Faxismoa ez da inoiz behar bezala lurperatu Europa kontinentean. Alemania nazia erortzean amaitu zelako ustea zabaldu izan da han eta hemen, Franco hiltzean demokrazia eskuratu genuen ustea bezalatsu. Faxismoak, ordea, ez du sekula alde egin Europatik, alemaniar faxismoa Estatu Batuen Marshall planak ordezkatu zuen, demokrazia eta askatasunaren izenean beraz; ordutik, yankien atzaparrak herri eta kale orotara iristen dira; zenbaitetan, presidente beltz aurrerakoiaren itxura hartzen duen arren, kaleetan normaltasunez daramagun modako kamiseten banderarena besteetan, edo abesti baten doinuetan ezkutatzen da, baina beharrezkoa duenean fusil edo tankeen atzean babesten da faxismoa, atzo bezala gaur ere.
Ukrainan ere, antzaldatuz joan da Inperialismoa; hasierako batean ikasle itxura hartu zuen, baina ez zuten luzaro itxaron lehen fusilak heldu arte. Maidan plazara ez ziren gutxi izan egun batetik bestera ustekabean agertutako armak, estatubatuar kontsulatutik Svodoba eta Pravy Sektor (Eskuin Sektorea) talde naziek egindako sartu-irtenak gutxi izan ez ziren bezala, ezta estatu kolpea gidatutako Turtxinov kolpistak eta oraingo presidente Poroxenko oligarkak egindakoak ere.
Europaren bihotzean, demokrazia eta bakearen erdigunean estatu kolpe armatu bat egin zutenak iraultzaileak ziren mendebaldeko herrialde eta masa komunikabideentzat; demokratak, Kieveko kaleetan komunista, homosexual eta errusiar hiztunak jipoitzen zituztenak; demokraziaren maisuak, agintean ezarri ziren alderdiak, Svodoba alderdi nazi aitortua barne; herriari leialak, Europar Batasunaren aginduz herrialdeak inoiz ezagutu ez dituen murrizketa beldurgarriak ezarri dituztenak; bakezaleak, euren herriaren aurka gupidarik gabe armak erabili dituztenak; iraultzaileak, Odesako sindikatuen etxean, haur, gazte eta heldu, ehun herritar baino gehiago bizirik erre zituztenak. Inperialismoaren zirku mediatikoan, ordea, terroristak dira erregimen faxista eta kolpista hori onartu ez eta euren etorkizuna erabaki nahi izan dutenak, autodeterminazio eskubidea gauzatu eta herriaren nahia babestu dutenak; Krimea, Luhansk eta Donetskeko lurraldeak faxismotik askatu dituztenak.
Izan ere, Donbasseko lurraldeak aske izatea erabaki du; hori da herri horren bekatua, eta ondorioak erruz ari da ordaintzen herritar oro; mila hildako baino gehiago dira jada Ukraina ekialdean Kieveko gobernuak terrorismoaren kontrako operazioa abiarazi zuenetik, ukrainar militarren desertzio masiboen ondorioz, azentu geroz eta yankiagoa daukan armadaren eskutik erailak. Eta erasoa zabaltzeko eta indartzeko aukera bila ari da han eta hemen, AEBek eta EBk ez baitute inoiz kontzientzia arazorik izan gerrak sortu eta finantzatzeko: Afganistan, Irak, Libia, Siria, Ukraina… Inperialismoak makineria guztia jarri du martxan herrien burujabetzaren kontra, eta Europa Ekialdera zabaldu da jomuga, eremu geoestrategiko garrantzitsuak bereganatzeko desiran, bere mesedetara makurtu nahi ez duen herri oro zapalduz, atzo bezala gaur, demokraziaren eta askatasunaren izenean beti.
Makineria horren zutabe nagusietako bat gerra mediatikoa da dudarik gabe; errealitatea, buztinezko irudi baten gisan, nahi bezala moldatzen dute, Europako herrietako langileak txotxongilo bilakatuz; eta Ukrainan ere, tamalez, lortu dute. Donbasseko herri milizietako erresistentzia antifaxistak errusiarzale izendatzea izan da masa-komunikabideek denbora gehien eskaini dioten jarduna, errusiar mamua zabalduz. Hori gutxi balitz bezala, armak eskutan faxismoaren aurka altxatu diren miliziak laster batean bilakatu dituzte terrorista. Horren aurrean, internazionaliston lana da Ukrainako ekialdeak bizi duen benetako egoera plazaratzea, eta euskal herri langilearen betekizuna da egoera horretaz jabetzea, bertatik irakaspenak ateratzea eta elkartasuna eskaintzea.
Gure herrian ere, faxismoaren garretatik aska zedin, milaka euskal borrokalari ezagutu dituzte gure mendi eta lautadek; faxismoaren aurka eta herriaren askatasunaren alde bizia emandako borrokalari gehiegi ezagutzen dituzte gure errepide bazterrek, gure hilerriek. Gaur, oraindik ere faxismoa bizirik dugu Europan; bizirik dago Espainiar Estatuaren egitura guztietan.
1936an, internazionalismoak izan duen praktikarik ederrenetakoa ezagutu zuen faxismo espainiarraren aurkako gerrak: ehunka brigadistak bizia eman zuten eurena ez zen herri baten alde borrokan; eurena ez zen herria baina eurena sentitzen zuten borroka batengatik hil ziren. Gaur egun ere, zenbait belaunaldi beranduago, Faxismoaren aurpegi gordinena inoiz baino presenteago dago, Gazako sarraskian bezala Europa Ekialdean ere. Eta herri langile eta herri zapalduen biziraupenerako bada ere, nonahi eta nolanahi dela ere borrokatu eta garaitu beharrean gara izurrite amaiezin hori. Horretarako, internazionalismoa eguneroko praktika bihurtzea da gure erronka. Europako langile guztien kateak apurtzeko bide bakarra baita, eta gaur, internazionaliston beharra dauka ukrainar herriak; izan ere, borroka hori ere norberarena sentitzea da iraultzaile baten bete beharra; hala, Euskal Herritik Donbasseko herri harresiari elkartasuna helaraztea ezinbestekoa da, faxismoaren aurkako erresistentziari babesa adieraztea.
Askatasunaren bidean, faxismoaren aurka elkartasun internazionalista. Ez dira pasatuko, ez Ukrainan, ez inon!
Faxismoa ez da behar bezala lurperatu Europan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu