Fito

Ibai Maritxalar Urkia
2023ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

Ez dut Fito Ramirez- Escudero ezagutzen, ez behintzat beste askok ezagutzen duten neurrian. «Pintorea, irakaslea eta filantropoa». Hurrenkera horretan. «Ekintzailea, eskuzabala eta inspiratzailea». Gero. «Alaia, adeitsua, maitagarria». Eta segidan. «Espresionista denean». Halaxe dio Arte Ederretako Pintura saileko lankideek Fito Ramirez-Escuderori buruz egindako deskribapenak.

Efimeroa da lexikoa zoritxarrez, mugatua. Fito Ramirez-Escudero dadaista da, udazkeneko arratsalde bat. Leihoaren beste aldeko itzala, tortilla patata usaina eta ardo tanta lurrunez eratutako hatsa. Fakultateko adreilua, errota haize-eragilea, Sauraren kruzifixioa eta inpultsu iheskorra da Fito Ramirez-Escudero. Hitz-jario pausatua, pigmentu arrastoa, Mediterraneoko kale zuriak eta Urretabizkaia txaranga. Bai, Fito espresionista hutsa da. Zuzenean eta isilik eginda eraginkorra den modu lausoan. Pintura maite du. Pintatzea maite du.

Irakaslea da, maestro. Hurbiltasunez jokatzen du ikasleekin. Keinu konplize eta txikiez eraikitzen du pinturaren inguruko akelarrea, eta azaldu ezinezko goxotasunez hitz egiten du pinturaz, pintatzearen esperientziaz. Lanera, estudiora bultzatzen du bere ereduak eta etengabeko erronkara animatzen du margolaria. Harremanak eraikiz, korapiloak sortuz. Hamarnaka ikasle ohirekin mantentzen du lotura sentikorra, laguntasuna eta kidetasuna. Horregatik eta horretarako besteak beste sortu zuen Aire Galeria orain urte batzuk.

Pintore handia da Ramirez-Escudero. Zumeta, Balerdi, Ameztoi, Gal edo Ortiz de Elgearen parekoa. Esatea ere beharrezkoa ez den modu batean izan behar du oihukatua. Objektibotasun osoz eta zalantzarik gabe egiten diren onarpen zientifiko gisa. Egunkarietako azalak eta omenaldiak jasoko ditu noiznahi. Arte-tenpluen ateak irekiko zaizkio segidan, eta ofizialtasunaren onarpena eta txaloa jasoko ditu. Eta Voltaire kabaretetik eskertuko ditu sari guztiak, bermuta eskuan.

Fitoren lana ez da analitikaren eremuan sartzen ordea. Kontinentalak dira haren margoak, humanista hutsak. Olioak eztanda egiten du bere margoetan. Arrastaka eramaten du ikuslea keinu, geruza eta isurietan barrena. Kolore inpultsuek arrakalak agertzen dituzte, unekotasunak eta kontrolaezinezko azareak sortu ditzakeen modu bakarrean. Umoretsu, kritiko eta irmo, pinturaz sortutako hekatonbeak dira bereak. Barrena irauli eta hasperena eragiten duten horietakoak.

«Pintatzea, kontatzeke dagoenaren gorazarrea ei da, hitzen gaineko keinua», Luis Candaudap kide eta pintoreak ongi azaltzen duen bezala. Pintatzea bizitza jarrera baita, munduan egoteko modu bat. Kolorez eta keinuz adierazi baitaitezke bestela esan ezin direnak, barrenean pilatuta geratzen diren arrastoak. Horixe izango da Fito askorentzat, mihise berriaren usaina, pintzel zikinak, kolore gama amaiezina. Eredua, lore sorta bat, ongarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.