Azkenaldian, hezkuntza publikoan jarduten dugun hainbat lagun kezkatuta gaude, gure ikastetxeetan «¡Arriba España!», «¡Viva Franco!», «¡Viva Vox!» eta halakoak gero eta ozenago entzuten eta gero eta pareta eta altzari gehiagotan margotuta ikusten baitira. Jakina, ez dira ikasle guztiak, ikasle gutxiengo zaratatsu bat baizik. Noski, adierazpide horiek gure ikastetxeetan badute zirikatzeko asmorik, euskaldun eta aurrerakoitzat hartzen duten autoritateari —irakasleoi, hain zuzen— aurre egiteko gogorik daukaten heinean. Gainera, ez omen gara horretan ere oso bereziak, Instagramen eta beste sare sozial batzuen bidez zabaltzen ari den fenomeno espainola baita; nola ez, Interneten unibertso osoa izanda ere, geuk hona nonbait zegoen modarik higuingarriena ekarri behar izan dugu.
Moda den heinean, logikoena da joera iragankorra izango dela pentsatzea. Bestalde, badira hamasei urteko mutil batzuk gaur esaten dutenari benetan merezi duen garrantzia eman behar zaiola uste dutenak. Halere, niri kezka sakona errotu egin zait, ikastetxeko pasilloetako bitxikeria hutsa izan daitekeena abagune zehatz batean gertatzen ari baita, kanpo-joera zehatzez lagunduta, alegia. Nerabe hauek haziko eta heziko dira ultraeskuina Europa osoan alternatiba politiko gisa normalizatzen ari den garaian. Etorkizuneko helduak izango diren nerabeon begietan, honezkero ultraeskuina beste aukera politiko bat besterik ez da. Eta nazio ikuspegitik ere, Ipar Euskal Herrian halakorik aspaldian gertatu izana ez da, momentuz, kontsolamendu eraginkorra.
Hala eta guztiz ere, zenbait irakasle ahalegintzen ari gara gaia pasilloetatik ikasgelara, patioko oihuetatik eztabaidara ekartzen, horretan ere porrot egin omen duen D eredu honetan. Ikasleekin faxismo zaharrari eta berriari buruz, ultraeskuinaren balioei buruz eztabaidatzen saiatzen ari gara, behinik behin jakin dezaten ikasgelatik kanpo oihukatzen duten hori zer den. Eztabaida gehienetan, jarrera horiek sustatzen dituzten mutilei —bai, guztiak mutilak dira— neskek aurre egiten diete, argudio feministak erabiliz. Ez dut uste hori ere kasualitatea denik. Zer esanik ez dago, nerabeen artean faxismoak maiz topatzen ez duen antagonista independentistaren hutsak ere kezkatzen nau.
Batzuen ustez, hezkuntza publikoaren txarrena da, nire iritziz, bere dohainik handiena: hemen guztiok gaude, eta gizartean bakoitzari dagokion tokiak hemen ere izan behar du. Beraz, aniztasuna da hezkuntza publikoaren ezaugarri nagusia. Horregatik, kontraesanak kontraesan, euskal gizarte garaikidearen metonimia ederra da. Hezkuntza publikoan ez dira guztiak ni bezalakoak, ezta antzekoak ere, oso gutxi dira zentzu horretan nire komunitate txikikoak; agian horregatik ere hau egiazkoagoa da. Aniztasuna, ordea, ez da neutroa. Gure aniztasunak euskara du ardatz, baita bere kide guztien eskubide guztiekiko begirunea ere. Honela hazi eta hezi nahi dugu.
Eta faxismoa Euskal Herrian, nazio koordenatuetan ere ez da neutroa: Espainiazalea eta Frantziazalea da. Gainera, faxismoak bere agenda politiko zehatza dauka. Agenda politiko horrek jomugan kolektibo zehatzak dauzka: etorkinak, feministak, homosexualak, independentistak... bere normaltasun espainiarra ala frantziarra hausten duten guztiak, hain zuzen ere. Faxismoak kolektibo horiek, hezkuntza publikoan zorionez oso nabarmenak direnak, hain zuzen, gizartearen etsai bihurtu nahi ditu. Horretarako, interesatzen zaizkion eztabaidak inposatzen, bere lelo zaharberrituak behin eta berriz errepikatzen, eta bere gezurrak egiazko albisteak balira bezala zabaltzen ditu... ikasgelaraino, lagunarteraino, norberaren etxeraino, gutako bakoitzaren baitan izan daitekeen faxista hori susper dadin. Umberto Eco idazle eta pentsalari italiarra zenak Columbia unibertsitatean 1995. urtean egindako hitzaldi batean faxismo berria antzematen laguntzeko asmoz, zenbait ezaugarri jakinarazi zizkigun. Hona hemen, hurrenez hurren: tradizioa gurtzen dute; modernismoa (Ilustrazioari dagozkion balioak) arbuiatzen dute; ekintza bere horretan goraipatzen dute (gogoetaren beharrik gabe); pentsaera kritiko oro errefusatzen dute; desberdintasun ororen beldur dira; klase ertain etsiei deialdia egiten diete; nazionalismoa eta xenofobia suspertzen dituzte; etsaiaren figura erabiltzen dute; gerra iraunkorrerako jarrera izaten dute; ahulekiko mespretxua adierazten dute; epika zale hutsak dira; matxismo bortitzaren alde daude; populismo kualitatiboa (demokraziaren oinarriak etengabean zalantzan jarriz) defendatzen dute, eta hizkuntza berria (lexiko urria eta oinarrizko sintaxiarekin errealitate binarioa irudikatzeko lengoaia zuzen eta zehatza) asmatzen eta zabaltzen dute. Ecok emandako argibideok marrazten dute hezkuntza arloan ere landu beharreko eremu zabal eta zaildua.
Nire iritziz, hezkuntzan ez ezik, arlo publiko guztietan ere faxismoaren agenda politikoari aurre egin behar zaio, euskalduntasuna aldarrikatuz eta batez ere praktikatuz, bere gezurrak agerian utziz, hari interesatzen zaizkion eztabaida faltsuak saihestuz eta aurrerabidean segitzeko eztabaida eraikitzaileak suspertuz, bere lengoaiari uko eginez eta aniztasuna aintzat hartzen duena erabiliz, gorrotoan oinarritutako ideien inguruan «osasun-hesiak» osatuz eta espazio publikoak ukatuz, haiei uko egitea gure auzokideak babestea baita, gure komunitatea zaintzea baita.
Azkenik, Hanna Arendtekin bat egin nahi nuke ideologia perbertso baten mesedetan, beste batzuen aginduak betez, pertsona arrunt samarrek ere munstro bilakatzeko aukera handiak dituztela adierazi zuenean. Ez da lan erraza izango, baina tokian tokiko guztiok beharrezkoak gara ideologia perbertso hori desagerrarazteko.
Faxismoa hezkuntza publikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu