Asier Etxenike.

Faxismoa

2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Nola aurre egin faxismoari edo eskuin muturrari? Zein edo zeintzuk dira modurik eraginkorrenak? Nik ez dut erantzun borobilik galdera horientzat. Oxala! Uste dut erantzuna ez dela sinplea eta ez dagoela modu bakarra horri aurre egiteko. Beraz, horren inguruan akademian idatzitako elementu batzuei eta, bereziki, beste leku batzuetan egin denari erreparatuko diot.

Aldez aurretik, uste dut komeni dela zehaztea zertaz hitz egiten ari garen. Askotan iruditzen zait faxismoa edo faxista hitza bera erabiltzean identitate, etiketa edo irain gisa erabiltzen denean, gutxitan adierazten dela zehazki zertaz ari garen. Eta zehaztapenik gabe, jende askorentzat faxismoari erreferentzia egiten zaionean burura etortzen zaizkionak iraganeko egoerak, irudiak eta ekintzak direla esango nuke. Eta horiek ez dutenez guztiz bat egiten egun pentsamendu edo ekintza faxisten barruan kokatu nahi diren eragileekin, mezu antifaxistek sektore zabaletan indarra eta eraginkortasuna galtzen dutela iruditzen zait. Wikipedian bertan begiratuta, horrela hasten da azaltzen edo definitzen: «Faxismoa mugimendu politiko autoritario ultranazionalista izan zen. Faxismoaren beste ezaugarri batzuk antikomunismoa, antiliberalismoa, agintaritza bakar eta absolutua, demokraziaren aurkakoa eta populista aldi berean, eta indarkeriaren erabilera sistematikoa ere izan ziren. (...) Benito Mussoliniren agintaritzapeko Italia eta Hirugarren Reich Alemanian izan ziren erregimen politiko faxista nagusiak». Beraz, nire ustez, komeni da kontzeptuarekin asoziatzen diren iruditegiak eta mezuak nolabait eguneratzea.

Eskuin mutur «berri» honek, aurreko mendekoak bezala, oso modu eraginkorrean sortu edota erabiltzen ditu emozioak: beldurra, erresumina eta gorrotoa, baina baita biktimismoa eta harrotasuna ere. Berdin zaio, aurreko mendean bezala, emozio guzti horiek astintzeko gezurra modu sistematiko eta lotsagabean erabili behar badu ere.

Baina baditu, nire ustez, hainbat berrikuntza. Diskurtsoaren ohiko ardatzei (xenofobia, arrazakeria eta autoritarismoa ) matxismoa/misoginia gehitu die. Baita anti-establishment edo anti-intelektualismo moduko jarrera bat ere, goiko-beheko ardatz bat irudikatuz. Gainera, estatu espainiarrean, aipatutakoez gain, beste ertz bat gehitzen dute. Identitate nazionalaren mehatxatzaile diren «kanpo immigrante» pobreei beste immigrante moduko bat gehitu diete: «barne immigrantea», subiranistak eta independentistak, alegia. Labur esanda, muturreko eskuindar horiek arrazistak eta xenofoboak badira, antifeministak, matxistak eta antisubiranistak bezainbeste, ustez gu nazional mitiko baten batasuna «zatitzen» duen guztiari erasotzen diotelako da, eta posizio horretatik, batetik, biktimismoa eta, bestetik, harrotasuna lantzen dute.

Haien diskurtsoa zabaltzeko orduan, ekosistema komunikatibo oso bat eraikitzen dute. Mota guztietako hedabide eta sare digitalak oso modu eraginkorrean erabiltzen asmatzen dute, eta modu horretan ere beste hedabide zein eragile politiko eta sozialetan eztabaidak eta edukiak baldintzatzen dituzte. Eta kaleko lana ez dute albo batera uzten.

Horri guztiari nola aurre egin? Lehenik eta behin, inportantea iruditzen zait ondo ezagutzea zerekin konektatzen duten. Zergatik lortzen duten arrakasta handiagoa edo txikiagoa sektore batzuetan edo besteetan. Askotan, aurreiritzietatik abiatuta (adibidez, VOX bozkatzen dutenak pobreak, egoera ekonomikoarekin kaltetutakoak, direla zabaldu izan da) egiak ez direnak zabaltzen direlako, eta horrek zailtzen du erantzun eraginkor bat ematea. Jarrera faxistei erantzun bat edo beste emateaz gain, haien mezuak modu positiboan jasotzen dituztenei ere entzun beharko litzaiekeela uste dut.

Bestetik, badira hainbat ikerketa ondorioztatzen dutenak eman beharreko erantzuna ezberdina dela horrelako indarrek ordezkaritza parlamentarioa eskuratu aurretik edo ondoren. Nolabait, haien bazterketa eta ikusezintasun sozial eta politikoa baliagarriak izango lirateke duten indar maila oso txikia denean. Egoera horretan, baliteke hedabideen eta gainerako alderdien lankidetzarik gabe, eskuin muturrak ezintasuna izatea haien mezuak zabaldu eta indarra hartzeko. Beraz, Euskal Herrian edo Espainian, adibidez, mantendu beharreko jarrerak ezberdina izan beharko lukeela iradokitzen dute ikerketa horiek.

Hala ere, nahiz eta Euskal Herrian ordezkaritza instituzionalik ez izan eta indar soziala oso mugatua izan, espainiar zein frantziar hedabideak euskal herritar askoren etxeetaraino sartzen dira, eta horrekakaso, honetan ere, hausnarketa propio bat eskatzen du.

Behin erakundeetara sartuta, ordea, haien indarra txikiagotzeko modua ez dago argi. Formula ezberdinak erabili izan dira Europan, arrakasta maila ezberdinarekin. Alemanian isolamendu politikoaren alde egin dute, eta beste alderdi guztiak adostu dituzte Alemaniarako Alternatibak botereguneak har ez ditzan. Frantzian eskuin muturraren politikak aplikatu ondoren (2010ean, Nicolas Sarkozy kontserbadorea Frantzian bizi ziren ijito «ez frantsesak» Errumaniara, Bulgariara edo Kosovora kanporatzen eta deportatzen hasi zen, eta 2013an Manuel Valls Sozialistak jarraitu zuen,) eta horrek Fronte Nazionalaren arrakasta gelditzen ez zuela ikusita, Alemanian bezala, isolamendu politikoaren alde egin dute. Austrian eta Italian koalizioan gobernatu dute. Andaluzian edo Europa iparraldeko hainbat herrialdetan eskuineko gobernuak babestu dituzte, oposizioan geratuz.

Baina legebiltzarretako eremuez harago, eztabaida beste esparru askotara zabaltzen da. Instituzioetatik kanpo, hezkuntzan, kalean, lantokietan... Grezian Urrezko Egunsentiari modu komunitarioan emandako hainbat erantzun arrakastatsu aurkitu ditzakegu.

Eskuin muturrak ideiak eta jarrerak leku askotan zabaltzen ditu, eta horien aurrean askotan isilik geratzeko jarrera izaten dugu, gatazkan ez sartzearren edo jarrera axolagabean. Baina, modu horretan, basakeria legitimatzen ari gara. Bestetan askatasunen izenean edo demokraziaren izenean alfonbra gorria zabaltzen zaie, tirania gure begi-bistan agertzen delarik. Aniztasuna aipatzen da, ezberdina denaren inguruan gorrotoa bota dezaten. Errespetuaren izenean, liskarra eta iraina besterik eskaintzen ez dutenei plazak ematen zaizkie.

Zalantzarik ez dut axolagabekeriak edo ekidistantziak ez dituztela haien ideiak geldituko. Modu batera edo bestera aurre egin behar zaiela. Eta, aldi berean, haien mezuetan erantzun bat aurkitzen dutenei beste zerbait eskaini behar zaiela. Ildo horretan, nire ustez, hain zuen, memoria historikoan, heziketa politikoan, feminismoan eta politika komunitarioetan egon daiteke egun eskuin muturraren gorakadaren aurrean botika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.