EAko primarioetarako hautagaia

'Fake news’ Legebiltzarreko Mahaian

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Duela egun batzuk, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak, EH Bilduren ekimenez, «fake news-ei aurre egiteko» legez besteko proposamen bat eztabaidatu zuen. Proposamena egin zuen taldeak zioen «manipulazioari eta desinformazioari aurre» egin behar zaiela, «gezurra gero eta gehiago naturalizatzen den mundu honetan», zioen Gari Mujika legebiltzarkideak. Eta hitzaldi hori Eva Blanco Mahaiko lehendakariordearen begiradapean egin zuen, Eusko Legebiltzar osoko fake news sortzen espezialista nagusiaren begiradapean. Bitxia eta kontraesankorra aldi berean.

Ez dugu ezer berririk esango, Eva Blancok eta bere zuzendaritza nazionalak egia gehiegitan ezkutatu dutela esaten badugu. Berdin zaie errealitatea faltsutzea, epai judizialak aipatzear utzita edo Konstituzio Auzitegira jo dutela ezkutatuz. Duela gutxi, beste fake news baten berri eman zuten.

BERRIAn argitaratutako elkarrizketa batean, Blancok, politikan oso arriskutsua den autosufizientzia eta lotsagabekeria nahastuta, «epaiketa guztiak bere zuzendaritzak irabazi dituela» adierazi zuen. Gezurra.

Guk, berriz, gezurrak eta fake news-ak datuekin ezeztatzen ditugu, publikoak diren epaiekin zehazki:

- Arabako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioaren 568/21 Epaia, (2021-07-21)

- Gasteizko Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiaren 220/2023 Epaia, 2023-01-27

- Arabako Probintzia Auzitegiaren 001083/2023 Epaia, (2023-09-18)

- Espainiako Auzitegi Gorenaren 1759/2023 Epaia, (2023-12-19)

Eva gezurretan ari da. Berriro ere. Eta egongo dira sinetsi nahi diotenak, edo, esaten diotenak ez zaiela axola gezurretan ari bada ere... Are gehiago, inguruan egongo da gezurra esatera bultzatzen ari zaiona... Baina horrek ez du errealitatea aldatzen.

Eva, ez! Zure aurkari politikoak kanporatu zenituen, eta auzitegiek berriro hauek onartzera behartu zintuzten, esan dutelako «haien parte-hartze politikoa eragozteko» egin zenuela.

Primarioetan iruzurra egin zenuten, eta auzitegiek (baita jo zenuen Auzitegi Gorenak ere) horiek errepikatzera behartzen zaituztete. Egia hau da, Eva. Gezurrik gabe, fake news-ik gabe.

Eta horregatik, auzitegiek gu berriz onartzera eta primarioak errepikatzera behartu zaituztelako, afiliazioak ordaindutako bidaian joan zara Madrilera, Konstituzio Auzitegira, afiliazioari ahotsa ematea saihesteko ahalegin desesperatu batean.

Eta Madrilera egin zenuen bidaia hori ere ezkutatu egin duzu, esanez joan den irailaren 22ko Alkartasun Egun oso lasaia bizi izan zenuela, epaitegietan ebazteke ezer ez zenuelako.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko burua ere kutsatu da; ez du ba esan «kritikoak haserre daude auzitegietan galtzen dutelako»... Fake news.

Tamalez, fake news txarrena gure alderdiari dagokiona da. Evak eta bere zuzendaritzak lasaitasunaz, normaltasunaz, proiektu politikoaz... hitz egiten duten bitartean…EAren egungo egoerak tristura handia eragiten dio afiliazioaren gehiengo handiari. Gehiengo handiari, letra larriz. Ez da fake news.

Eusko Alkartasunaren egungo zuzendaritzak, Blancok (legebiltzarkidea Gasteizen), Martinez Cerrillok (batzarkidea Araban) eta EH Bilduko beste hainbat karguk (publiko edo barneko) osatutakoa, guztiak ondo ordainduak (alderdiaren desagerpenera bideratutako lanaren saria), alderdiaren jarduera minimora mugatu du, EH Bildun desagerturik. Ez batzarrik, ez eztabaida politikorik, ez ekarpen politikoak dituzten agerraldi propiorik…Izatez, ezker abertzaleak gobernatutako EH Bildun desegin da.

Dena lau data sinbolikotara mugatu da, eta hauetan Blancok gidatutako proiektuaren tristura eta konbentzimendu falta agerian geratu da. Berak publikoki «oso egun polit eta lasaitzat» deskribatu duena, iazkoarekin batera, EAren historiako Alkartasun Egunik lotsagarriena izan zen. Alkartasun Egunean ehunka militantek parte hartu ohi zuten, baina azken urteotan ez da berrogeita hamar lagun baino gehiago bildu, eta horrek, zalantzarik gabe, edozein buruzagi politiko gorrituko luke.

Baina Blanco eta bere zuzendaritza ez dira gorritzen. Eusko Legebiltzarreko lehendakariordeak eta bere akolitoek «oso egun polita» iruditu zitzaien. Inolako autokritikarik ez, agerian geratu arren ez direla gai ez atxikimendurik ez babesik lortzeko, ezta gure herriak aurrera egiteko proposamen politikoak landu eta aurkezteko ere, eta hori izan behar luke alderdi abertzale baten helburu nagusia. Finean, ez dira gai alderdi politiko bat zuzentzeko ere.

Horregatik, ez dugu amore emango. Ez dugu etsiko. Ez dugu proiektu hau zapuzten utziko. EAko afiliatuok badakigu, berandu baino lehen, EA berriro ere bihurtuko dugula beti izan den erreferente politikoa, gure herrian proiektu sozialdemokrata bat beharrezkoa, ezinbestekoa, dela pentsatzen jarraitzen dugulako. Gogoeta egiteko unea da. EA aktibo ez egote hori, ahots propioarekin eta indar militantearekin, ez ote da erabakigarria izan EAJren sorpasso-a ez gertatzeko? Edo zentro-ezkerreko boto-emaile batzuk oraindik EH Bilduren baitara ez etortzeko?

Berriz ere eztabaida politikoak mahaigaineratuko ditugu, ezker abertzaleak dituen lehentasun politikoak zalantzan jarriko ditugu (ahalegin guztiak Madrilen bakarrik jarrita dabil eta), ezagunak izan arren, ez direlako zertan ez zalantzan jarri. Tentsio dialektikoa, agian Arnaldo Otegi buru duen Ezker Abertzalearen etengabeko kontrol nahiarentzat gogaikarria, oso onuragarria izango litzateke EH Bildurentzat eta, ondorioz, baita hautesleentzat ere.

Lana eta proposamenen bidez, gezurrik gabe. Fake news-ik gabe.

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute:

Iratxe Lopez de Aberasturi, Miren Aranoa, Mikel Goenaga, Esther Korres eta Begotxu Olaizola (EAko zuzendaritzak kanporatuak eta berriz onartuak; sei sinatzaileetatik bost, epai judizial bidez).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.