatik etorri eta Vatikanoko estatu irudikatuan buru jarri zinenetik. Beste bosten bat urte edo gelditzen zaizkizu agintean. Ez daukazu denborarik Elizaren erantzukizun historikoei aurre egiteko, egindako hainbeste eta hainbeste gaiztakeria kitatzeko edo, adibidez, pilatutako aberastasunen arazoa konpontzeko. Baina izan zenezake oraindik denbora pertsona guztien erabateko berdintasun feminista aldarrikatu eta izadiarekin, zientziarekin eta gizateriarekin bakea sinatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.