Donostian, faxistak sartu zirenean, 1936ko irailaren 13an, mota guztietako krimenen Pandoraren kutxa ireki zen. Horren lekukoa da Goikoa Jauregiaren aurrean aurkitzen den monumentua, zeinak 400 hilketari baino gehiagori buruz hitz egiten digun. Haietatik bat Hipolito Berasategi Alcalde izan zen, Pepi Berasategiren aita, une hartan Donostiako Lizarriturry fabrikan lan egiten zuena, ezkondua eta bi seme-alabaren aita.
«Por Dios y por España» deiadarra ahoan zuten haiek ez zuten denbora asko galdu Donostian bizi ziren, hiria hustu ez zuten eta aurretik kontuak zituztenekin kontuak kitatzeko. Donostian, ezagun denez, uztailaren 18ko estatu kolpeak porrota jasan zuen, eta, dudarik ez, horrek eragina izan zuen frankistek hiria okupatu ostean antolatu zuten errepresioan.
Hipolito Berasategi izan zen errepresio hori jasan behar izan zutenetako bat. Berez, Hipolito ez zen nabarmendu bere jardun politikoarengatik. Ezkerreko gizona zen, hori bai, baina, teorian, ez zuen beldurrik izan behar frankisten aurrean. Baina ez zuen kontuan hartu halakoetan larria izan litekeen arrisku handi bat: inbidiek bultzatutako salaketak. Hipolitoren emazteak eta beste senide batzuek ezagutu ere egin zuten Hipolitoren atxiloketa eragin zuen pertsona, izen-abizenekin. Garai haietan zigorgabetasun osoko salaketa horiek saritu ere egiten ziren, eta askotan salatzaileek lau haizeetara aldarrikatzen zituzten beren balentriak.
Hipolito, faxisten sarreraren hurrengo hilabetean, 1936ko urrian atxilotu zuen Guardia Zibilak, lan egiten zuen fabrikan, eta Ondarretako espetxera eraman zuten. Han, errepresio frankistako kasuetan ohikoa zen eszena bat errepikatu zen: azaroko egun batean, Hipolitoren emazteari, zeina preso zuen senarrari eguneroko janaria eramatera joana baitzen, presoa «askatu» egin zutela esan zioten. Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagunak izan ziren «askapen» horien benetako esanahiak. Hipolito ez zen berriro azaldu, eta haren familiak azkar onartu behar izan zuen errealitate gordina: Hipolito eraila izan zela.
Hortik aurrera, «gorri separatistentzat» erreserbatua izan zen kalbario latz bat ezagutu izan behar zuen Hipolitoren familiak. Pepi Berasategik ondo kontatzen zuen ibilbide hori: mespretxuak, diskriminazioak, familia aurrera eramateko zailtasunak, hildakoaren anaiaren (ideologia frankista zuen fraidea) gorrotoa eta hilketa horren aurrean hark erakutsi zuen hoztasuna. Fraide hark esan zien ziur aski Hipolitoren gorpua ez zutela inoiz berriro ikusiko. Garai hartako frankismoaren aurrean Eliza katolikoak edo haren zati handi batek izan zuen jarrera onartezinaren beste zantzu bat. Errepresio basati horren beste alde bat kontatzen zigun Pepi Berasategik: hizkuntzaren errepresioa. Pepi eta bere senideak garai latz hartan harro sentitu ziren beti beren euskalduntasunaz, eta Donostiako Genozidio Frankistaren Biktimen Elkartean (bera izan zen urte askotan presidentea) berarekin lanak partekatu ditugunok asko baloratu dugu Pepiren alde hori: kriminal haientzat, eta gaur egun ere haien ideologia partekatzen dutenentzat, adibidez «Espainia hausten ari dela» gaur egun aldarrikatzen dutenentzat, euskara zen eta da elementu defentsibo eta asimilaezina den identitate baten adierazle bat.
Denbora pasatu ahala, Memoria Historikoaren inguruko taldeak antolatzen hasi zirenean, Pepik oso garbi izan zuen, hasieratik, mugimendu horren beharra, eta Donostiako taldean sartu zen, Avicgen, presidente izateraino. Garai haietatik Pepik kontatzen zuen Donostiako alkate Odon Elorzaren aroa, eta alkate haren errefusa frankismoaren aldeko biktimentzat monumentu bat egiteko. Kuriosoa da ikustea Espainiaren batasunaren kontra —ETAk hain zuzen— borrokatu zirenen biktimek bazutela beren omenezko monumentua, baina ez Espainiaren batasunaren alde —frankistek— borrokatu zirenen biktimek. Azkenik, Donostiako alkate abertzale baten, Juan K. Izagirreren, etorrera itxaron behar izan genuen frankismoaren biktimen behar eta nahi hori asetua ikusteko, Goikoa Jauregiaren aurrean dagoen monumentua, hain zuzen. Hori egin zenean Pepirentzat (eta hainbeste errepresaliaturen senideentzat ere bai) egun handi bat izan zen. Lehenengo aldiz ikusi zituzten eraildako senideen izenak plaka batean, Donostiako toki publiko batean idatzita.
Azkenik, Hipolito Berasategiren gorpuzkiak aurkitu dituzte. Zoritxarrez, une hau ez dute biziko ez Hipolitoren emazteak, ezta bere seme Felipek ere, haiek hilak baitaude dagoeneko. Ezta Hipolito ezagutu zuten senide eta lagunek ere, arrazoi biologikoengatik aspaldi hilak baitira. Baina bai Pepik. Donostiako Frankismoaren Biktimen elkartean Pepi ezagutu dugunok, ezagutu dugu, ondo ezagutu ere, Pepiren bultzada, kuraia eta kemena, eta une honetan zera esan nahi dugu: eskerrik asko, Pepi, erakutsitako ereduarengatik! Eta zurekin nahi dugu partekatu, zure aitaren gorpuzkiak jasotzerakoan izandako penarekin batera, dudarik gabe sentituko duzun poz hori.