Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

'Farlete', agente garrantzitsua

2024ko uztailaren 11
05:00
Entzun

«Mikel Lejarza» dela esanez dabilenaren istorio faltsua eraikitzeko orduan, Fernando San Agustin Farletek garrantzi berezia izan du. 1965ean Akademia Militarrean teniente gisa graduatu ondoren, Bartzelonako Kazetaritza Eskola Ofizialean ere graduatu zen, eta hori primeran etorri zitzaion antifrankisten artean sator lana burutzeko orduan.

Haiek uste zuten kazetari hutsa zela, baina Inteligentzia Zerbitzuko agente bikaina ere bazen, diktadura garaian ez ezik, Franco hil ondoren ere zerbitzuarentzat hainbat lan egindakoa. San Agustinek dio 1975eko irailean, Mikel Lejarza protagonista izan zuen infiltrazio operazioa amaitu berritan, jada ez zuela harreman ofizialik zerbitzuarekin, soilik Andres Cassinello bezalako hainbat bururekin. Gezur galanta. Bai orduan, bai gerora ere, zerbitzuarentzat lan egiten jarraitu baitu.

Gezurrak botatzeko orduan, sekulako aurpegia du. Galdetu ziotenean ea ETAk harremanik izan ote zuen narkotrafikoarekin, berehala erantzun zuen: «Jakina!». Bere argudioa izan zen drogen mendekoek Euskal Herrian lortzen zutela drogarik merkeena. Ukaezina omen zen ETAk narkotrafikoarekin izandako lotura. Farlete gezurtiak ederki daki ETAk ez zuela inoiz narkotrafikoarekin harremanik ñimiñoena izan, baina ez zitzaion batere igarri gezurretan ari zela.

Behin bakarrik ikusi dut nahiko urduri galdera baten aurrean. Telebistan emandako dokumental batean galdegin zioten ea Mikel Lejarza hiltzea pentsatu ote zuten. Segundo amaiezin batzuetan kamerari begira oso serio egon ondoren, bere erantzuna izan zen: «Ez, ez. Begira». Eta beste etenaldi luze samar bat igarota, gehitu zuen: «Eta galdera hori ez da egiten». Orduan bakarrik igarri nion urduritasuna. Beste inoiz ez.

San Agustinek beti eduki du oso argi Armada edo Segurtasun Indarretako kideak ez direla egokiak infiltrazio sakonak burutzeko. Horregatik, Franco hil ondoren, zibilak errekrutatzen ibili zen. Test mordoa pasatu behar izaten zuten eta, aurreko guztiak gaindituz gero, azken testa, gidatze iheskorrari buruzkoa, 1981etik aurrera eraikitako Can Padró zirkuituan egiten zuten. Ukaezina da, beraz, 1980ko hamarkadan ere, Inteligentzia Zerbitzuarentzat lan egiten zuela.

Farlete izan da, gerora, zirkuitu horren jabe eta bertan kaptatu zuten Terra Lliure erakunde armatu katalana desegitea biziki erraztu zien infiltratua, Txema Aloi. 1992an Bartzelonan egin ziren Olinpiar Jokoak baino lehentxeago desegin zuten Terra Lliure, satorrari eta tortura latzei esker. Apustu egingo nuke San Agustin buru-belarri ibili zela infiltrazio-operazio hartan, Can Padró zirkuitua dagoeneko erabilia baitzuen agente berriak errekrutatzeko.

Armada 1980ko hamarkadaren hasieran utzi zuen, Komandantea zela. Ordurako denek zekiten zer nolako zereginetan zebilen eta, lan berrietan ahalik egokien moldatzeko, horixe irudituko zitzaien neurri eraginkorrena. Enpresa pribatuan hasi izanaren itxura egitea, Inteligentzia Zerbitzuan jarraitzen zuen bitartean.

Adibidez, 1988tik aurrera, Mikel Lejarza dela esanez dabilen pertsonaia horren istorioa eraikitzen jarduna da. Gezurrezko istorio hori ahalik egokien janzteko orduan, primeran etorri baitzaie bere esperientzia, eta berak ofizialki armadarekin zerikusirik ez izatea.

Duela gutxi argitaraturiko La trastienda de los servicios de inteligencia liburuaren kontrazalean, Farlete egileak dio bertan kontatzen direnak 1960ko hamarkadaren erdialdetik aurrera egin dituen operazioak direla; besteak beste, ETAren aurkakoak. Argi uzten du protagonista egilea bera dela, «izen desberdinekin, operazio bakoitzaren arabera».

Beti saiatu da bere buruaren irudi oso jatorra ematen. Bizikidetzaren bila ibili omen da une oro, baina egiazki inoiz ez dio uko egin helburuak lortzeko edozein bitarteko erabiltzeari. Benetako gentleman bat dirudi, soilik inteligentzia lanez arduratu dena. Antzerki hutsa. Itxura tranpati horren atzean gauza itsusi asko ezkutatzen baitu.

Anjel Ugarte jeneralaren Espía en el País Vasco liburuan ikus daitekeen moduan, Inteligentzia Zerbitzuen misio garrantzitsuenetako bat prentsa eta kazetariak manipulatu eta erabiltzea izaten da. Ugarte Euskal Herriko arduraduna izan zen zerbitzu horretan, urte luzez, eta merezi du aipatzen dituen adibideak patxadaz irakurtzea. Bereziki, nola erabili zuen Jose Maria Portell kazetaria. Edo nola utzi zen Portell erabiltzen.

Farlete ere espezialista handia da prentsa eta kazetariak manipulatzen eta oso ondo moldatu da hainbat kazetari ezagunek Lejarza faltsu horri buruz idatz dezaten. Dena den, Ugarte jeneralari gertaturikoa gertatu zaio berari ere, ez du jakin izan egoa egoki kontrolatzen, eta gehiegi azaldu da Mikel Lejarza dela dioen pertsonaia horri buruzko istorioetan: biografiak idatzi dituzten kazetariekin harremanetan, haiek informatzen, dokumentaletan...

Horrek piztu zituen ene lehen susmoak. Beste hamaika motibo tarteko, sendotzen joan diren susmoak, oso seguru izan arte San Agustinen garrantziaz operazio horretan. Eta beste askotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.