PSOE. Espainiako Langile Alderdi Sozialista. Kakotx artean dauden bi berba horiek aspaldi handian erori zitzaizkion Felipe Gonzálezen garaian triskilatzen hasi ziren partiduari. Bere esentzia galdu du. Hobeto esanda, bere esentzia galarazi diote. Eta ez bakarrik arlo ekonomikoari dagokionez, ez: arlo sozialaz bezainbatean, alderdiak zuen prestigioa hilduratzeaz arduratu dira hainbat eta hainbat kargudun eta figura garrantzitsu.
PSOEko kide, buruzagi eta ordezkari politikoek berdintasunaren eta tolerantziaren bermatzaile eta anparatzailetzat dute beren burua. Batik bat LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei dagokienez. Pentsu dute, genero bereko pertsonen arteko ezkontzak ahalbidetzeagatik, eta ortzadarraren bandera airean astintzeagatik, konplitu dutela. Hortik harago, dena da basamortua, eremu idor kabartua, landua izateko beharrik ez duen lugorria.
Are gehiago: azken urte hauetan, partidu sozialistaren kolkoan handiagotuz joan dira LGTBIQ+ siglen osagai batzuekiko errefusa, eta errefus horrek eragindako barne-tentsioa. 2020 eta 2023 bitartean, Podemos Espainiako Gobernuan zegoenean, hasi zen nabaritzen, eta, Espainiako Gorteek Trans lege sonatua onartzekotan zeudela, goreneko puntura arribatu ziren T-arekiko arbuiozko mezuak. Carmen Calvo eta Andrea Fernández, sektore feminista transfoboaren ahotsik ozenenak, izan ziren mezu horien barreiatzaile gailenak.
Bazirudien, Calvo eta Fernández foku mediatikotik apartatu zituztenetik, urak baretu eta mezu transfoboak aienatu zirela, eta, horrekin batera, kolektiboaren kontrako jokabideak. Alta, Sevillan antolatutako PSOEren XLI. Kongresuak, berrireki ditu behinolako debadioek sortutako zaurien orbainak. Oraingo honetan, LGTBI, LGTBI+ edo LGTBIQ+ idatzi behar den izan da liskarraren ardagaia.
PSOEn ez dute egundo Q hizkia erabili, LGTBI siglekin identifikatzen ez diren pertsonei erreferentzia egiteko. Alderdian azaldu dute LGTBI+ izan dela 2021etik hona usatu izan duten formula, eta Q hori + zeinuaren barruan dagoela interpretatu behar dela. Halere, egunerokoan, partiduko arduradun eta sailek, LGTBI forma enplegatzen dute, + zeinua gabe. Eta, Sevillako Kongresuan, bozketa baten ondorioz, + zeinua desagerrarazi dute.
Hortxe dago gatazkaren muina: Q eta + kenduta, kolektiboaren mugak zedarriztatzen ari direla, kontuan hartu gabe kolektiboa LGTBI sigletatik askoz ere haratago doala. Batzuek ez dute ulertuko, edo uste izango dute txorakeria dela, baina orain esplikatuko dut zein izan den jokaldiaren funtsa.
Jada aipatu dut kolektiboaren siglen inguruko bozketa egon dela Sevillan. Kontua da alderdiko hainbat sektore + mantentzearen alde omen daudela (omen, ez dakigulako egiaz hala den). Baina, antza, + eta Q horien aurkako feminista erradikalen talde batek, bozka egin denean, balantza bere aldera mugitzeko adinako konbentzitze-indarra eduki duela. Halatan, + sigletatik kanpo geratu da. Eta, noski, Q ere bai. Mizto maltzurren batek adierazi du, bozketa hura finitu eta berehala entzun zirela honako zantzo eta oihu alegerak, bi elementu horien kontrako betoa ospatzeko: «Gora emakumeon borroka». Egia izatera, ahalkegarria litzateke. Ulertezina begitantzen zait, borroka feministaren izenean, hainbatek horrelako destaina agertzea LGTBIQ+ pertsona anitzen aurka, gehienbat Q eta + horien kontra.
Problema beldurgarria daukate PSOEn, eta beste alderdi frankotan. Eta gizartean, oro har. Badago LGTBIQ+ (nik osorik idazten dut) pertsonok osatzen dugun kolektiboa erdeinatzen duten feminista erradikalen talde bat. Gutxiengoa dira, baina oso gutxiengo arriskutsua, nolanahi ere. Feminismoaren izenean gure kontra egitea ez da aurrerakoia. Eta, jakina, ezta feminista ere.