Foru nazioa eta herritarrak ahalduntzeko legea

2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Herriak independentzia nahi du; hala ez balitz, aspaldi ginen desagertuak. Hori horrela izanik, zergatik eskaintzen zaizkio behin eta berriz askatasuna lortzeko balio ez duten trikimailuak?

«Foru nazioa» da azkenaldian azaldu direnetako bat. Zer indar du horrek, estatua sortzeko gai izan diren nazioek baino handiagoa, txikiagoa? Espainiako Estatuaren menpe jarraitzea dakar? Misteriotsua dela diote batzuek; ez zaie arrazoirik falta.

«Foru nazioa» «gobernantza horizontala eta maila askotarikoa» omen da. Hitz politak dira horiek, baina menpekotasunean ez dute balio. Zapaldua eta okupatua dagoen herriak ez du gobernatzen; zapaltzaileak egiten du lan hori.

Berriro aipatzen zaio herriari Espainiarekin hitzarmen bat egin behar dela, baina hitzarmenak indarra duten bi aldeen artean egiten dira. Horietako batek hausten badu, bestearen indarra berriro azaleratzen da. Autonomia Estatutua ez da bete; Espainiak behin eta berriz hautsi du, eta beste aldean ez da indarrik azaldu.

Hitzarmenetan beti adosten da zer egin bi aldeetako batek hitzartutakoa hautsiz gero. Autonomia Estatutua «negoziatu» zutenean, ordea, ez zuten horrelakorik egin. Horrek erakusten du «hitzarmen» haren benetako izaera: inposizioa. Hor ez dago desleialtasunik; indarra duenak agintzen du, erabakitzen duena erabakitzen duela; besteari, berriz, obeditzea dagokio. Agindu horiek desobeditzen hasten denean hasiko da bere indar erakustaldia.

Estatu zapaltzaile bati indarrez egin behar zaio aurre; ondoren datoz, horretara behartzen duzunean datoz hitzarmenak. Aldebikotasunak ezin dira planteatu independentzia lortzen ez duzun artean; ordura arteko mugimenduek aldebakarrekoak izan behar dute.

«Herritarrak (EAEkoak, noski) Ahalduntzeko Legea» aurkeztu da egunotan Eusko Legebiltzarrean; beste trikimailu bat. Hau lortu nahi da lege horrekin: «EAEko euskaldunok gure etorkizun soziala eta politikoa erabaki ahal izango dugu. Beste lurralde batzuekin izango ditugun harremanak erabaki nahi ditugu, baina baita nola bizi nahi dugun ere: zein eredu sozial den egokiena, zein azpiegitura politika garatu nahi dugun, zeintzuk diren konpartitu nahi ditugun ikurrak». Zoritxarrez, euskaldunok ez gara ahaldun izan azken hamarkadetan.

Herritarrak ahaldundu nahi badira, ez da hori bidea. Ahaldunak izateko, ezinbestekoa da herri burujabe bateko kideak izatea. Nik ezin izango dut nire herria zapaldua dagoen artean. Boterea duenak ahal du; herritarrak ahalduntzeko modu bakarra boterea berreskuratzea da, independentzia lortzea.

Hori indarrarekin lortzen da; arrazoia izateak ez dakar, besterik gabe, independentzia. Joseba Ariznabarretak esana da Usurbilen 2010ean emandako hitzaldi batean: «Politikan ez da erabiltzen arrazoiaren indarra, indarraren arrazoia baizik».

Herriari ez zaionean garbi hitz egiten, zorabiatu egiten da, nora ezean eta etsipenean murgiltzen da. Independentzia lortu nahi bada, etengabe erabili behar da independentzia terminoa, argi, ozen, katalanek bezala; asmatu ala ez, askatasunerako bidea jorratu behar da. Aldiz, asmoak Espainiaren menpe jarraitzeko badira, argi esan behar zaio hori herriari, hark bere kabuz askatasunerako bidea egin dezan.

Bide hori egiteko iparrorratza, helburu estrategiko bakarra, gure herriaren indar guztiak biltzeko gai izango dena, independentzia da. Hori da borroka estrategiko bakarra, erabakimena etsaiaren erakundeetatik gurera lekualdatzen duelako. Hori da benetako jauzi kualitatiboa.

Gainontzeko borroka fragmentatuak (hizkuntzarena, hezkuntzarena, presoena) beharrezkoak dira, noski, baina independentziarenak du lehentasuna, azken horrek baitakar beste borroka guztien lorpenak finkatzea, betikotzea. Herriaren indarra erakundetu gabe dagoenean, borroka eta neke handiz lortutakoak aise desegiten ditu etsaiak.

Herritarrak ahaldundu nahi baditugu, independentzia lortu nahi badugu, erakunde propio bat behar dugu, erabakimena etsaien erakundeetatik bertara ekartzeko. Katalanek esan berri dute, Parlamentua osatu dutenean: «Parlamentu hau eta deskonexio demokratikorako prozesua ez daude Espainiako Estatuko instituzioen erabakien menpe». Ez da erraza izango hori betetzea, etsaia indartsua da, baina independentziarako bidea jorratzen hasiak dira.

Laburbilduz, katalanek aipatzen duten deskonexioa lortzeko, premisa batzuk errepikatu nahi nituzke, amaitzeko: independentzia izan behar da gure helburu nagusia, lehena eta urgentea; deskonektatutakoa beste leku batean konektatzeko egitura propio bat behar dugu, etsaiak beretu ezin duena, hau da, gobernu bat; lurraldea eta herria ere ezin daitezke bat baino izan; indarrez ezarri zaizkigun hiru lurralde eta hiru erritmo abiapuntutzat hartzea etsaiaren estrategia garatzea besterik ez da (gure askatasuna oztopatzeko asmatu bazituen, ezin ditugu aintzakotzat hartu).

Herritik sortuko den lidergo batek hasi behar du, premisa horiek kontuan izanik, benetako deskonexio baten bidea. Herri honek ez dio inoiz ezetz esan proposatu zaionari, eta bide horri ere bere indar guztiak eskainiko dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.