Jule Goikoetxea

Feminismoa ezin da ez zuritu, ez erosi

2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Iberdrolak, espainiar erreginarekin batera, Martxoaren 8a ospatzeko gonbita egin digu. Iberdrola da gure lurraldeetako sistema neoliberalaren pribatizazio patriarkala aurrera daramaten eragileetako bat; prekarizazioa, muturreko merkantilizazioa eta finantzarizazioa ditu xede; Latinoamerikan emakumeak desagerrarazi eta miseriara zigortzen dituzten desjabetzen aldekoa da eta, bere langileak esplotatzeaz gain, prekarizatuak nahiz pentsionista emakumeak pobrezia energetikora kondenatzen ditu, tartean, emakumeen pentsioak gizonenak baino %43 txikiagoak direlako, hain zuzen ere, gure herriko enpresa askotan bezalaxe, emakumeak subkontratatzen dituztelako, eta goi-karguak, berriz, gizonez bete. Ondorioz, nahiz eta emakumeek gizonek baino lan karga handiagoa izan (urtean 400 ordu gehiago), haiek baino kapital ekonomiko gutxiago dugu. Horregatik, 65 urtetik gorako DSBEaren (RGI) hartzaileen %76,6 emakumeak dira; besteak beste, emakume horiek guztiek egin izan (eta egiten) duten lanak, gizonenarekin alderatuta, kapital ekonomiko murritza sortzen duelako edo batere ez, tartean, zaintza-lanak oro har ez direlako ordaintzen (%86), nahiz eta zaintzaren beharra geroz eta handiagoa izan (demografia gogoan). Hain justu horregatik:

Gure agintari neoliberalek, diru publikoa emakumeen lan ez ordaindura bideratu ordez, edo ordaindu gabeko lana publifikatu ordez, langile oro prekarizatzea eta erakundeekin batera lan oro pribatizatzea erabaki dute, ez bakarrik osasungintza, erresidentziak, haurtzaindegiak, eguneko zaintza-zentroak eta zerbitzu publikoak; alegia, ez dituzte bakarrik jantokiak eta erresidentziak pribatizatu emakumeen lan ez ordaindua eta lan-karga handituz, hezkuntza ere pribatizatzen ari dira oso helburu zehatzarekin: geroz eta kapital gehiago geroz eta esku gutxiagotan metatzea. Adibidetzat, Euskal Herriko Unibertsitatea: gure diru publikoa karrera eta master pribatuak sortzeko erabiltzen hasi da, (hedabide pribatuen eta hainbat enpresaren jabe diren) korporazioei diru publikoa emanez haien interes finantzario eta merkantilistetara egokitutako curriculum eta masterren bidez menderakuntza neoliberal eta patriarkala finduko dituzten ikasleak prestatzeko eta baliabiderik ez duten ikasleak sistematik kanporatzeko.

Horregatik, enpresen interesen arabera gobernatzen dutenek eta emakumeak* pobretzen dituzten politika publiko patriarkal horien guztien arduradunek deia zabaldu dute Martxoaren 8an etenaldia egiteko. Emakume* gazteen emantzipazioa eta pentsionistentzako zahartzaro duina ezinezkoa egiten duten horiek feminismoaren alde agertu dira.

Etxebizitzak munizipalizatu nahi ez dituzten horiek, lurra eta lurzorua merkantilizatuz eta pribatizatuz populazioari bizitzeko toki duin bat (beroa, garbia, osasuntsua) izateko eskubidearen kontra mobilizatzen diren horiek, hau da, lobbyak eta haien alderdiak feminismoarekin lerrotzen saiatu dira.

Hau da, administrazio publikoan ordainsari handienak gizonei ematea erabakitzen dutenek, osasungintza publikoan kontziliazio neurri eraginkorrik garatu ez dutenek, eta irakaskuntza publikoan emakumeen behin-behinekotasuna muturrera eramatea erabakitzen dutenek haiei soldatarik txikienak egokituz (heziketa berezia, sukaldea eta garbitasuna, haur-eskolak...), feministok haien kontra egingo dugun grebara batu nahi omen dute.

Enplegu partziala egotea eta bertan hamarretik zortzi emakumeak izatea ahalbidetzen dutenak, eta muturreko segregazioa eta prekarizazioa pairatzen duten zaintza eta etxeko langileen eskubideak eta ongi bizitzeko baldintza materialak ezeztatzen dituztenak, Martxoaren 8ko grebaren alde agertu dira.

Irain eta umiliazio horren aurrean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak era anitzean eta irmoan erantzun du, anitzak bezain irmoak baitira greba antolatu eta parte hartuko dutenak: etxeko langileen elkarteak; pentsionista antolatuak, eta antolatugabeak; tren eta autobuseko langileak; hoteletako, erakunde publiko eta enpresa pribatuetako garbitzaileak; erresidentzietako, jantokietako eta derrigorrezko hezkuntzako langileak; sexu-langileak, irakasleak eta batxilergoko ikasleak; migratuak, errefuxiatuak eta exiliatuak; ijito feminista euskaldun gazteak, ez euskaldun ez gazte direnak, amak, amonak, ipurdiak egunero garbitu behar dituztenak, ikasketarik ez dutenak eta goi-mailako ikasketak dituzten unibertsitarioak, Euskaldunako emakumeak, paper fabriketako langileak, gorputz sexualizatu eta arrazializatuak, heteronormatibitateari alergia diotenak, gaindosi normatiboari eusteagatik antsietateak edo depresioak jota daudenak, emakume transak, bollerak, presoak, zutik, lau hankan edo gurpil-aulkian bizitzeko ez baimenik ez barkamenik eskatzen ez dutenak, meatzaritzan urteetan aritu eta sekula langile kontsideratuak izan ez direnak (gora Meatzaldea eta Ezkerraldeako feministak), sindikalizatuak, bertsolariak, kazetariak eta makinetako muntatzeetan doikuntzak egiten dituzten azpikontratatuak, haurrak egunero eskolatik jaso eta jaten ematen dietenak, lan ordaindura joan aurretik komuna garbitu eta arropa zintzilikatzen dutenak, gauero titia ematera altxatzen direnak, emakume izateagatik tratu txarrak jasaten dituztenak, umeak portaleko eskailerara lotu behar dituztenak erosketak bosgarren pisura igotzeko, zaintzailerik ez duten emakume* edadetuak, apenas ezer egiteko edaderik ez dutenak, eta bizitza osoa ezkonduak igaro eta gero, senarra hiltzean, askatasuna ezagutu dutenak.

Etsaiak eta arerioak nortzuk diren argi duen mugimendua gara. Horrenbeste aldiz lapurtu eta zuritu digute gorputza, ezen gure diskurtsoa zuriezina eta lapurtezina den.

Feminismoa ezin da erosi emantzipazioa ez dagoelako salgai.

Euskal Herriko Mugimendu eta Greba Feminista ezin dira zuritu. Zikinak garelako.

Politizatuak gaudelako.

Gure kontrako gerra izendatzen aspaldi ikasi genuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.