Fagor Etxetresnen porrotaren gakoez

Iñaki Heras
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
«Fagor-en itxieraren benetako gakoak» (BERRIA, 2019-5-9) artikuluaren egileek diote Fagor Etxetresnen porrotari buruz egin dugun lanak — «Confebask-ek diktatua dirudiena[k]»— langileak egin nahi dituela egoeraren erantzule. Bueltan dator iritzi artikulua argitaratu zen egunean bertan BERRIAn egindako elkarrizketan aipatzen nuen samina. Ez gurean hain ohikoak diren esamolde astun horiek —«estrategia patronala», «neoliberalismoaren doktrina»— norberarekin erlazionatuta ikusteagatik, baizik eta gai honekin hainbeste sufritu duten hainbesteren saminarekiko elkartasunagatik. Benetan sentitzen dugu gure lanaren tratamendu mediatikoak sortutako zarata antzua; baina bada zerbaiten erakusle eta zerbaitetarako ikasbide.

Ez, ez ziren langileak izan porrotaren erantzuleak. Ezta Gizarte Kontseilua ere. Ez dio hori gure ikerketak. Ezta gaiari buruz idatzitako iritzi artikuluek ere; irakurgai daude sarean, izenburuez haratago irakurri nahi duenarentzat. Langile kontzientziaz dihardute egileek; kooperatibak merkatu ekonomian lehiatzen direnean «elkartasuna, berdintasuna, inplikazioa eta parte-hartzeari benetako esanahia ematen diotenak. (...) Hori izan behar da kooperatibismoaren abantaila konpetitiboa, bere balio erantsia». Luze hartuko luke aberasgarria izan behar lukeen eztabaida horrek ere. Eta, besteak beste, lehia abantailaz aritu behar bagenu, oinarrizko printzipio kooperatiboekin erlazionaturiko bazkide kontzientziaz aritu behar genuke, langile kontzientziaz haratago; baita autoeraketak duen ahalmenaz ere kooperatibentzat nahiz beste ezein antolakuntzarentzat.

«Benetako arazoa», diote egileek, «zuzendaritzako kideen kontratazioa izan zen, etekinik eman ez zuten Brandt eta beste enpresa batzuk erosteko erabakia hartu zutenak». Bai, oso garrantzitsua izan zen porrotarentzat kooperatibaren organo guztiek onartu zuten erabaki horrek ekarri zuena. Baina «benetako arazoetako» bat izan zen, ez bakarra. Nagusia? Zaila da esaten. Ohikoa da, baina askotan ez oso egokia, enpresa baten porrota zein arrakasta erabaki jakin bakar bati egoztea; testuinguru konplexua aztertzeke eta denbora dimentsioaren eragina kontuan hartzeke. Gurean bertan baditugu horren hainbat adibide. Baina baita hausnarketa sakonagoen ondorioz lortutako irakaspenak ere. Ikuspegi deterministaren arabera, gure enpresa askok aspaldi egon behar zuten itxiak.

«Ikas dezagun gertatutakoaz, etorkizunera begiratzeko, baina zorroztasunez eta era objektiboan». Zorroztasunari eta irakaspenari buruz esandakoarekin ados. Garrantzitsua da, bai, irakaspenaren mesedetan, gaia zorroztasunez aztertzea. Eta ez samina modu antzuan zabaltzeko, joko politikorako, edota oraingoan, euskal kooperatibagintzaren zein langileriaren kontra, gure artean dagoeneko herri kirola ere baden harrikadaka aritzeko. Objektibitateari, berriz, ezinezkoa deritzot. Edozein antolakuntzaren baitan —nola kooperatibetan, hala enpresa kapitalistetan—, gizarte gatazkaren erreprodukzioa ikusten dugu funtsean. Eta horren azterketa egiterakoan nekez eska dakioke objetibitaterik ikerketari, gero eta zabalduagoa den paradigma konbentzionalak kontrakoa dioen arren. Aitzitik, norberak ispiluan geure buruari errazegi atzeman ohi diogun aipatu zorroztasunaz haratago, edozein eragilek edo jakituria konbentzionalak berak diktaturiko doktrinei buruz independentziaz aritzeko grina aldarrikatuko nuke. Eta baita fede ona ere; esan gabe doa hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.