Flaubert aldarri

2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gustave Flaubert jaio zela eta bera oroitzeko bigarren mendeurrenaren karira (Ruan, 1821eko abenduak 12-Croisset, 1880ko maiatzak 8) duela gutxi haren Bibliomania izeneko narrazioa euskaratzerakoan literaturaren ikuspuntutik sortutako zenbait hausnarketa partekatu nahi dut hemen zurekin, balizko irakurle hori.

Flaubert bizi zen garaian, Frantzian giro politiko autoritariora eramaten zuten gertakizun ugari izan ziren. Luis Napoleon Bonapartek, Frantziako Bigarren Errepublikako lehendakariak, Napoleon III. bihurtzeko estatu-kolpea eman zuen. Horrek ondorio zuzena ekarri zuen literaturara ere, Victor Hugoren erbestealdia adibidez, eta, orokorrean, komunikabideen aurkako zentsura-giroa nabarmendu zen.

Esate baterako, 1853an, Goncourt anaiak (Jules eta Edmond) artikulu batengatik epaitu zituzten. Kaleko giroa islatu nahi izan zuten, besterik ez. Orduan Zolak ekarri zuen naturalismoa literaturara eta horrekin moral publikoaren eta gobernu-botereen aurka —baita ohitura onen kontra ere— egin zuelakoan, auzitara eraman zuten. Lau urte geroago Flauberti ere egoera bera egokitu zitzaion eta Madame Bovary eleberriagatikepaitegiko aulkira eraman zuten. Flauberten laguna zen Théophile Gautierek, «esaldi bakoitzarekin epaitegietara eraman nazaten» arriskatzen zela esaten zuen, edo Charles Baudelaireri, handik gutxira, 1857ko abuztuan, erlijio-morala iraintzea egotzi zitzaion eta Gaitzaren loreak poemagatik auziperatua izatea (Patxi Apalategik 2019an Balea Zurian argitaratuta).

Beraz, Joseba Sarrionandiak idatzi zuen moduan, Airea ez da debalde, hau da, idaztea ez da hutsala, kemena behar da beltza zuriaren gainean norberak nahi bezala azalarazteko, eta ondorioak izaten ditu.

Flaubertek idazleentzat bakarrik idazten zuela, ez irakurleriari begira, esan ohi da, eta bere idazkietan idazlearen desagerpena bilatzen zuela, urteen poderioz Roland Barthesek zabaldutako teoriaren aitzindaria izanik. Barthesi esker orain badakigu, jakin ere, idazle baten lanak harena izateari utzi egiten diola argitaratzean eta irakurleen eskuetara pasatzean, baina egia da idazle bat, berez, bere lana dela funtsean, eta, ondorioz, lan hori erakutsi eta defendatu egin behar duela. Flaubertek horixe egin zuen.

Gustave Flaubertek oso txikitatik zuzendu zuen gaztetik erabilitako ironiaren zentzua eta irrigarri denaren bilaketa. Materialismoa, nolabaiteko sadismoa, agnostizismoa, liberalismo amorratua, errealismo krudela eta ironia mingarriak ere zuzendu zituen urtez urte nekez landutako izkribuetan. Haurtzarotik sortu zitzaizkion haien aldeko jarreren joerak, zeren eta aitak zuzentzen zuen Rouengo Ospitale Orokorrean ikusi ahal izan zituen zirenak eta ez zirenak, bere familiaren egoitzako patioetan etzanda zeuden gaixoen artean. Halere, ez zuen inoiz errazkeriarik onartu, eta berezko estiloaren bila aritu zen etengabe. Harrigarria izan daiteke Flaubertek zortzi edo hamar orduz idatzi zuela bere bizitzako egun guztietan, 9 urtetik 59 urtera, lau eleberri eta hiru ipuin argitaratzeko bakarrik, ez baitzuen ia ezer kaleratu idazten zuen guztitik.

Bere lanaren zati handi bat gutun zoragarri eta grinatsuek osatzen dute, non neurri handi batean bere literatura handia bizi den, baina ez zuen inoiz haiek argitaratzeko asmorik izan. Beste zati handi bat, idazkiak, zuzenketak, zirriborroak, planak eta argitaratzeko pentsatuta zeuden idazlanetarako erantsitako dokumentuen bildumak izan ziren.

Kixotea oso gaztetik irakurri zuen, eta ingelesa ere ikasi zuen Shakespeare eta Byronengana hurbildu ahal izateko. Montaigne laster hasi zen maitatzen, eta gai historiko eta geografikoetan aditu bihurtu zen. Berehala aplikatu zituen ikasitakoak bere kontakizun historikoetan eta ipuin satirikoetan, erotikoetan eta sinbolikoetan. Biraoak, ironiak, iseka eta irrika atzeman ohi dira bere lehenengo izkribuetan (Denonartean argitaletxe nafarrak berriki kaleratutako Bibliomania ipuinean bezala non «nerbio sentikorreko irakurleentzat» idatzi zuela adierazia utzi zigun).

Beraz, Hezkuntza sentimentala-ren arabera, zenbait idazketan ongiaren eta gaizkiaren arteko desberdintasuna ez da hain argia, baina, hura kontraesana!, norberaren gustuko idazleen artean bereizketa garbia da oso. Egia da estetika ezin dela guztiz argudiatu, baina argumentu edo gai batek begi bistan jar dezake idazlan on bat. Estiloaren aldarrikapenak, literaturari Flaubertek emandako akuilua ere, bideratzen du irakurketa jakin bat gustukoa izan ala ez. Eta, halaber, sentimendu onak nola ikas, edo zehatzago oraindik, nola irakats daitezke? Idazketak zenbat du sentimenduetatik jasoa eta zenbat, berriz, arrazoiaren bidetik eskuratua?

Jakin, badakigu, gauzak ez ditugula jotzen gustuz ederrak edo onak direlako, alderantziz baizik. Hau da, gustagarritzat hartzen dugun neurrian polit bihurtzen ditugula. Etikan eta estetikan. Beraz, bizitzan gustatzen zaigunaren irudia da estetika. Ez dugu, bada, jakintzaren arlo soltea, etikarekin batera doan jarrera baizik. Nolabait adierazia, ona denak ederra behar du. Baina, alderantziz ere esan genezakeen: bikaintasunak ez duela zerikusirik moralarekin; aitzitik, inor gustagarria izan daiteke eta, era berean, gaiztoa izan oso.

Izan ere, Flaubertek landutako berezko estiloan, maiz aforismo jenialetan lehertzen ziren esaldi distiratsu eta zintzoz betetako ibai horretan, beste Flaubert bat agertu ohi zitzaigun, beste urrats bat ematen zuena: Flaubert sentsitiboa, dena zalantzan jartzen zuena, gaztetan testu gose handia zuena eta ezertaz uste ez zuena, eszeptiko bat, alegia.

Idazle honek bere sasoian gaurkotasuna zuen kultur gairen bati heldu nahi izan zion, norberaren esperientziatik abiaturik eta liburuen erreferentzietatik harago. Ahalegin horretan, ordea, bere burua ere, iheskor bezain aldakorra, ezagutarazten joan zen.Erakutsi digu literatura, mundua ezagutzeko bidea izateaz gainera, balizko ekintza-ereduak aurreikusteko tresna ere badugula. Hau da, munduan aritzeko —eta, bide batez, mundua birmoldatu ahal izateko— lanabesa dela idazkuntza, besteak beste.

Hau da, lehenengo eszeptiko helenistikoek egiten zuten gisan, bilaketa egin nahi izan zuen Flaubertek. Izan ere, skepsis hitz grekoak gogoeta bidezko ikerketa nahi du esan. Jakintzaren peskiza, beraz. Eta horixe da, bide batez, literatura onaren betebeharra, duela mende eta erditik hona Flaubertek erakutsitako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.