Independentismoak estrategiaren inguruko eztabaida publikoa behar du. Jendeak euskal errepublikara egin beharreko bidea ezagutu eta onartu egin behar du eraginkorrak izan nahi badugu.
Apirilaren 12an Naiz Irratian Arnaldo Otegiri egin zioten elkarrizketan, Elgoibarkoak bide bat marraztu zuen. Bere esanetan, euskal errepublikarako bideak hiru fase izan behar ditu: lehenik botere instituzionala eskuratu behar da; ondoren, kudeaketa onaren bitartez, independentistak sortuko dira; eta, amaitzeko, erabakitzeko fasea letorke. Estrategia instituzional huts honek baditu baina ahulgune nabariak, nire ustez.
Ahulgune nagusia, teleologia marxistaren ajea deritzodana da. Marxismo klasikoak komunismora iristeko faseak modu mekanikoan deskribatzen zituen. Lehenik jendarte premodernoak leudeke, gero jendarte modernoak, jarraian kapitalistak, eta, kontraesanak lehertzean, halabeharrez, jendarte komunistetara helduko ginateke. Arrakasta izan zuten iraultzak, baina, fase hauek bete ez zituztenak izan ziren. Hala ere, askapen bidea fasetan irudikatzearen ajeak mugimendu askatzaile gehienetan iraun du.
Orain dela hamar urte erabakitzeko eskubidearen fasean geundela esaten zitzaigun, ez geundela independentziarenean. Orain, berriz, erabakitzeko fasea baino lehenagoko fase batean gaudela esaten zaigu: botere instituzionala hartzeko fasean, alegia. Horrela, faseen kontu hau aitzakia bilakatu zaigu prozesu independentistaren hasiera atzeratzeko. Oharkabean, prozesu independentista behar zuena prozesu elektoral hutsa bilakatu zaigu.
Edozein prozesu askatzaileren oinarrizko araua da helburu konkretu baten aldeko nahia zabaltzea. Eta nahi independentista zabaltzeko derrigorrezkoa da prozesu independentista martxan izatea. Prozesuaren xedea hori baita funtsean; independentistak sortzea. Prozesu independentistak sortu eta indartuko du subjektu independentista. Horregatik, independentismoak badio ez dagoela independentziaren fasean, harriak bere teilatura botatzen ariko litzateke.
EH Bilduren hauteskunde emaitzak ikusita, esan lezake batek baino gehiagok Arnaldoren bideak funtzionatzen duela. Ez nago ados. Iruditzen zait baieztapen horrek bitartekoa helburuarekin nahasten duela. Azken hamarkada honetan egin diren inkestek, EH Bilduk bototan gora egin duen erritmo berean independentzia nahia apaldu dela esaten digute. Zergatik? Gramsciri jarraituz, hegemonia kulturala jorratu beharrean hegemonia kuantitatiboari begiratu diogulako. Beste modu batera, helburua ez da izan independentzia edo askapen nahia zabaltzea, helburua EH Bilduk bototan gora egitea izan da.
Historiak diosku Arnaldok planteaturiko faseen bideak ez duela balio. Hau hobeto azaltzeko, nire ustez oso pertinenteak diren bi adibide jarriko ditut. Eurokomunismoa gauzen egoera aldatzeko marraztu zen estrategia soilik elektoral/instituzionala izan zen. PCIren kasuak, adibidez, baditu gurekin paralelismoak. Europa mendebaldeko alderdi komunistarik sendoena izan zen. Jendartean sedimentazio zabala zuena. 1976ko hauteskundeetan botoen %34 atera zuten. Hala ere, igo ziren modu berean ondoratu ziren.
EH Bildurekin antzekotasun nabariak dituen ERCrekin jarraituko dugu. Gogoratu Arnaldoren bideak, bigarren fasean, kudeaketa onaren ondorioz independentistak sortuko ditugula dioskula. Hala ere, kudeaketa hutsaren bitartez oinarri independentista zabaltzea ez da gertatu Katalunian. Justu kontrara, independentzia nahiak beherantz egin du ERC Generalitatean egon den tartean. Orduan, zer irakasgai atera ditzakegu adibide hauetatik?
Eurokomunismoaren adibideak erakusten diguna da, helburu nagusia botoetan gora egitea bada, aldatu nahiko genukeen normalkeriaren diskurtsora gerturatzen garela eta hasiera batean nahiz eta gora egin botoetan, epe ertainera beherantz joango garela. ERCren adibideak, berriz, erakusten digu kudeaketa hutsak, nahiz eta besteena baino hobea izan, indarrean dagoen markoa indartzen duela. Eta, beraz, independentistak sortu beharrean momentuko markoari atxikimendua handitzen duela. Konturatu behar dugu ere, hasiera batean jende askok alderdi hauei botoa gauzen egoera apurtuko zutela uste zutelako eman ziela. Ikustean ez zirela horretarako gai edo ez zirela atrebitzen, botoa emateari utzi zioten. Ondoan aldebakarreko prozesu independentista ez duen estrategia elektoral hutsa trapuzko hankak dituen elefantea da.
Hala ere, eta Arnaldok aipatutako hirugarren fasera helduko bagina, erabakitzekora, fase hori ezinezko batean oinarritzen dela konturatuko ginateke; Espainiak ez baitu autodeterminazio eskubidea sekula onartuko. Gainera, jendartearen gehiengo oso zabalak badakienez hori ez dela gertatuko, ez luke aktibazio herritarrik sortuko. Independentzia nahia zabaldu nahi bada bideak sinesgarria izan behar baitu. Honegatik guztiagatik, Arnaldok proposaturiko hiru faseen estrategiak independentismoaren indargabetzera garamatzala uste dut. Pazientziak estrategiarekiko adostasuna behar du.
Esan bezala, bide egokiak independentistak sortzea izan behar du helburu nagusitzat, ez botoak lortzea. Independentismoak duen egitekorik urgenteena aldebakarreko konfrontazioa noiz, non eta nola sortuko duen erabakitzea da. Jendarteari euskal errepublika posible dela sinetsarazten dion bidea eskaini behar dio. Aldebakartasuna lehenesteak badu bertute hori, aldebikotasun hutsak, aldiz, ez. Bide horretatik etorriko zaizkigu erradikalizatutako gehiengo elektoralak ere. Igo dezagun eztabaidaren maila, beraz. Sapere aude.