Jone Miren Hernandez Garcia.

Feminismo islandiarra

2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Emakumeok mikrofonoan/ jaso izan dugu burla/ gaur ere batzuk haserre daude/ ezin dute disimula/ Ni ziur nago egunen baten/ erakutsiko dugula/ bertsolaritzak barrabilekin/ zerikusirik ez dula.

Estitxu Arozenaren bertsoak dira horiek, 1993ko urtarrilaren 23an abestu zituen Bertsolari Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldian. Ia 20 urte pasa dira, baina, zentzuzko bertsoekin gertatzen den moduan, jendearen ahotan dabiltza oraindik. Bertso zaharrak dirudite, baina gaurko lelo baten indarra dute. Zergatik? Garai hartako emakume bertsolarien egoera zein zen deskribatzen asmatu zuelako. Labur eta argi azaldu zituen argumentuak eta gainera ausardia bildu zuen jendaurrean adierazteko.

Bertso horietan sumatzen den moduan, ikuspegi kritikoa izan da (eta da) feminismoaren ezaugarri nagusietariko bat. Historian, kritika hori modu ezberdinetan garatu eta gauzatu da: feminismoa kalean —gizarte mugimendu gisa—, akademian —pentsamendu feminista bezala— eta erakunde publikoetan—berdintasun politika forman— txertatuz joan da. Hedapen horren emaitzak? Ez da erraza balorazioak egitea. Igaro berriak dira martxoaren 8aren inguruan antolatutako jarduera eta ekintzak. Bakoitzak egin dezake bere hausnarketa, inguruan ikusi, entzun edo sumatu duenaren arabera.

Momentu honetan kezka bat darabilt nire baitan; egunkari honen irakurle edo idazle batek orain dela aste batzuk adierazi zuen kezka bera. Hau da, feminismoa eta matxismoa gauza berdina diren diskurtso edo ustea hain modu orokortuan hedatua izateak kezkatzen nau. Biak ere ismoak diren neurrian, badirudi aukera erraza dela parekide bihurtzeko, sinonimo. Egungo errealitatean arretaz erreparatzea lagungarri izan daiteke gaia argitze aldera. Krisialdi ekonomikoak eragindako greba orokor baten atarian gaudenez, har dezagun adibide egoki bat: Islandia.

Islandiak 2008ko urrian izugarrizko porrot ekonomikoa pairatu zuen, Europa osoan gertatuko zenaren igarle bilakatuz.

Islandiak puntako ekonomia zuen. Bizi-kalitateari, garapenari eta berdintasunezko indikatzaileei dagokienez, mundu mailan gailurrean zegoen. Nazio Batuen datuen arabera, garai hartan munduan bizitzeko lekurik hoberenetarikoa zen Islandia. Horregatik, agian, bere crash-a larriagoa izan zen. Nola imajinatu porrota itxuraz gauzak ondo egiten ari ziren tokian?

Krisiaren ondorioz, lehen ministroa zena kaleratu zuten, eta ondoren, emakume batek hartu zuen kargua 2009ko martxoan: Johánna Sigurdardóttir. Lehenengo aldia zen Islandiaren historian. Gobernura iritsi zenean bere figurak mundu osoko prentsaren arreta bereganatu zuen, besteak beste, beharbada, bere profilagatik: ibilbide luzea egina zuen Sigurdardóttirrek sindikalismoan eta politika orokorrean. Gainera, dibortziatutako ama da, feminista eta gay deklaratua —2010ean, berriz ezkondu zen bere egungo bikotekidearekin; horretan ere aitzindari bihurtu zen. Izan ere, Islandian sexu bereko bikoteen arteko ezkontzen artean berea izan zen ziurrenik lehenengoetakoa—. Harridurarako elementuak izan daitezke horiek, edo ez, bakoitzak nondik begiratzen dion. Pertsonalki, gobernura iritsi eta handik gutxira elkarrizketa batean esandako hitzak izan ziren zur eta lur utzi nindutenak.

Sigurdardóttirrek krisiaren inguruan egiten zuen diagnostikoa oso argia zen, zorrotza eta zuzena. Titularrak, gutxi gorabehera, honela zioen: krisialdia baino lehenago gizonezko gazteek agintzen zuten Islandian. Hortik aurrera, deskribapen finak egien zituen egungo lehen ministroak: porrota baino lehenago finantza eremuak muga guztiak gainditu zituela, arrisku izugarriak hartu zirela, harrokeria non-nahi aurki zitekeela eta dena joko bat bihurtu zutela. Gizon gazteen kultura zen, emakumeek ez zuten parte hartzen horretan. Eremu horretan maskulinitatea zen nagusi, azpimarratu zuen Sigurdardóttirrek. Zioenez, maskulinatearekin loturiko estereotipo nagusi guztiak aurkitzen ziren bertan. Ikuspuntu horretatik, krisia gizonezkoen ohiko balioen krisia zela ondorioztatzen zuen.

Egun, hiru urte pasa ondoren, hainbat datuk konfirmatzen dute Islandiaren berreskurapen ekonomikoa. Prozesu horretan emakumeak protagonismo berezia izaten ari dira. Gobernuan emakumeak gehiengoa dira, eta egun, porrot egin zuten bankuetan emakumeak daude zuzendaritzan. Islandiako lehen ministroak dioen bezala, emakumeekin batera balore berriak lantzen ari dira, eta ikuspegi eta egiteko modu ezberdinak garatzen: epe luzeari begirako neurriak hartzen ari dira, praktikoagoak eta estrategikoagoak; ziurtasunean oinarrituriko proposamenak nagusitzen dira, jasangarriagoak diren ekimenak martxan jartzen dira.

Hori guztia emakumeak direlako? Printzipioz bai, emakume bezala esperientzia batzuk bizi izan dituztelako, eta gizartean paper batzuk bete behar izan dituztelako historikoki. Heziketa zehatz bat jaso dutelako eta balore batzuk lantzeko haziak izan direlako.

Harritu eta hunkitu egin nau politikari horren analisiak. Baita azaldu izan duen ausardiak gauzei dagokien izena jartzeko. Eta nahi gabe iruditzen zait bat egin zuela Estitxu Arozenak orain dela 20 urte egindako bertsoekin.

Bide batez, uste dut adibide ona izan daitekeela ulertzeko feminismoa eta matxismoa ez direla gauza bera: ez jatorrian, ez gauzapenean eta ez ondorioetan. Feminismoa ezberdintasun egoera batetik dator, diskriminaziotik; sistema kritikatzeadu helburu, balio berriak proposatuz eta landuz; betiere pertsona guztien berdintasuna lortzeko asmoz, hau da, gizarte parekatuagoa eta justuagoa. Matxismoa, Islandiak erakutsi digu, beste gauza oso ezberdina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.