Feministon sokari eutsi, sistema hau eraitsi

Saioa Iraola eta Miren Aranguren
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bizi ereduen aldaketa sakonen aurrean gaude; sistema kapitalista patriarkalak bortxaz ekarri gaitu gaur bizi garen aldaketa garai honen tenorera. Baina arauak puskatu eta sortzeko, eraikitzeko, asmatzeko, beldurrari aurre egiteko, komunikatzeko ditugun gaitasunetan sinesteko eta feminismoaren sokari indartsu eutsi eta tiratzeko garaia da. Sokaren bueltan batuz lortuko baitugu egungo aldaketa hau norabidetzea, bizitzen eta pertsonen mesedetara egongo den jendarte antolaketa baterantz urratsak egitea.

Baina errealitatea da Euskal Herriko herritarron egoera sozioekonomikoak atzerapauso oso nabariak eman dituela: krisi finantzario edo ekonomiko baten aitzakiapean egundoko murrizketak eragin dituzte langile klasearen (langile oro izan enplegatua edo ez, kontabilizatua edo ez barnebiltzen duen langile klaseaz ari gara) bizi baldintzetan zuzenean eragiten duten eremuetan. Hala nola lan erreformak, Werten hezkuntza erreforma atzerakoia, osasun arloan eginiko murrizketak, justizian zenbait esparru pribatizatzeko ahalegina, etxebizitza eskubidearen aurkako urraketak eta pentsioen erreforma.

Zehazki, jendarteak ezartzen dizkigun funtzioak direla eta, emakumeoi zuzenean eta era lazgarriagoan eragin digute murrizketa horiek: familia esparruan zainketaren arduran zein etxeko lanetan eta ezkutuko ekonomiaren indartzean, esaterako. Inposatutako genero arauen ondorioz emakumeok lan merkatuari zein herrien ekonomiari egiten dizkiogun ekarpenak dira horiek. Lan merkatutik kanpo egiterakoan «lan enplegu» bezala onartzen ez direnez, inoiz ez zaie balio ekonomikorik aitortu edota baloratu ere egin. Eta lan horiek bizitzak sostengatzen eta elikatzen dituzte egunero, bizitza duinak ahalbidetzeko ezinbestekoak izanik.

Egungo prekarietateak lan harremanen arloa gainditzen du, eta bizitzako arlo guztiei eragiten die, egiturazko fenomeno bat izatera pasaz. Lehen, enplegu prekarioez (baldintza kaxkarrak zituzten lanpostuak) hitz egiten genuen, eta egun, bizitza prekarioez hitz egiten dugu. Prekarietatea oinarri duten bizitzak eratzen ari dira sektore kapitalista ultraeskuindarrak martxan dituzten neurri, erreforma eta politiken bitartez. Gobernuen koloreek ere inoiz baino esangura txikiagoa dute, ematen baitu denak ados jarri direla krisiaren aitzakiapean garatzen ari diren aldaketa sakonean: ongizate estatuak orain arte ezagutu ditugun funtzio sozialagoa alde batera utzi eta kapitalaren zerbitzu, erritmo eta bide bakarren mesedera jartzeko hautua egin du berriro ere. Ez da krisi huts bat, orain arte ezagutu ditugun oinarrizko eskubideen urraketa sakona ekarriko duen kapitalismoaren birplanteamendu bat baizik. Ez da krisia, kapitalismo patriarkalaren aurpegi gordinena da!

Horrela bada, egoera larri honek herritarrongan beldurra eragiten du, bizi egoera prekarioak jadanik baditugulako. Eta orain dela urte batzuk gure oinarrizko eskubidetzat genituen horiengatik borrokatzen baginen ere, gaur egungo egoerak sistema honek eskaintzen dizkigun apurrak defendatzera garamatza. Gure ustetan, ezin ditugu gure aldarrikapenak enpleguaren defentsara mugatu; soldatapeko sistema produktiboaren gaineko hausnarketa sakona egin beharrean gaude, hala nola jendarteak beharrezkoak dituen lan guztien errekonozimendu eta banaketan sakondu behar dugu. Zelai honek eskaintzen dizkigun joko arauekin aktibatu behar dugu gure borroka, baina eraiki nahi dugun jendarte eredu berria parametro ezberdinetan kokatu nahi dugula ahaztu gabe. Beldurrak blokeoa sortzen du; baina emakumeok argi dugu beldurrarekin hausteko modurik hoberena bakarrik ez sentitzea dela: elkartzea, eta kolektiboki erantzun eta eraikitzea.

Gainera, Hego Euskal Herrian bereziki eta era nabarmenean, genero arauak ere atzera bidean indartzen ari dira. 2013rako aurrekontuetan, berdintasun politika deritzenetan, Estatu Espainiarrak %24ko murrizketak egin zituen. Ipar Euskal Herrian zer esanik ez: benetako berdintasun politikarik ez da oraindaino planteatu, eta argi geratzen ari da murrizketa garai honetan ez dagoela arlo honetan ezer gehiago egiteko asmorik.

Beraz, gure denboraz, bizi uneez, gure produkzioaz, gure zaintzaz, gure gorputzez, gure lanaz, gure desioez erabat jabetu nahi duen sistemaren eta estatuen aurrean gaude. Baina, hau sostengatzeko, sistemak gu behar gaituela kontziente egin eta izan behar dugu. Gu gabe kapitalismoa ez delako ezer, patriarkatuak ezingo bailuke bizirik iraun. Inposizio eta indarkeriaren bidez egoera hau sostengatzera behartzen bagaituzte ere, guk geuk aldaketa hau gure mesedera jartzeko aukeran sinistu behar dugu, inoiz baino ozenago.

Koka gaitezen bereizkeriak eta injustiziak ekidin eta gaindituko dituen marko administratibo propioaren aldeko norabidean, eta ekin diezaiogun bide horretan eredu alternatiboak martxan jartzeari; gure bizitzak, behar eta desioak erdigunean kokatuko dituen bizi eredua sortzeari. Feminismoaren bidez, jabetza kolektiboan oinarrituta, lanaren banaketa erreala eta aberastasunaren banaketa ahalbidetuko duen eta botere harremanak gainditu eta pertsonen arteko diferentziak gainbalio gisa hartuko dituen bizi eredua sortzen ari gara.

Bilgune Feministako kideok emakumeon eta herriaren burujabetzaren aldeko apustua eta elkarlanaren aldeko deia egiten dugu. Hala, datozen egunetan, gaur, 12an eta 16an mugimendu feministak zein elkarlaneko beste esparruek antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten dugu, Euskal Herriaren aldaketa ezinbestean feminista izango dela aldarrikatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.