Martxoaren 26a, Ekozinemaldia Bilborock-en. Errekaleor Bizirik-eko Estitxu Villamorrek hitza hartu du, eta, besteak beste, azaldu du —argudioak emanez— haien komunitatean emakumeak izan direla nagusi eguzki-panelen diseinuaz eta instalazioaz arduratu den lantaldean. Haren jardunari txaloka gaudela, alboan dudan emakume gazte feminista abertzale euskaltzale erradikalak (autodefinizioa da) burua jiratu du nigana, eta, begiak plater, braust bota dit: «Orain ulertu dut ekofeminismoa zer den!». Ekologismoaren eta feminismoaren arteko loturaz jabetuko bazen, pareko baten hitzak behar zituen, euskaraz eta adibide ia ukigarriekin, etxekoekin.
Sara Ibañez muskiztarra da, orain dela sei urte Petronorrek herriaren erdigunean paratu zien koke-plantaren aurka borrokatzen den koordinakundeko kidea. Azaldu duenez, maiz bereago sentitzen ditu Latinoamerikan lurraren alde egiten dituzten borrokak etxeko diskurtso feministak baino. Gertutasuna, kasu honetan, ingurumenaren eta pertsonen osasun-mailaren adierazleen bidez neurtzen da.
Vidalina Morales El Salvadorreko ekintzailea da; berak eta bere kideek urte luzez egindako borroka gogor eta odoltsuen ondorioz, El Salvador da metalen meatzaritza debekatu duen lehen herrialdea. Bada, Moralesek dio gertuago sentitzen dituela Hego Ameriketako «emakume, lagun eta ahizpen» borrokak «Europako feminismoak» baino, eta haiekin egiten duela bat, gorputzen eta bizitza ahalbidetzen dieten gorputz inguruko espazio fisikoen defentsan, eta ez Europako «feminismo fantasioso eta fanatikoekin»; ez du ulertzen zer den, zehazki, «benetako feminismoa».
Silvia Federici feminista marxista da, ekintzaile jada aski ezaguna gurean. Moralesek egindako iruzkin bati erantzunez, argitu du bera ez dela feminismo orokorraren ordezkaria, berak ikuspegi zehatz bat duela feminismoaren barruan, eta berak ere ez duela bat egiten feminismo batzuekin, adibidez, estatu-feminismoarekin edo Nazio Batuenarekin, zeinek, bere ustetan, feminismoa manipulatu eta bere egin baitute, «garapen kapitalistan txertatzeko».
Izenondoak, aurrizkiak. Kalifikatzaile bat, azken finean, gure feminismoa besteenetatik bereizteko. Aukera zabala dugu, gainera, ze, feminista izatearekin batera, izan zaitezke —edo izan behar duzu— abertzalea, ekologista, antiespezista, blacklivesmatter-en jarraitzailea, antikapitalista, erradikala, langile-klasekoa, antiinstituzionalista, antiliberalista...
Badakigu, jakin, gure bizitzak intersekzioz josiak daudela. Gure gorputzetan gurutzatzen dira sexua eta generoa, hizkuntzak, arrazak, etniak, orientazio sexualak, erlijioak, klase sozialak, prestigioak, Iparrak eta Hegoak. Horren aurrean, koka gaitezke beti intersekzioetako batean (gertukoen sentitzen dugun horretan; neurri batean goxo, eroso), edo joka dezakegu eskuzabaltasunez eta begirada zabalagoaz, eta mugi gaitezke borroka-zelai batetik bestera, beharren arabera —generoa likidoa bada, eta bada, izan dadila feminismoa ere likidoa—.
Zer irabazi du emakumeen borrokak Katalunian, greba feminista eta—halabeharrez— antiespezista dela deklaratuta? Zergatik utzi dituzte, berariaz, borroka-egunetik kanpora, beren bizimodua eta beren bizibidea animalien hazkuntzan oinarritzen duten emakumeak eta antiespezismoarekin bat egiten ez dutenak? (irakurri duzue Kataluniako landa-eremuko emakumeek hango mugimendu feministari idatzitako gutun irekia?).
Zergatik iruditzen zaigu bitxia Federici ekofeminismoari buruzko jardunaldi batean egotea, eta estraktibismoari, lurren desjabetzeari eta ingurumenari buruz berbetan entzutea, hori bada, aspaldi luzean, bere lan-ildo nagusietako bat? (ikus, adibidez, Mundua berriz liluratuz; Katakrak, 2019).
Izan gaitezen zintzoak, eta onar dezagun: gure zuritasunetik, gure hezkuntza-mailatik, gure baliabide ekonomikoetatik, Federici oso ondo etorri zaigu ulertzeko eta aldarrikatzeko zaintza-lanak erdigunean jarri behar direla, erreprodukzio-lanak ere lan direla, eta XVI. eta XVII. mendeetan emakumeak ez zirela izan jazarriak eta erreak apoak suge bihurtzeagatik ez Akerbeltzi barrabilak laztantzeagatik, baizik eta beren gurarien arabera bizitzeko askatasunari uko ez egiteagatik.
Baina Federiciren beste lan-ildo hori, lurraren erabilera eta kudeaketa bidegabearekin eta horrek —batez ere— emakumeen bizitzetan eragiten duen hondamendiarekin zerikusia duena, hori ez dugu hain gertuko, hori ez dugu hain beharrezko, eta horri errazago egiten diogu ezikusia; besteak beste, gure erantzukizun axolagabearen berri eman diezagukeelako. Horregatik ez dugu izan lan horren berri orain arte, eta horregatik begitantzen zaigu arraroa —eta oportunista?— Federicik orain gai horien inguruan berba egitea.
Guda-zelai desberdinetan borrokatzen tematzen gara, ohartu gabe zelai horiek ez daudela elkarrengandik hain urruti, ageriko eta ezkutuko zubiak eta gurutzaguneak daudela haien artean eta, ñabardurak ñabardura eta ikuspegiak ikuspegi, guztiok etsai beraren kontra borrokatzen garela. Beraz, aprobetxa ditzagun jada eraikiak dauden egitura horiek, eta sor dezagun, Federicik proposatzen duen bezala, femina communia bat, edo, Nancy Fraserrek dioen moduan, «% 99ari zuzendutako ezkerreko feminismo antikapitalista bat». Elkar gaitezen ez bakarrik mundu mailako greba feminista bat antolatzeko, baita etsai komunari aurre egiteko ere. Senti dezagun alboko guda-zelaiko borrokalariak ere gurekin daudela, gu ere haiek garela.
Gure herriko emakumeek hala zioten, Martxoaren 8ko ekitaldi arrakastatsuen ostean: «Ez dugu elkar ezagutzen, ez dakigu zer minek ekarri duen gutako bakoitza hona, eta, halere, gaur, hemen, konplizeak izan gara. Zergatik ez beti, zergatik ez borroka-zelai guztietan?». Jakina, Martxoaren 8ko sukarraren ostean, erraza da horrelakoak botatzea, erraza da hori egun batetik bestera egin daitekeela sinestea, gatazkarik gabe, guztiok elkar hartuta.
Ez da hala izango, eta badakigu. Horrekin aurrera egitea erabakitzen badugu, geure buruak indartu eta gure azalak sendotu beharko ditugu. Baina, horretan hasi aurretik, erabaki bat hartu behar dugu: intersekzioetatik borrokatzen jarraitu nahi dugu, bakoitzak beretik eta ingurukoei kasu handirik egin gabe, ala etsaiaren aurkako borroka komun bat abiatu nahi dugu —eta ikusiko dugu, gero, nola kudeatzen ditugun gure intersekzio askotarikoak—?.
Feminismoetatik ahizpatasunera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu