Errugbi jokalari ohia

Frantziara eta Espainiara bidean

Aratz Gallastegi Sodupe
2025eko urtarrilaren 4a
05:00
Entzun

Iritzi artikulu hau 2024ko abenduaren hasieran idatzi nuen, baina azken asteetan izandako bi gertaera direla eta, artikuluaren amaieran iruzkin txiki bat egitea erabaki dut Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren eta Eusko Legebiltzarrak onartutako proposamenaren inguruan; hots, 2027. urtean 20 urtez azpiko Munduko Errugbi Txapelketa EAEn jokatzearen inguruan.

Azaroaren erdialdean, Argia komunikabidearen bitartez, espainiar selekzioan jokatzen jarraitzeko duela 25 urteko ukoaren efemeridea gogoratu dut. Efemeride horrek atzera begiratzeko eta hausnarketa egiteko aukera eman dit.

Nazioarteko kirol lehiak herrialdeen arteko kirol guden eran ikusi izan ditut, armarik gabeko armada, guda baten antzera, elkarrekin lehian. Horrela ikusten ditut egun ere Olinpiar Jokoak eta nazioarteko edozein txapelketa, handi zein txiki. Norbera bere herrialdearen alde, guda batean, beste herrialdeen aurka, kirol legez lehiatuz.

Nazioarteko kirola guda egitera jokatzea da, eta kirol gudak norberaren aberriarekiko sentimendua, harrotasuna eta atxikimendua dakar. Horregatik, nazioarteko kirola, zalantzarik gabe, herriaren emozio eta sentimenduak mugitzen dituen tresna politikoa da. Lehen mailako tresna politiko eta estrategikoa nazio handi, txiki, aberats edo txirorentzat.

Gure Euskal Herri txikiak ez du kirol guda horietan parte hartzeko aukerarik, ez du ia armadarik ere, eta euskal kirolari askok frantziar zein espainiar armadetan parte hartzen dute. Azken 25 urte hauetan, gure herria zapaldu eta ukatzen duten kirol armadetan parte hartzen duten kirolariak gero eta gehiago direla iruditzen zait, baita kirol armada horiek Euskal Herrian duten presentzia gero eta handiagoa dela ere, entrenamendu, partida zein txapelketa formatuetan. Larria deritzot presentzia hori normalizatu edo normalizatze bidean izatea. Larriagoa, harrotasuna eta atxikimendua sortzea.

Nabaria da azken 25 urte hauetan ez dela euskal kirol armadaren alde, salbuespenak salbuespen, urrats esanguratsurik egin. Frantziar zein espainiar kirol armadaren alde egindako ahaleginak, berriz, handituz doaz etengabe. Kolonizaturik gauzkaten estatuen kirol parametroetan erabat murgildurik gaude. Egunetik egunera aletxoak ezartzen dituzte euren parametro horiek gure egin ditzagun eta egoera hori normalizatu dezagun. Alegia, kirolean ere, frantziarrak edo espainiarrak izatea.

Gure lurraldean kirola kudeatzen duten erakundeek ere (klubek, federazioek, instituzioek, etab.), neurri desberdinetan, aipatu parametro horietan murgiltzeko aletxoak ezartzen dituzte egunez egun, kirol sistema arrotzaren katebegi diren heinean arau eta ekimenak bultzatuz, gure identitatea desagerraraziz, identitate arrotza normalizatuz eta inposatuz. Baina murgiltze hori normalizatua dugunez, eguneroko ogi bihurtu dugu eta horrela izan behar duela barneratu dugula iruditzen zait.

Kirol erakundeek, klubek, federazioek, instituzioek, kirolariek, komunikabideek eta abarrek, handiek zein txikiek, nolabaiteko ardura dugu gure herri nortasunaren alde egiteko. Beti gertatzen den eran, gure herriaren alde egiten dugunean, kirola politizatzen ari garela leporatzen digute, egunerokotasunean, berriz, kolonoen lege eta araudiak inposatzen dizkigutenean, ez ei da kirola politizatzen.

Euskal Herriak independentzia lortu arte Euskal Herriko selekziorik modu normalizatuan ikusiko ez dugula uste dut, baina oker egotea nahiko nuke. Hala ere, kolonizaturik gauden bitartean, Euskal Herriko kirol erakunde desberdinek, bakoitzak bere ardura mailaz, gure identitatearen eta nortasunaren alde egitea nahiko nuke, eta egiterik ez badago, behintzat, biderik ez eman nortasun eta identitate arrotza normalizatzeari eta inposatzeari.

Egungo nazioarteko kirol dinamiken bitartez, gure gazteek frantziar eta espainiar federazioetan egiten dute kirol soldaduska. Ondoren, armada arrotzetan borrokatzeko. Gehiegitan, tamalez, Euskal Herrian bertan, bertako kirol erakundeek antolatuta eta diruz lagunduta.

Zer litzateke ahalegin horiek guztiak Euskal Herriko selekzioak antolatzen eta bultzatzen egingo balira? Zer litzateke gazte horiei guztiei Euskal Herriko selekzioaren aldeko sentimendua, ahalegina eta maitasuna emateko aukera eskainiko bagenie?

Nazioarteko kirolari dagokionez, aurrerapen galanta egingo genukeela iruditzen zait hurrengo 25 urteetan frantziar zein espainiar nazioarteko kirola bultzatzea eten, eta Euskal Herriko selekzioen alde azken 25 urteetan selekzio arrotzei emandakoaren erdia emanez. Baina azken 25 urteetan ikusitakoaren arabera, euskal politikariak frantziar zein espainiar botere erakundeetatik zenbat-eta hurbilago izan, Euskal Herriko selekzioak urrunago daude.

Naziogintza urrats txikiz zein handiz landu behar dugu, eta dugun arduraren arabera, neurri bereko urratsak egin. Euskal Herriaren desagertzea ekidin nahi badugu, erakunde, legedi, araudi eta ikuspegi arrotzetan katramilaturik ibili ordez, haiekiko jarrera intsumisoak landu beharko ditugu kirolean zein bestelako esparruetan. Euskaldunok ez dugu beste biderik hartzeko aukerarik, Espainiaren eta Frantziaren aurrean jarrera intsumisoak landu, edo gure herria desagerpenera bidean jarriko dugu.

Etorkizuneko 25 urteetan, kolonizaturik gaituztenen nazioarteko kirola elikatzen jarraituko dugu? Ditugun baliabide eta ahaleginak haien mesedetara bideratuko ditugu? Gure kirolariei ez diegu euskal sentimendua nazioartean zabaltzeko aukerarik emango? Ez dugu aukera horiek lortzeko baliabide nahikorik jarriko? Nazioartean lehiatzeko aukera eta bidea armada arrotzekin lehiatzea izango da? Euskal kirolariak Frantziara eta Espainiara bidean jarriko ditugu?

Iruzkina: euskal pilotaren erabakiaren kasua, jada beranduegi datorren salbuespena izanik ere, berri pozgarria izango da zirrikitu horretatik euskal pilotariei elkarrekin, Euskal Herria ordezkatuz, jokatzeko aukera ahalbideratzen bazaie. Erabaki hori gauzatzeko ahalmena duten erakundeek borondatea eta ausardia apur bat izanez gero, ez dut, hala izateko, aparteko zailtasunik ikusten. Euskal pilotariek elkarrekin jokatzea lortzeko, Irlandako Errugbi Federazioaren kasua aztertu, hari jarraitu eta gurera ekarri dezakete, bertan, Ipar zein Hego Irlandako jokalariek elkarrekin jokatzen baitute.

2027. urtean 20 urtez azpiko Munduko Errugbi Txapelketa Euskal Autonomia Erkidegoan jokatzeko Eusko Legebiltzarrak abendu amaieran onartutako proposamenaren inguruan, berriz, hainbat zalantza sortzen zaizkit. Herrigintza ikuspegitik, onurarik al du gure herria ordezkatua izango ez den munduko txapelketa bat gurean antolatzeak eta euskal herritar askok ordaintzeak? Nork aterako dio etekin politikoa horrelako txapelketa bati, Euskal Herrian jokatzen dela aldarrikatzen eta bisitariak konbentzitu nahian ibiliko garenok, edo Espainiako Errugbi Federazioaren eskutik etorriko den Espainiak eta bere bozgorailu guztiek? Tankerako txapelketen antolaketetan nork du benetako boterea, agintea, indarra? Kolonizatutako eta antolatu gabeko nazioak, edo munduaren begietara antolatuko duen estatuak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.