Benetan eskertzen diegu Apaiz kartzela zinemara eraman dutenei. Diktadurako milaka atxilotuen ondoan Zamorakoa talde txikia da, 53 lagun soilik, baina bai aipagarria. Abade kartzela munduan bakarra izan da. Baina, adi! Non eta Erregimen hiper-katolikoenean, Nacional Catolicismoa sortu zuenean. Denbora laburrean, 1968tik 1975era bitartean, ekintza gogorrak bizi izan zituen: iheserako zuloa, eraikinari su ematea, eta hainbat gose greba eta zigor ziegak. Edozein ikusmiratatik begiratuta, betidanik erakarri du hedabideen atentzioa. Ez da harritzekoa zinera eramatea.
Altxamendutik gaurdaino Elizak eta Estatuak bat egin zuten, elkarri eutsiz eta elkar babestuz. Garaile irteten lagundu ziolako, pribilegioz hornitu zuen Francok Eliza. Konkordatua da beren hartu-emanen ituna. Kontradikzioz josita bada ere, akonfesionaltasunarekin adostearren makillaje baten ondoren Konstituzioan sartu zuten, eta bertan dirau. Monarkiarekin batera, Konkordatua da Francoren ondare bikainetakoa, sistemaren zutabe nagusiak biak.
Beraz, hasieratik amorru bizian ahalegindu ginen konkordatuaren ikurra zen kartzela salatzen eta ahal genuen neurrian apurtzen, ihes egiteko zuloa eginez eta azkenik su emanez. Ezin genuen jasan bi botereen artean gezurraz eta higuinaz sortutako espetxe maltzurra. Franco eta Eliza uztartu zituen kartzela zen. Francok eragindako errepresioaren neurria eman zuen. Kartzela gaitzesten bagenuen, ordea, ez zen bertako kondizio txarrengatik, baizik bere esanahi eta jatorri politikoagatik.
Abade oldartuek arrazoi askogatik ekin genion aurrez aurre frankismoari: euskara eta Euskal Herriaren izaera suntsitu nahi zituelako, langileriaren grebak gogor zigortzen zituelako, belaunaldi oso bat, milaka gazte, sistematikoki atxilotu, torturatu eta espetxeratzen zituelako. Eginahalak egin genituen, pulpitotik hasita, agiriak erruz, gose grebak eta itxialdiak, Deriokoa azkena. Oro har kondenatu genuen diktadura, Estatu-terrorismotzat joaz eta Eliza babesle gisa. Hitz batean, sistema politiko osoa eta Eliza biluzik laga genituen herri osoaren aurrean.
Jakina, halako oldartzea ondotxo ordaindu behar izan genuen geure larrutik. Isun piloa, zuzenean kartzelara garamatzana, bidean hamazazpi torturatu; hilabetetako eta urtetako atxiloketak. Zortzi epai militar sumarisimo hemeretzi laguni; hamaseiri hamaika epai TOP tribunaletan. Gose greba bategatik 10 eta 12 urteko zigorrak. Kartzelan gaixotu eta ardurarik ezagatik hila ere izan genuen, Nikola Telleria. Hura ere urruneko kartzela zen, kartzela diskriminatua, egoiliarrek ugaltzean, espazio eta instalaziorik ez; urritzean, berriz, azken aldera sei lagun, bizibide bakartiegi eta gogorra, Gaztelako hotz eta beroaldi larrienak lagun.
Tamalgarria da historia hau, diktadurako beste espetxeena bezala, isiltasun lotsagarrienean jausi izana. Egiteke dago presoekiko azterketa, torturekikoaren antzekoa. Ez Estatuak, ezta ere Elizak, ez dute kondenatu. Garaia da. Epaitegi frankisten sententzia eta kartzelak oro gaitzetsi behar genituzke, konkordatarioa barne. Memoriaren Lege berriak ere eskua sartu behar lioke. Nola ez?
Franco eta Eliza lotu zituen kartzela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu