Familia

2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
XXI. mendean, harrigarria bada ere, oraindik emakumeentzat beharrezkoa ez den bereizketa zapaltzaile bat dago: «anderea» edo «andereñoa» aukeratzea. Gizonak «jaun» kategoria sinplean biltzen diren bitartean, emakumeok sistema bitar batera baztertzen gaituzte. Horrela, egoera zibilaren objektibazioa eta menpekotasuna identitate-faktore gisa betikotzen dira. Praktika horrek, itxuraz errugabea denak, eguneroko hizkuntzan errotuta dagoen genero-desberdintasun iraunkorra islatzen du.

Hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua da eta pertsona jakin batzuk baztertu edo alienatu ditzaketen galderak egin aurretik, aukera desberdinak kontuan hartzea derrigorrezkoa da. Adibide moduan, azkenaldian harritu nauen galdera esplizitua eta espezifikoa ipiniko dut: familiarik ba al duzu? Ama ez izanik, bai erantzuten dut beti, niretzako familia izatea ez delako seme-alabak edukitzera bakarrik mugatzen, familia-harreman ugari biltzen dituelako. Baina normalean, espero den erantzuna seme-alabak izatearekin lotuta dago, familia kontzeptua seme-alabak edukitzera mugatzen delako, eta ez ditu aintzat hartzen pertsonek familia-harremanak izateko eta esperimentatzeko dituzten modu askotarikoak.

Kezka handia bilakatzen ari da seme-alabak edukitzearena. Azken bi hamarkadetan jaiotza-tasa oso maila baxuan mantentzen ari da, eta Eustateko azken datuei so, Euskadik 13.636 jaiotza izan zituen 2022an, aurreko urtean baino %4,4 gutxiago. Datu hori erkidego mailan zenbatzen hasi zenetik, 1975etik, izandako jaiotza kopururik txikiena da. Nafarroan jaiotza-tasa %25 jaitsi da hamarkada batean eta Europa mailan gertatzen ari den fenomeno bat da. 60ko eta 70eko hamarkadetan, gaur egun Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetan, zazpi milioi haur baino gehiago jaiotzen ziren urtero. Orain lau milioi inguru jaiotzen dira. Ondorioz, munduko biztanleriak 30 urte ditu batez beste; Europakoak, aldiz, 44.

Eurostaten eskuragarri dauden jaiotza-tasari buruzko azken datuen arabera (2020), Espainiako Estatua jaiotza-tasa txikiena duen bigarren herrialdea da, 1,19 seme-alaba emakume bakoitzeko. Gainera, seme-alabarik ez duten emakumeen proportzio handiena duten Europako herrialdeetako bat da, eta, era berean, lehen haurra duten emakumeen batez besteko adina ere altuenen artean dago, 31 urte. EAEn ama izateko batez besteko adina 32,39koa izan zen 2021ean, eta Nafarroan 31,88.

Argi dago emakumeok gero eta beranduago eta gero eta seme-alaba gutxiago ditugula eta urtero seme-alabarik ez duten emakumeen kopurua igotzen ari dela. Eustaten arabera, datozen urteotan, hiru euskal emakumetik batek ez du seme-alabarik izango. Baina zergatik ari da gertatzen fenomeno hau?

Gaia erpin askotatik aztertu daiteke, baina derrigorrezkoa da gaur egun emakume bati seme-alabak edukitzeak zer suposatzen dion aztertzea, eta horretarako kontziliazioaren eta genero-desberdintasunen arazoa jorratu beharko genuke. Nik ez dut uko egiten erakundeak estatu mailan egin dituen bi inkesten datuak oso baliagarriak izan daitezke egoeraren argazkia jasotzeko.

Ikusezinak izenburua duen makro inkestaren datuen arabera, amatasunak soldatapeko lan bizitzan eragina du. Lanaldi murriztuak, eszedentziak edo zuzenean lana uzteak soldata galera sortzen die emakumeen %57ri. Izan ere, 2022an, Gizarte Segurantzaren datuen arabera, estatuan seme-alabak zaintzeko emandako eszedentzien %70,2 emakumeentzat izan ziren (33.200 emakume), eta soilik %29,9 gizonentzat (14.165). Hamar emakumeetatik lau profesionalki gutxietsia sentitu dira ama izan ondoren eta %37k zuzeneko diskriminazioa jasan dute, ama-mobbing uste baino askoz ohikoagoa omen da. Esade Gender Monitor azken txostenaren arabera, emakumezko zuzendarien %80k uste dute nolabaiteko sakrifizioa edo ukoa egin behar izan dutela ibilbide profesionala garatzeko, eta, horien artean, ia erdiek (%42k) adierazi dute horregatik atzeratu edo uko egin diotela amatasunari.

Zaintzak emakume baten aurpegia badu, ama bere izen arruntena da. Emakumeen %15ek baino ez dute ordubete libre egunean. Seme-alaben emozioak kudeatu, eskoletako etxeko lanetan lagundu, lagunen urtebetetzeaz arduratu, ikastetxeetako Whatsappeko mezu elektroniko eta taldeen ardura, seme-alaben adiskidetasun harremanak zaindu, bazkariak eta afariak planifikatu... dena amen esku dago ehuneko oso altuetan. Eta gainera, etxean bertan egin behar den lana gehitu behar zaio. Euskadin, adibidez, etxeko lanaren %67,2 emakumeek egiten dute, eta %32,8, gizonek. Horrela, ez da harritzekoa inkestatutako emakumeen %85ek ordubete baino gutxiago edukitzea libre egunean. Aisialdia ez izateaz gain, beren burua zaintzeko edo garapen pertsonal edo profesionalerako denbora ez edukitzea suposatzen du ama izateak. Prozesu horretan emakumeak bakarrik sentitzen dira, hamar emakumetatik zazpi eta hamarretik sei errudun, ez direlako denera iristen.

Badirudi zeregin banaketa desberdin horrek eta amatasunak dakarren kostuaren kontzientziak eragina daukatela emakumeak seme-alabak ez izateko edo seme-alaba gehiago ez izateko nahiarekin. Izan ere, kontziliazioa sustatzeko helburua, arlo ekonomikoaren eta zainketen arteko harremanaren aldaketan oinarritu behar da, zaintzak kostu bat duela ulertu behar dugu, gure bizitzako esparru guztietan. Jakinda jaiotzen gainbeherari eustea jada ez dela nahikoa, ugalkortasunaren beherakadak aukera bat zabaltzen digu eredu soziala berrikusteko, posible izan daitezkeen bestelako aukerak lantzeko.

Anna Gabriel CUPeko Kataluniako Parlamentuko diputatu ohiak oihartzun mediatiko handia jaso zuen Cataluña irratian egindako elkarrizketa batean familia eredu alternatiboaz hitz egiterakoan: «Daukagun eredua pobrea iruditzen zait eta oso gutxi aberasten duela iruditzen zait, eta orain esango dudan hau oso polemikoa izan daiteke, baina eredu honek haurrak dituzten pertsonak oso kontserbadore bihurtzeko joera du». Munduan existitzen diren bestelako familia ereduak aipatu zituen, amatasunaren edo aitatasunaren ikusmoldea hain indibidualizatua ez duten ereduak. Oinarria ez da familia nuklearra, leinua baizik. Elkarrekin eta taldean seme-alabak izatea erabakitzen duen talde bateko kide izateko aukerari egiten dio erreferentzia familia eredu horrek; izan ere, Afrikako esaera ezagun batek dioen bezala «tribu osoa behar da ume bat hazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.