Urtero-urtero, apirilaren 14an, Espainiako 1931ko II. Errepublikaren aldarrikapena gogoratzeko, Eibarren oroipen ekitaldiak egin ohi dira. Iaz PSE-EEkoek antolatutakoan egoteko aukera izan nuen baina, zoritxarrez, bertan ikusitakoak tristura besterik ez zidan eragin. Oroitzapen ekitaldi guztiek errespetu osoa merezi badute ere, egun horretan alderdi sozialistako kideen oihuak entzuteak —«Gora II. Errepublika…»— izugarrizko pena eta amorrua sentiarazi zidala adierazi behar dut, ondoren adieraziko dudanagatik.
Bi arrazoigatik, sasoi hura eta ondorengo gertaera ilun guztiak oso presente izan ditut beti nire bizitzan. Horregatik, txikitatik askotan entzundako II. Errepublika garai inportantetzat jo izan dut beti. Alde batetik, orduko Azpeitiko sozialista bakarrenetakoa zen nire aitxitxak, behin eta berriz, II. Errepublikaren defentsan sufritu zuen guztia jaso izan nuelako (heriotza-zigorraren kondenapean igaro zituen 386 gau beltz lazgarriak, erbestealdia...); eta, bestetik, nire ama II. Errepublikaren aldarrikapenarekin batera jaio zelako (lau egun lehenago).
Aurten 50 urte beteko dira Europako historia modernoan egon den hiltzaile eta genozida handienetako bat hil zela. Franco diktadorea, demokratikoki bozkaz (sufragio unibertsalaz) aukeratutako gobernu eta sistema politikoaren kontra altxatu zen. Baina hura, XX. mendeko beste diktadoreak ez bezala, urte luzez iraun eta urte luzez sufrimendua eragin ondoren, ohore handiz zahartuta ohean hil zen. Hori bai, dena ondo lotuta utzi eta gero hil zen: urteetan eraikitako egitura juridiko, erlijioso, militar eta polizialak hain zuzen ere. Eta egun batetik bestera, diktadurako egitura zapaltzaile eta menperatzaileetako kideak (horietako gehienak aurreko urteetan asko lapurtu eta ondo aberastutakoak), demokrata eskuzabalak bihurtu ziren. Are gehiago, gerra batek suntsitutako Errepublika bezalako sistema demokratiko bidezkoagora bueltatu beharrean, Francok bere erara bideratutako herentzia jasaten jarraitzen dugu mende erdia igaro ondoren ere.
Horiek horrela, 50 urte ez al dira urte asko «Gora II. Errepublika» oihukatu edota «Eibar memoria tokia» izendatzeaz gain, zerbait gehiago egiteko? PSOE-PSEko kideek zer egin duzue boterean egon zareten urte guztietan, Errepublikaren balioak eta egiturak berreskuratzen saiatzeko? Nola liteke, Espainian egon den kriminal edo hiltzaile handiena hil zenetik mende erdia pasatu ondoren, oraindik diktadore berak ipinitako sistema monarkikoa zuritzen eta babesten jarraitzea? Agian, uste izango duzue oraindik ere umeen ipuinetarako eredugarri izan daitekeela diru publikoa xahutu eta lapurtu besterik egiten ez duen instituzio ustel-zaharkitua?
Memoria berreskuratzearen alde zaudetenok, nolatan mantendu dezakezue indarrean 1969ko Sekretu Ofizialen Legea, horiei esker milaka gertaera mingarri (erailketak, torturak,...) argitzen lagunduko litzatekeela jakinda?
Nola liteke estatu ez-konfesional batean, oraindik Elizari oparitu zitzaizkion pribilegioekin jarraitzea? Nola da posible 1953an espainiar estatu frankistak Vatikanoarekin izenpetutako eta 1979an berretsitako itun lotsagarri horiei eustea? Izan ere, gaur-gaurkoz, eskola publikoan Erlijioa arloa derrigorrez eskaini behar da, baita ikasle bakar batek aukeratzen badu ere (Erlijio saioak eskolan jasotzeko pribilegio guztia du). Noski, dena delako erlijiotako irakasle guztien mantenua (milioika euro) denon zergetatik ordaintzen da, beraien aukeraketa dagokien erlijioetako agintarien esku dagoela agerikoa izan arren.
Nola liteke gizartearen erdia hezkuntzako sare publikoan eta beste erdia sare pribatu-itunpekoan (Kristau Eskolak, Ikastolak,Deutsche Schule,...) banatzearekin ados egotea? Europar Batasun osoan Belgikak baino ez du gainditzen EAEko pribatizazio-indizea. Ikasle zaurgarrien %67 eskola publikoan matrikulatzen direla eta horrek segregazioa eta gizartearen banaketa eta desoreka besterik ez duela bultzatzen jakinda, PSEko kideek nola onartu duzue 2023ko Hezkuntza Lege berria? Oinarrian, eskola publikoa eta pribatua ia berdintzen dituen lege bat!
Zer esango ote lukete II. Errepublikaren defentsan hil ziren guztiek, errepide-ertzetan edo fosa-komunetan eraildako eta desagerrarazitako milaka eta milaka pertsonek, mende erdia igaro ondoren, sozialistek sistema-politikoa aldatzeko inongo ahalegin berezirik ez duzuela egin ikusiko balute? Francok inposatutako eta berak herentzian utzitako botere erlijioso, judizial eta polizialaz aparte, monarkia bezalako erakunde anakroniko eta atzerakoiak jarraitzen duela ikusiko balute?
Non gelditu dira II. Errepublikan lortutako balio eta eskubide demokratiko aurrerakoiak? Noizko osasun publikoaren indartze erreala? Noizko, Europako herrialde gehienetan bezala, hezkuntza publikoa erdigunean jartzea? Noizko errege, printzesa edo markesik gabeko gizarte berdinagoa? Noizko sinismen erlijiosoetatik urrundutako estatu laikoa?
Beranduegi izan baino lehen, Francoren oinordeko zuzenak bularra ateratzen eta beraien mezu atzerakoiak normalizatu nahian dabiltzan garai arriskutsu hauetan (mundu mailako joera orokorra), ea 1931n gure aitxitxa-amamek amestu eta lortu zuten gisara ‒urte gutxi eta gatazkatsuegiak, zoritxarrez‒, 2031rako III. Errepublikaren aldarrikapena gauzatzeko gai zareten. Eta, ahal badu, nire amak ikus dezala!