«Heldu iezaidazu gogoz gerritik/ eta eramango zaitut/ erratz gainean hegan/ denbora eta urruntasuna laburtzen/ diren unibertsora ausentziak sutan errez/ ta ametsak egi bihurtzen dituen akelarrera/ Ukan, usain, laztan nazazu/ senti nazazu eta elkartuko gara/ irri, xirri eta muxuen/ lurralde askean!»
Ekhiñe Eizagirre
Fresnesko espetxean bahitutako euskal preso politiko eta Bilgune Feministako kide Ekhiñe Eizagirrerenak dira hitz horiek. Bere idatzi askok eraman gaituzte emakumeek gizonentzako eraikitako kartzela ereduen baitan izandako bizipenetara. Norabide horretan, Begirada feministatik kartzelari buruz gogoetan. Emakumeen bizipenetatik hausnarketa kolektibora mahai-ingurua burutu genuen Bilgune Feministak eta Herrira-k elkarlanean 2012an. Bertan, arau-hauste bikoitzagatik zigor bikoitzari aurre egiten dioten emakume presoen errealitatea izan genuen mintzagai. Hau da, delitu zehatz batengatik betetako zigor penalari emakume-ama-emazte ona ez izana gogorarazten dizun zigor soziala gainjartzen zaie emakume presoei. Bertan, elementu ezberdinak jarri genituen mahai gainean:
Gure jendarteak ez du aurreikusten emakume batek delitu bat egin dezakeenik, edo militantzia politikoa erdigunean jarri dezakeenik ere. Emakumeoi afektibitateaz arduratzea, zaintza lanak egitea, apaltasuna, goxotasuna, otzantasuna, agresibitate eza... eta antzeko rolak egotzi izan zaizkigu ordea. Hortaz, kartzeletako hormak gizonezkoen neurrira eraiki dira. Hartatik pasatu diren emakume askok «ez-leku» batean sentitzearen bizipena azpimarratzen dute, zuretzako —zure osasunarekin lotutako beharrei dagokienez, adibidez— prestatua ez zegoen espazioan egotearena, alegia. Ekintza ludiko, tailer edo formakuntza aldetik, eskaintza eskasa eta rol feminizatuekin lotutakoa topatzen dute, gerora aitortza urriko jardunetara bideratutakoa. Testuinguru horretan emakumeek kartzelako funtzionarioen aldetik jasotako tratatua maiz infantilizazioan, paternalismoan edota hipersexualizazioan oinarritzen dela adierazten dute.
59 dira espainiar zein frantses espetxeetan sakabanatuta dauden emakume presoak. Beraiek pairatutako bakartzea handiagoa izan ohi dela azpimarratu behar dugu. Edozein emakumek —EPPK-ko kidea izan edo ez— bizitzen duen egoera da sakabanaketarena, haientzako egokitutako kartzelak ez edukitzerakoan, bizi diren lekutik urrun dagoen beste kartzela batera bidaltzen dituztelako. Baina sakabanaketa ez da soilik geografikoa. Kartzela barruan ere modulu ezberdinetan banatzen dituzte emakumeak —baita gizonezkoak ere—, eta honek are bakartuago egotera eraman ditu. Emakume preso politikoei dagokienez, kopuru aldetik gutxiago izatean, elkarren artean bakartzea errazagoa egiten da.
Honekin batera, kartzela barruan ama direnen kasua ere aipatu nahiko genuke. Momentu hauetan, espainiar estatuan, bi kartzelatan daude euskal preso politikoak diren amak haien seme-alabekin: Aranjuez (Madril) eta Picassenten (Valentzia). Beraz, amatasun modulu batean egoteak zuzenean sakabanaketa dakar beraientzat. Espazio hauek ez dituzte beharko lituzkeen baldintzak betetzen bertan dauden haurrentzat: jolasteko txokoak, ordutegiak… Aitatasun moduluak, aldiz, ez dira existitu ere egiten.
Azaleratu nahiko genuke espetxearen baldintza bizi-ezinetan aurrera egiteko hein handi batean emakume askok eta askok egindako ekarpena: amek, izebek, neska-lagunek, lagunek eta abarrek eskainitako zaintza lan eta sostengu emozional guztia. Desioz edo halabeharrez egina.
Gauzak horrela, espetxeen izaera patriarkala azpimarratu eta sakabanaketaren inguruan emakumeok sufritzen dugun zapalkuntza bikoitza salatzen dugu. Bilgune Feministatik emakume presoen bizipen, aldarri eta jarduna azaleratzeko beharra azpimarratzen dugu, bai eta elkarrekin eztabaidatu, saretu eta zapalkuntzen aurrean feminismoz ahalduntzeko tresnak jorratzekoa ere.
Mahai-inguru horiek antolatu genituen 2012an, urrats garrantzitsuak egin berri genituen Euskal Herriko bake prozesuan, eta hamarkadetako gatazkaren konponbidean pauso sendoak emateko irrikaz begiratzen genion etorkizunari. Hiru urte pasatu diren honetan, prozesua blokeatu, mendekuaren politika ezarri, eta salbuespen egoera mantentzen ari dira. Estatu espainol eta frantsesak bidean harri izateko erabakia hartu dute, eta, hortaz, akusatzen ditugu. Gaixo larriak espetxean mantendu, sakabanaketaren zigorrari eutsi eta presoek konponbide politikoaren parte izatearen ukazioak dirau, modu honetan gatazkaren arrazoiak ukatzen dituztelarik.
Baina asko gara herri honetan bizi izan ditugun gatazka eta indarkeria anitzak gainditzeko apustua egiten dugunok, eta amore emango ez dugunok. Badakigu gure artean beharko luketen hainbeste bihotz, taupada, esku eta aho giltzapean dirauten bitartean askatasunik ez dugula izango. Bada garaia, Euskal Herriaren burujabetza bidean, gatazka politiko armatuaren konponbidean aurrera egitekoa.
Horretarako, denon artean bultza dezagun: bake prozesuan euskal preso politiko eta iheslariak subjektu politiko izan daitezen, bere erabakiak aitortu eta norabide berdinean pausoak emateko, bultza. Espetxe politikak eragindako eskubideen urraketa sistematikoa salatu, preso gaixo larriak etxeratu eta sakabanaketa amaitzeko, denon artean tira. Euskal preso eta iheslariak etxera ekartzeko, indar eta xamurtasunez, bultza. Espetxeak apurtu eta espetxe sistema eraldatzeko, ausardiaz tira. Ukan gaitzaten, senti ditzagun, elkartasunez bultza.
Bizirik nahi ditugulako, etxean nahi ditugulako, euskal herritar burujabeez osatutako herri librea nahi dugulako, feministok ere urtarrilaren 9an Bilbo eta Baionako kaleak bete ditzagun. Elkarrekin, kanpotik eta barrutik, tira eta bultza, mugi daitezen harriak!
Feministok ere harriak mugitzera goaz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu