Fan Bingbing eta fanak

2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Donostiara heldu eta 64. Zinemaldiaren akreditazioa eskuratu ondoren, programazio zabalari zelan aurre egin pentsatuz zigarro bat erretzen ari nintzela, ondoan, Kursaaleko alfonbra gorrian, bi neska selfie bat ateratzen ari ziren, barre algaraka. Makilaselfie bati eusten ziotela, alfonbra gorri distiratsuak argazkian nahikoa protagonismo bazuela frogatu ostean, «Bing! Bing!» oihukatzen hasi ziren. Nire alabak irudikatu nituen etorkizuneko Zinemaldi batean, eta, egoera ikusita, muturra okertu nuen. Gogoeta horretan murgilduta nengoelarik, lagunak barrez esan zidan: «Horra euskal Bingbing fanak»

Zigarroa amatatu, aukeratutako film zerrenda alde batera utzi eta glamour-ak bat-batean guztiz limurtzen gintuen sentsazioa izan nuen. Fan Bingbing bera irudikatu nuen alfonbran guregana etortzen, bidaia guztietan laguntzen dioten hogei personal assistant-ekin eta, euren atzean, gonbidatutako beste superstar guztiak. Zertarako antolatu jaialdi bat glamour-ik ez badago? Oker egon naiteke, baina neskatila haiek bazuten Fan Bingbing aktore ospetsuaren berri; jaialdiaz, berriz, zer gehiago ote zekiten galdetzen nion neure buruari. Ikusleak pelikula berrien bila joaten dira jaialdietara, baita haien inguruko giroaz gozatzera ere. Eta hor dago Zinemaldiaren lorpenetariko bat, hain zuzen, urtean zehar zinemara joateko ohitura gutxi duen jendea buru-belarri murgiltzen baita zinemaren jaian Zinemaldia heltzean. Zuzendari gehienak nortzuk diren ez dute jakingo agian, pelikularik ospetsuenak aurretik zein jaialditan egon diren ere ez, baina esperientzia berriak bizitzeko prest daude, eta bakoitzak bere filmen eta jaialdiaren zirkuitu partikularra osatzen du; eta ikusten da Zinemaldia ez dela zinemazale sasijakintsuentzat soilik. Jakina, kategoria honetako jaialdietan munduko pelikularik ospetsuenak programatuta, jaialdia bera legitimatzen da, eta ospea duten filmak saritzen diren neurrian, bideak zabaltzen dira beste jaialdi ospetsuetan ere parte hartzeko eta jaialdiaren marka bera ere hedatzeko.

Hortaz, bi modu eta unibertso bereizten dira halako jaialdietan. Batetik, zinema kritikari, programatzaile eta jarraitzaile sutsuak daude, adituen artean adituenak, antza, pastazko betaurreko postmodernoekin edozein unetan iritzi baliotsua emateko prest daudenak; alegia, zuzendariak eta pelikulak hamar segundoan suntsitzeko edo goraipatzeko gaitasun eta erraztasun paregabea eta harrigarria dutenak. Eta bestetik, lehen aipatutako publiko zabala dago, hein batean zinemazalea izan daitekeena baina ez duena jarrera ultraespezializatu eta snob-ik izaten. Ez dugu ahaztu behar zinema jaialdiak denontzat izan behar direla, ez profesionalentzat eta kanpotik datorren jendearentzat soilik, baita bertakoentzat ere. Azken horiei ausartak izatea gomendatuko nieke, arriskua hartzeko prest agertzeko, munduko hainbat txokotatik etorritako pelikula bereziak aukeratzeko, aretoetan egongo ez diren pelikulak ikusteko, haserretu ahal gaituzten pelikulak ikusteko, edota lo gelditzeko aproposak diren filmez ere gozatzeko. Eta deriba zinematografiko horretan murgiltzen direlarik, pelikula bikainak, erdipurdikoak eta txarrak topatuko dituzte. Azken finean, ohituta ez gauden zinema deskubritzea eta ustekabean harrapatzeko parada ere aprobetxatu behar dira. Film eta zuzendari berriak topatzeaz gain, gerta liteke zinema aretoko ilaran jende berria ezagutzeko eta ligatzeko aukera ere suertatzea.

Kanpoko proposamenek liluratuta, ez dezagun ahaztu aurtengo euskal zinema (edo Euskal Herrian ekoitzitako zinema, zehatzago esanda) ezagutzeko aukera ere egon dela. Sekula baino euskal film gehiago programatu dira, eta horietariko hiruk Zabaltegi-Tabakalera nazioarteko sail lehiakor berrian egotea ere lortu dute. Denetarik ikusteko parada egon da: dokumentalak, fikziozko film luzeak, Kimuak-eko film laburrak, eta D2016k bultzatutako film kolektibo eta poliedrikoa ere bai. Euskal zinemari beti eskatu diot ausartagoa izan behar dela, arriskatu egin behar duela, proposamen garaikideagoak bereganatu behar dituela, unibertsalagoa izan behar duela eta munduko txoko guztietara heldu behar dela. Etxetik gertu dugun jaialdian gure pelikulak estreinatzea lorpen handia bada ere, hemendik aurrera izango duten ibilbidea eta zein ligatan jokatuko duten egiaztatzea benetako erronka izango da.

Eta bakoitzak bere zirkuitu partikularra osatuta ere, Zinemaldia bestelako jaia ere badela ohartzen gara; hala nola pelikula emanaldien artean paseo bat emateko edota hondartzan bainu azkar bat hartzeko, urtean zehar oso gutxitan ikusten ditugun lagunekin elkartzeko, kanpotik datozen lagunak pintxo eta txakolinetara gonbidatzeko, gauez festaren batean galtzeko... zergatik ez, zinemaren jaiaz gain, bizitza bera ospatzeko jaia ere bilakatzen baita Zinemaldia

Bertakoek uste baino glamour gutxiago duen hiri sasikosmopolitan, zinemaz, pintxoez, ardoaz eta konpainia paregabeaz gozatzen gaudelarik, jaialdia bukatu dela ohartzen gara. Zinemaldia amaitzean uda ere amaitzen dela eta neguko arropak atera behar ditudala konturatzen naizen une honetan, kotxea hartu eta etxera goaz. Hurrengo urteko Fan Bingbinga nor izango ote den apustuak egiten hasi gara jadanik. Ez dugu neskatila haien moduan selfie-rik aterako, baina barre eta algaraka esaten diogu agur aurtengo Zinemaldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.