Anekdotetan bizi gara, eguneroko pasadizoen segida soila den kontakizun mimetikoan. Errealitatea menturazkotzat ditugun gertaerez osatutako anekdotario hutsalaren bitartez pentsatzen, kontatzen eta ad-eternum erreproduzitzen dugu. Saretu gabeko fragmentuz irudikatzen dugu gure fikziozko kronotopoa. Ez da estrukturarik, ez da errebelaziorik, ez dugu logika formalaren silogismoen beharrik errealitatea interpretatzeko. Utikan pentsamendu dialektikoak eta sintesiak euskal abertzaletasunaren kanonetatik! Sorginkeria egon badago, eta ezbeharrak gertatu egiten zaizkigu, hara. Baina maite ditugu gure bazter fragmentatuak lanbroak ezkutatzen dizkigunean. Gaitz erdi, horrenbestez: euskal abertzaleok metonimian gara herri, sinekdokean gara min. Gure zatiketak eta alienazioak tropo gizarte errendatu gaitu.
Litoteak litote —eta itsu nahiak sortutako langarrak langar—, errealitatea bortitza eta setatia da gurean ere. Horretan ere ez dugu euskal herritarrok beste talde batzuekiko bentajarik, hain gara arruntak. Kultura eta nazio menperatu guztietan ohikoa denez, inperialismoaren bortxa pitzadurarik gabekoak egituratzen du gizartearen errealitate osoa: berdin partea zein totalitatea, eguneroko anekdotak zein sakontzat ditugun gaiak. Hala beste nonahi, nola gurean ere.
Euskal mitogintza postmoderno maskaradunak kontrako uste interesatua sozializatu nahi badu ere, egoera konplexuaren gordintasunak seinale eskandalagarriak bidaltzen dizkigu goizero notiziekin batera; eta irakurlea asaldatu egiten da hiperbolikoa den —eta masokismotik zerbait baduen— unean uneko erreakziozko harriduraz eta haserreaz. Espantua, hala, erresistentzia bizirik dagoen seinale bilakatzen da oraindik erabat narkotizatuta ez dagoen herritarrarentzat.
Metaforak aniztunak dira, eta alez ale —tantaz tanta— ageri dira egunkarietako tituluetan: Neo-frankismoaren zoru etiko paradigmatikoak gure askatasunaren aldeko gerran hildakoak zokoratzen eta iraintzen ditu (faxismoak aurrera darrai!). Arerioaren kartzela politikek mendekua dute helburu (kultura demokratiko eskasa haiena!). Administratzaile kolonialaren esanetara dagoen poliziak gure irakasleak zelatatzen ditu haien izenekin zerrenda beltzak osatzeko (hezkuntza politizatzeko saio ankerragorik!). Sozial-inperialismoak talka sinbolikoa irabazi du euskararen kosifikazio eta momifikazioaren auzian (futituak!). Delako zonifikazioak ala frankofoniak mugaz bi aldeetako euskaldunon hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratzen ditu etengabe (ez erra, erantzun alaia izango da gurea!). Sare industrialak ez du administrazio zatituaren berme nahikorik beharrezko duen nazioarteratzeko (hori bakarrik ote?). Metropolietako hezkuntza sistemetako kargudunek lotsagabe gogorarazten digute gure gazteen akulturazioan pauso irmoak ematen jarraituko dutela.
Argi da: konkretuak abstraktuak ez duen indarra du gure sutondoan. Begirada holistikoaren faltan kontuak puskak iratsita kontatzen dira. Fenomeno bakartuen interpretazio sakonak berekin dakarren epifaniak bermatuko ote du emantzipazioak derrigorrezkoa duen begirada kritikoa, askea eta osatua! Kontrako erara, erdibide neutroan ari direla saldu nahi diguten sasi zuhurrek —eta haien errealitatearen erredukzionismo atomizatuak— egunerokotasuna, praxi kulturala eta praxi politikoa bereizi nahi dituzte, hiru bektore edo espazio horien arteko erlazio estua indar bakartu eta bakan moduan sinbolizatuz. Anaforaren enfasiaren enfasiaz ideia formula hipnotikoa bihurtu dute, gainera: gure administratzaileen sakontasun gabeko hitzaldi irrazional eta kontraesankorrei erreparatu besterik ez dago.
Diskurtso hedatu horren arabera, politika norberaren ideologiari dagokion indar berdintzailea da; kulturak, berriz, idiosinkrasikoa, propioa, singularra, bitxia, desberdina dena azpimarratzen du, eta komunitatearen ondare kolektiboa da. Tradizioan itzal luzekoa da euskal pentsamendu kulturalistak eta politikoak banatzea. Gure zatiketaren beste adibide bat. Prozesu konstituientearen luzera gehiegizkoak ez dio sintesiari biderik egiten, eta gu etengabeko prozesu konstituientean murgilduta bizi gara.
Ez da, ordea, garai jakin bateko gizarte eta egitura politikoetatik kanpo gelditu daitekeen praxi kulturalik edo egunerokotasunik. Euskal kultur penintsulan ere, politikatik datoz eta politikara doaz egunerokotasuna eta kultura; euskaldunok ez baikara —oraingoz gure kaltetan— munduan aurki daitekeen arkadia pre-politiko bakar eta bakaneko kide.
Gauza desberdina da fenomeno arruntak edo kultur fenomenoak deskribatzea —almanakeak, inbentarioak, erregistroak, katalogoak egin eta ekintzak zerrendatu eta administratzea— ala herri bateko egunerokotasuna eta kultura trakzionatzen duten indarren nondik norakoak aztertzea. Interpretazio sakonak berekin dakar kultura zer den —eta zer ez den— zein indarrek erabakitzen duen azaleratzea eta eguneroko fenomenoak zein kondizio politikotan eta ekonomikotan ematen diren salatzea. Errealitatearen jabetza zuhur eta adoretsuak eskema horiek errotik irauliko dituen urratsak egitea esan nahi duen moduan. Horra letra larriz idazten den politikaren zeregin sakona.
Kulturaren betebeharrik funtsezkoena pentsaera librea bultzatzea eta herri xehearentzat ezezaguna dena errebelatzea bada ere, eskema prefabrikatu kokatuetan, boterearen erresonantzia kaxa errepikakor bihurtzen da kultura, administratu beharreko kontsumo produktu: ihes ederra, dekorazioa. Tamalez, ezagutza anekdotikoaren barnean, kontraesan sakon eta nabarmen hori ere ikusezina zaigu.
Fragmentuen sakontasunaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu