Irakaslea

Filmak ‘esplikatzen’ zituen gizona

2025eko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Liburua aspalditik ez da objektu bat, gauza bat. Giga-pila bat bihurtu da, e-book-ean edo telefono mugikorrean deskargatzen ditugun ehunka testu-fitxategietako bat. Gero eta gehiagotan ez da zerbait fisikoa, baizik birtuala, ukiezina.

Nostalgiaz datorkit Kirmen Uriberen Liburua poema, objektu hori ezin hobeto definitzen duena. «Behin amak/ azokara eraman ninduen./ Han txito bat erosi zidan./ Txitoa kartoizko kutxa batean zetorren./ Amak nire eskuetan/ jarri zuen kutxa./ Senti nezakeen/ nire esku-ahurretan/ txitoaren hanka txikiak./ Liburua horixe da:/ kartoizko kutxa bat/ barruan zerbait bizia duena».

Antzeko zerbait gertatu da musikarekin ere: melodiak zituzten euskarriak eta haiek erreproduzitzen genituen gailuak desagertu egin dira. Orain, binilozko single batean zizelkatuta zetorren abestia Spotifyn aurkituko dugu.

Antzeko zerbait gertatu da filmekin ere. Zaharregiak garenok gogoan ditugu zeluloidezko biribilkiak zinemetara iristen ziren zaku astun haiek. Gazteenek Cinema Paradiso-n ikustearekin konformatu behar duzue. Izan ere, zinema-aretoak ere, istorio batek biltzen gintuen espazio magiko horiek, desagertzen ari dira. Bai, arrazoi osoa zuen Giuseppe Tornatorek. Orain ez dugu irudien bila atera behar; etxera helarazten dizkigute Netflix edo HBO Max bezalako streaming-plataformen bidez.

Beharbada, zinema da errealitatea simulatzen eta gainditzen gehien saiatu den artea. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi dugu. Hala ere, zinemaren etorrerarekin batera, hitzak fotograman txertatzeko egundoko ahalegin teknologikoa hasi zen. Hainbat hamarkadatan, erakusten zuen narrazioari elkarrizketak eta soinua gehitzea bere obsesioa izan zen. Hola, zinema mutuaren garaian esplikatzaileak bezala ezagutzen ziren pertsonaia bitxi batzuk egon ziren. Irene Vallejok, Infinitua ihi batean liburuaren egileak, ederki deskribatzen du berriki elkarrizketa batean istorioa kontatzen laguntzen zuten esplikatzaile horien lana: azpitituluak irakurtzen zituzten, jende asko analfabetoa zelako ikusleen artean; ikusleak lasaitzen zituzten izara hartatik lokomotor handi bat ateratzen zenean; txisteak kontatzen zituzten; pertsonaien ahotsak imitatzen zituzten; kanpaiak, karrakak eta kokoak erabiltzen zituzten efektu bereziak sortzeko. Azken batean, aretoko isiltasuna arintzen zuten, nahiko deserosoa eta beldurgarria baitzen.

Pertsonaia horiek hain ospetsuak izatera iritsi ziren, non ikusleak haiei entzutera baitzihoazen, filma ikustera joan beharrean. Haietako bat Heigo Kurosawa izan zen. Kasua da zinema soinuduna iritsi zenean, izar handiak ziren horiek guztiak desagertu egin zirela zinema-aretoetatik; beren lekua galdu zuten munduan. Hori jasanezina izan zen Heigorentzat, eta 1933an bere buruaz beste egin zuen. Orduan, bere anaia Akirak, ordura arte pintore izan nahi zuenak, zinera joatea erabaki zuen anaia omentzeko; funtsean, bere film guztiak Heigori egindako omenaldia dira. Akiraren irudiak Heigoren hitzei zor dizkiegu.

Honi buruz liburu bat idatz liteke; paperezko liburu, paperezko gauza haietako bat. En fin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.