Fidel ondorengo Kuba eta balio politikoak

2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Fidel Castroren heriotzaren ondoren hainbat kezka mahaigaineratu da azken egunotan, besteak beste, berak eta orokorrean Kubako Iraultzak bultzatutako balio etiko-politikoen etorkizunaz. Esan gabe doa 1959ko Iraultzak utzitako balio uzta oparoa dela, eta zerrenda luze bat idatz genezake hainbeste hamarkada pasatu ostean, baina bereziki lau azpimarra nahi nituzke, ikuspegi kronologikoa erabiliz, eta garai bakoitzean egindako ekarpen nagusia gogora ekarriz.

Iraultzaren lehenengo urteek —Batistaren diktaduraren aurkako borrokak, 1959ko garaipenak eta 60ko hamarkadak— utzitako balio handienetakoa «borrokak fruituak ematen dituela» izan zen. Ez zen edonolako borroka, baizik eta kausa justu baten alde bizitza emateko prestasuna adierazten zuena, eta, gainera, gizarte berri eta hobe bat eraikitzeko aukera ahalbidetzen zuena. Urte haietan, borroka armatua iraultza egiteko, eta gero, iraultza defendatzeko erokeria utopikoa izatetik tresna eraginkorra izatera pasatu zen. Diskurtsotik haratago Kubak erakutsi zuen iraultza antinperialista eta sozialista eraikitzen saiatzea posiblea zela «hirugarren» munduko herrialde batean. Munduko borrokalari askorentzat eredu bihurtu zen Karibeko irla txiki hura.

70eko eta 80ko hamarkadetan bi balio politiko handi, beste askoren artean, nagusitu ziren. Batetik, Fidelek eta bere ondokoek gizarte eskubideak, gauza guztien gainetik, Iraultzaren oinarrizko printzipio, helburu eta balio politikotzat jo zituzten. Sozialismoa eraikitzeak hezkuntza, osasuna, etxebizitza, elikadura eta lan duina hiritar guztientzat bermatzea suposatzen zuen. Gizakia izate hutsak eskubide kate bat zekarren, kapitalaren gainetik eskubidea-ren balioa jarriz.

Beste alde batetik, garai hartako balio ahaztezina elkartasun internazionalista izan zen. Internazionalismoa ez zen «sobera duguna ematea, dugun onena eskaintzea» baizik. Horren ondorioz, Kubak elkartasunaren «merkatuan» esportatu zuen onenabere medikuak eta irakasleak izan ziren. Dozenaka Hegoaldeko herrialdeek doako laguntza jaso zuten haiek bezalako herrialde xume batek eskainia. Aldi berean, milaka kubatarrek bizitza eman zuten beste herri batzuen askatasunaren alde, gerra antinperialistetan parte hartuz, Angolan gertatu zen bezala. Che Guevarak markatutako bidea belaunaldi berriek jarraitu zuten.

90eko hamarkadan, Sobiet Batasuna eta Europako Herrialde sozialisten erorketaren ondoren, Kubak beste motatako balioa garatu behar izan zuen: erresistentziaren gaitasuna. Bere aliatu guztien desagerpenak krisi ekonomiko izugarri larria eragin zuen, eta AEBetako blokeoaren indartzeak are gehiago okertu zuen egoera. Hala ere, Kubak bizirautea lortu zuen, kostu itzelak (materialak eta psikologikoak) ordaindu arren.

XXI. mende honen hasieran, biziraun dezakete Fidelen belaunaldikoek eraiki dituzten balioek? Egia esan, galdera egokiena beste bat da: nola biziraun dezake proiektu politiko kubatarrak gaur egungo munduan? Bere balio historikoak berregokituz. Hau ez da atzerritik asmatutako lelo bat, baizik eta Fidel hil baino 10 urte lehenago Kuban jorratzen ari diren bidea. Duela urte batzuk Fidelek berak onartu zuen honakoa: «gure eredua ez da baliagarria ezta guretzat ere». Raulek, bere anaiak, geroxeago metafora bat bota zuen: «Amildegiaren ertzean gaude». 2011n eztabaida kolektibo eta sakona egin ondoren, Kubak bere norabidea birdefinitu zuen, nazio proiektuak bizirik jarrai zezan. Bide-orria: Eredu ekonomiko eta sozialaren gaurkotzea. Helburua: Sozialismo oparoa eta sostengarria.

Baldintza objektiboek (barne egitura ekonomikoa eta mundu globalizatua) eta subjektiboek (belaunaldi gazte berriak eta emigrazioa) proiektua eta balioak berregokitzera behartu dute. Hasteko, garai bateko narratiba hiperideologizatuak agortuta daude aspaldidanik. Gaur egun, hainbat adituk azpimarratu duten bezala, independentzia nazionalaren defentsa Washingtonen eta mundu global baten aurrean, kontsentsu zabala izanagatik, ez da nolanahiko erronka.

Bigarrenik, aipatu sostengarritasuna-ren balioa erdigunean kokatu da halabeharrez. Alde batetik, justizia sozialean oinarritutako apustua mantendu nahi izanez gero, eredu ekonomikoa sostengarri bihurtzeko beharra urjentziazkoa da. Kubak martxan jarri duen desestatizazio partziala eta erabakien deszentralizazioa gako nagusietakoak dira. Bestetik, elkartasun internazionalista ere sostengarria egiteko, hainbat egokitzapen bultzatu dute azken boladan, batez ere gastuak orekatuz eta elkarrekikotasun gehiago eskatuz aliatu indartsuenei (Hego Afrika, Angola, Venezuela...).

Bukatzeko, Sobiet Batasuna erori zenetik 25 urte pasatu dira (mende laurden bat!), eta, geroztik, Kubako balio nagusietakoa, erresistentzia alegia, ezin da betikotu. Etengabeko erresistentzia hutsa ez da sostengarria eta horrexegatik Raúl Castrok prosperitatea aldarrikatu ohi duenean, XXI. mendeko sozialismoa eraikitzeko, belaunaldi berriek egiten duten eskaerekin bat egiten jakin du. Kuban aspaldidanik konturatu dira honakoaz: Sozialismo berria oparoa izango da ala ez da izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.