Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez

2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Bihar, urriaren 7an, eguerdian, Elgetan ospatuko dugun ibilaldi batera dei egiten dugu Elgetako Udalak eta Frankismoaren Aurkako Kereilen Aldeko Euskal Plataformak, Euskal Herriko memoria elkarte gehienak batzen dituena, bertan aldarrikatuko ditugularik Justizia, Egia, Ordaina eta Ez Errepikatzeko bermeak, horiek baitira gure lelo nagusiaren zutabeak: Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez.

Gaur, inoiz baino gehiago, beharrezkoa dugu batera mobilizatzea kolpe militar faxista hura eta haren ondorioz gure euskal lurretan eta Estatu osoan inoiz bizi izan dugun errepresiorik latzena sekula salatu ez dituzten entitate eta pertsonek eragiten duten errepresio eta mehatxuak bukatzeko.

Berriro ere, kapitalisten, lur-jabeen eta banketxeen zerbitzura dauden horiek behartu nahi gaituzte, zentzugabekeriaz eta indarrez, oraindik ere are zentralistagoa den estatu eredu batera, neoliberalismo gordinena gutxiengoaren zerbitzuan eta herritarren gehiengoaren aurka ezarriaz gastu sozialen nahiz hainbat eskubideren murrizketen aginduekin.

Hori guztia ez da gertatu kasualitatez. Txarto esandako trantsizio politikoari esker Estatuko aparatuak garbitu/desegin ez izanak demokrazia sortu berriak frankismoaren aparatu judizial eta zapaltzaile guztia jaso zuen, establishment politiko espainiar berriak printzipio frankista asko bereganatzen zituelarik, konstituzioan bertan txertatuaz eta 40 urteko diktadura hiltzaileari inongo erantzukizunik exijitu gabe. Horrela, 1936ko kolpe militarra gertatu zenetik pertsona askok izan duten eta oraindik duten zigorgabetasunak aukera asko eman die sariak, maila-igoerak nahiz bestelako onurak jasotzen jarraitzeko.

Baina hala eta guztiz ere, aukera erreala dago frankismoaren aurka eta oraindik bizirik dauden frankisten aurka sozialki, politikoki eta auzibidez jotzeko, hainbat ekintza egin direlarik bai estatu mailan eta baita Euskal Herrian erakunde memorialisten lanei esker. Aukera hori Argentinako Errepublikan ere zabaldu berria zaigu, María Servini de Cubría epaileak, Buenos Aireseko 1. Epaitegiko titularrak, aurrera daraman 4591-10 kereilaren bidez.

Magistratu horrek, preskribitzen ez diren genozidioaren eta gizateriaren aurkako krimenei aurre egiteko Justiziaren printzipio unibertsalean oinarrituta, frankismoaren aurkako prozesu bat dauka abian, 1936ko altxamendu militarretik 1977ra bitartekoak jasotzen dituena. Kereila horri ehunka auzi jartzaile partikular ari zaizkio batzen, baita zenbait motatako erakundeak ere, bai Argentinakoak, Espainiar Estatukoak eta Euskal Herrikoak ere.

Horregatik, zazpi hilabete luzetan Intxorta mendietan tropa faxisten aurrerakada geldiarazi zuten errepublikano, abertzale, sozialista, anarkista, komunista… joera politiko guztietako gudari, miliziano eta emakume haiek izan zuten duintasun berberaz, Intxortako Atean ekingo diogu duintasun etiko eta politiko berbera aldarrikatzeko ibilaldiari, ezeztatzea nahi duen edozein botere arbuiatuaz.

Honako talde hauek egin dute deia: Frankismoaren Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataforma: Altafaylla Kultur Taldea, CNT Euskal Herria, Durango 1936 Kultur Elkartea, Euskal Memoria Fundazioa, Eusko Lurra Fundazioa, Egiari Zor Fundazioa, Garraxika Taldea, Gernika Batzordea, Goldatu Elkartea, Intxorta 1937 Kultur Elkartea, Lau Haizetara Gogoan Elkartea, Martxoak 3 Elkartea, Oroituz Andoain 1936, Sare Antifaxista, Genozidio Biktimen Elkartea, Sanfermines 78 Gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.