Egun hauetan Donostiako Goikoa Jauregiaren aurrean frankismoaren biktimen omenez eraikitako monumentuaren inguruan polemika ireki da. Alde batetik, eskuin eta eskuin muturreko ideologia duten pertsonek, kasu batzuetan eta okertu gabe ideologia frankistakoak kalifikatu ditzakegunak eta ia kasu guztietan Euskal Herriaren naziotasunaren kontzeptuaren aurka daudenek osatutako talde batek, Donostiako alkateari, Eneko Goiari, eskari publiko bat luzatu die, zeinak alde faxistarekin lerrokatu ziren eta Altxamendu frankistako lehenengo hilabeteetan Donostian hilak suertatu ziren pertsonen izenak monumentu horretan azaltzea eskatzen duten. Testuinguru horretan, bi idazki agertu dira Gara-Naiz egunkarian, lehenengoa, Quo-vadis? Anasagasti, Dan Alvarez Prieto jaunarena, frankismoak errepresaliatuen senidea. Idazki horri Iñaki Anasagasti jaunak egun batzuk beranduago bere Quo vadis?, sigo donde siempre-rekin ihardetsi zion.
Polemika horren aurrean eta frankismoak errepresaliatuen senidea naizen aldetik, Donostiako Memoria Historikoaren alorrean bete ditudan karguen aldetik eta Donostiako Frankismoaren Biktimen Elkartean, AVICGE-n, izan dudan partaidetzaren aldetik, hurrengo adierazpenak nahi nituzke egin:
Hasteko, eta zalantza eta erreserbarik gabeko moduan, eskuin eta eskuin muturreko taldearen eskaria guztiz gaitzetsi nahi dut. Bere ideologia, nahiak eta helburuak kristala bezain gardenak dira eta ez dute inor engainatzen. Memoria Demokratikoaren legeak eta gaurko giro politikoak (oraingoko estatuko gobernuaren osaketak, adibidez) ideologia frankista duen talde honi min latza egiten diote, eta ekimen honekin efektu horien desaktibatzea bilatzen dute, une honetan estatuko hainbat tokitan PP-Vox memoria historikoaren inguruko lege proposamenek bilatzen duten bezala. Hori salatzen du Alvarez jaunak eta ni guztiz bat nator berarekin.
Gero, Alvarez jaunaren eta Anasagasti jaunaren artean sortu den ika-mikan, azaldu behar dut nire iritzia, ñabardurak ñabardura, guztiz bat datorrela lehenengoaren iritziarekin.
Hori esanda, komenigarria da esatea Anasagasti jaunaren iritzia errespetatzen dudala eta ez diot galdetuko ez berari ezta bere alderdiari ere, EAJ-ri, quo vadis? Beste arrazoi batzuen artean alderdi hori eta bera, Anasagasti jauna ere, non dauden eta nora doazen aspalditik banekielako. EAJ oso aktiboa izan da eta da ETAren biktimen alde, adibidez, baina benetan gutxi egin du frankismoaren biktimen alde, batez ere alor sinbolikoan, Donostian bederen. Gogoratu besterik ez dago Goikoa Jauregiko monumentua EH Bilduko udal batek egin zuela eta EAJren udalek (asko izan dira Donostian) ez zuten inolako interesik azaldu haren eraikuntzan. AVICGE elkartea mugitu zenean, monumentuaren eraikuntzaren alde ez genuen entzun ez oraingo talde frankista horren ahotsa, ez EAJrena, ezta Anasagasti jaunarena ere. Eta orain, monumentua egina dagoenean, batzuk gogoratzen dira haren existentziaz, hain zuzen bere biktimen zerrenda hain luzea izaten lagundu zutenen izenak gehitzeko. Guztiz kuriosoa. Bestaldetik, eskuin frankistak (gaur egun PPk —eta Voxek— modu oso egokian ordezkatua) historikoki frankismoaren krimenen inguruan egin duen lan zuritzailearen kontrako salaketa egitea inoiz ez da izan EAJren lehentasunezko helburua.
Gero, Anasagasti jaunak bere ideologia, baloreak, giza ikonoak, azaltzen dizkigu. Guztiz errespetagarriak, jakina, baina ezaguna denez balioak ez dira derrigorrez unibertsalak. Nireak, nire aitak, ANVko Eusko Indarrako kapitaina izan zenak, helarazi zizkidanak, faxismoari aurre egitearena, euskal nazioaren suntsipena bilatzen duen espainolismoari aurre egitearena, askatasuna defenditzearena, euskal nazioaren defentsarena, euskara eta euskal kulturaren defentsarena izan ziren. Balio horiekin buruan, nire aita Asturiasen izan zen, Kandido Sasetaren agintaritzapean, eta hor, ideia horien defentsan, zauritua izan zen. Ideia berdinekin ere izan zen Asturiasen bere lagun mina, Joxe Azurmendi Goikoetxea, hau ere Eusko Indarrako kapitaina eta faxistek Larrinagako kartzelan eraila, fusilatua. Joxek, Goikoa Jauregiko monumentuaren zerrendan agertzen denak, ikarak izango zituen bere hilobian jakingo balu bere heriotza bidegabea agindu zutenak eta orain Goikoa Jauregiko monumentuan jartzeko proposatzen diren izen berri horiek talde ideologiko berekoak direla.
Goikoa Jauregiko monumentua ez zen «Gerra Zibila»-ren heriotza guztien omenez eraikia izan, frankismo kriminalaren biktimak, eta horiek bakarrik, omentzeko baizik. Eta eskubide osoarekin eta oso, oso berandu ere, esan behar dut. Besteak, monumentuaren zerrendan orain batzuek gehitu nahi dituztenak, 40 urtez (eta gehiago) «Jaungoikoarengatik eta Espainiarengatik erorien» zerrendetan omenduak izan ziren, batzuek hori ezkutatu nahi badute ere. Bestaldetik, ez da ahaztu behar izen berri horien artean Loiolako kuarteletako gertakarien parte hartze zuzena izan zutenak, hau da, kolpistak izan zirenak, edo konspirazioan modu batean edo bestean nahastuak ibili zirenak edo estatu kolpeari estaltze ideologikoa eman ziotenak daudela. Horiek guztiak ez ziren borrokatu demokrazia baten alde, Euskal Herri aske baten alde, justu kontzeptu horien kontra baizik. Eta ideologia hori da orain, Memoria Demokratikoa bezalako legeekin, guztiz arbuiatua gelditzen dena. Eta donostiar talde ultraeskuindarrak esaten duenaren kontra, ekimen honekin ez du «adiskidetzea» bilatzen, bere ideologiaren kontra doazen legeen eta giroaren deuseztapena baizik.
Berdin egin dute donostiar talde honen ideologiarekin bat datozen alderdi politikoek, hau da, PP-Voxek, estatuko zonalde batzuetan, hala nola Aragoin, Valentzian, eta abar, lehenago eta beste gehiengo politikoekin, ezkerreko gehiengoekin hain zuzen, onartutako Memoria Historikoko legeen aurkako ekimenak eta kontralegeak aurkeztuz. Hain izan ziren eskandalagarriak ekimen horiek, ezen PSOEko gobernuak gaia NBEra eramatearekin mehatxatu baitzuen. Eta donostiar talde ultraeskuindar honen ekimenak zentzu eta norabide berdina du.
Talde ultraeskuindar honek, gure herrian benetako «adiskidetzea» bilatzen badu, badu ekimen interesgarri batzuk egiteko aukera. Adibidez, herri honetan azken 60 urteetan mota desberdinetako indarkeriek utzitako zauriak sendatzeko asmoz, monumentu desberdinetan aurkitzen diren ETAk hildakoen zerrendei izen batzuk gehitzea, GALek hildakoen izenak edo torturapean hildakoen izenak. Ekimen interesgarria benetan bide horretan zerbait eraikitzailea egiteko.