Frankismoaren krimenak, Martin Villa eta Argentinako kereila

Miren Egaña, Aitor Garjon, Amaia Kowasch eta Piru Zabalza
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Komunikabideek barra-barra zabaldu dute berria. Argentinako Kasazio Ganberak atzera bota du CEAQUA Argentinako kereila sostengatzeko estatuko koordinadorak Martin Villaren auzipetze autoa ezeztatzearen aurka paratutako errekurtsoa. Auzipetze autoa Servini epaileak eman zuen. Nolanahi ere, komunikabide handien titularrek aditzera eman dute horrek ministro ohiaren errugabetzea eta erabateko garaipena ekarri duela eta, argi eta garbi, porrot izugarria gizateriaren aurkako krimenen egile gisa akusatzen zutenena. Baina gauzak ez dira horrela. Ikus dezagun.

Has gaitezen hastapenetik. Argentinako kereila makro-kausa bat da, hainbat pertsonak maila indibidualean eta memoria elkarte zenbaitek aurkeztutako mila kereila eta salaketa inguru biltzen dituena. Justizia eskatzeko mila ekimen, lehenago Espainiako epaitegietako murruen kontra jo zutenak. Justizia unibertsalaren printzipioak Argentina, Txile, Guatemala edo El Salvadorko kriminalei aplikatzen zalantzarik izan ez zuten epaile berberek erabateko ezetza eman zioten krimen frankistengatik paratutako kereilak izapidetzeari: erailketak, desagertzeak, adingabekoen lapurretak, lan esklaboa, ondare espoliazioak, espetxeratzeak, torturak... «Bertzeendako azkarki badakite, baina berendako ez» erraten omen zuten togadun jaun-andreek.

Kereila argentinarra Maria Servini de Cubria epailea ari da izapidetzen, Buenos Airesko Krimen eta Zentzate arloko 1. Epaitegi Federaleko titularra bera. Haren eskumenak Argentinako lurralde osoa hartzen du eta, gainera, hauteskunde eremuko instantzia judizial gorena da lurralde horretan. Erran nahi baita, ez garela tokian tokiko bake epaitegi txiki batez ari, justizia argentinarraren maila goreneko instantzia batez baizik.

2013an eta 2014an, lau urtez ikertu ondoren, Servini epaileak 22 kargu eta erantzule polizial frankista goren inputatu zituen gizateriaren aurkako krimenen arloko hainbat heriotzarengatik. Haien artean, zenbait ministro frankista ohi, polizia eta guardia zibil, militar, epaile... zeuden. Horietako batzuk jada hilik daude (Billy el Niño, Utrera Molina, Licinio de la Fuente...) baina bertze batzuek bizirik segitzen dute (Martin Villa, Jesus Muñecas guardia zibilaren kapitaina, Fernando Suarez ministro ohia....), ohore handien eta ondare, pentsio eta errenta garrantzikoen titularrak direlarik.

Garrantzizkoa da aurrekoa azpimarratzea zeren, kereila argentinarrarekin lotutako azken egitate nabarmenak Martin Villaren inguruan zentratu badira ere, arestian aipatutako inputazio guztiek hor segitzen baitute eta bertze batzuk (1978ko sanferminetako erantzule politiko eta polizialak) aribidean daude, ebazpenaren zain.

Inputazio horietatik, Martin Villaren kasua maila prozesal goragoko batera pasatu zen 2021ean, epaileak ulertu baitzuen hari zegozkion hamabi heriotzatatik laurengatik (Gasteizko martxoaren 3a eta 1978ko sanferminak) maila kriminalean auzipetua izan behar zela. Nolanahi ere, inputaturik segitzen zuen gainerako zortzi heriotzengatik (1977ko amnistiaren aldeko astea, urte bereko Madrilgo aste beltza...), aurrerantzean maila penalean ondorioztatzen ahalko zenaren zain.

Marin Villak errekurritu zuen auzipetze auto hori eta Apelazio Ganberak bertan behera utzi zuen, ebazpena hartzeko aski froga ez zela iritzita, baina —eta hau oso inportantea da— kasua baliogabetu edo artxibatu gabe. Aitzitik, Serviniri eskatu zitzaion ikertutako egitateetan gehiago sakontzeko. Hau da, Martin Villak inputaturik segitzen zuen 12 heriotzagatik, gizateriaren aurkako krimenen testuinguruan larriagotuta. Eta horixe da gaurko egoera, Kasazio Ganberak emandako azken ebazpenaren ondoren.

Kereila argentinarra da munduan bakarra frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko krimenengatik irekita. Bakarrik horregatik, estatu espainiarreko demokrata guztien eta justizia maite dutenen sostengua eta begikotasuna beharko zuen. Alabaina ez da horrela. Krimen horiek estali zituen isiltasun eta inpunitate harlauzak hedabide, politikari, erakunde eta epaitegien sostengu handiak izaten segitzen du. Hala eta guztiz ere, partida bukaeraraino jokatu behar da. Inoiz karta txarrak heldu dira eta bertze batzuetan hobeak, baina sekula ez dugu mahaitik altxatu behar jokoa denartean. Bertolt Brechtek errana: «Gaurko garaituak biharko garaileak dira... Segurua ez da segurua». Pazientzia hartu.

Atsedenaldian gaude. Bigarren zatia falta da eta ados gaude. Inputazioek hor segitzen dute, baina auzipetze golak berandutzen ari dira. Zeregina ezinezkoa dela erraten digutenei erraten diegu ezen, duela 12 urte kereila aurkeztu genuenean inork ez zezakeela pentsa horren urrutira iritsiko zela; kereila Argentinan onartuko zutela horrenbertze danbateko hispanoren ondoren; 22 inputazio izanen zirela goi mailako kargudun frankisten kontra; haien estradizioak eskatuko zirela eta nazioartean auzitan paratuko zela inpunitate politika espainiarra; Martin Villa, errepresio frankistaren capo di capi auzipetuko zutela... Eta horretan gaude. Partidak segitzen du. Golak iritsiko dira.

Justiziaren eskakizuna, Egia, Ordaina eta Ez Errepikatzeko bermearekin batera, memoria historikoaren funtsezko lau hanketatik bat da. Horietako batek huts egiten badu, gainerakoak ukituak suertatuko dira eta aulkia kulunkatuko da. Justiziaren eskakizuna ez da gutxietsi edo abandonatu behar, ez Espainiako estatuan, ezta Argentinan ere. Bukaeraraino haren alde borrokatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.