Sare sozialetan nolabaiteko zalaparta sortu omen du Jon Sarasuak bertso txapelketen inguruan esandakoak, eta, eztabaidarako gaia besterik ez bada ere, inor gutxik ateratzen dituen gaiak dakarzkigu Jonek, konformismotik alde egiten duten horietakoak, beraz, zorioneko Jon!
Utz dezagun norbanakoaren pentsaera ideologikoa, eta sar gaitezen zentzu kritikoaren eztabaidan: kulturaz ari gara batik bat, eta Jonek abanikoa zabaltzearen beharra aipatzen du; horretara nator.
Agian, idealismotik arrazionalismorako bidaiatxo bat egitea komeni zaigu, zeren historia begiratzea lakorik ez dago, eta dakigunez, garaian garaiko aldarriak haizeratu ditugun arren «egin dezagun biharko horretan» edo «oraintxe dugun aukeran», gauza askotxo bertan behera eta ideietan zintzilik izotz-txintxirriak bailiran geratu direlakoan nago.
Eta ez naiz lehena hobea zelakoaren iritzi horietakoa, ez eta ezkorra ere, nahiz eta gurean, ezkor izatearen ohitura ere egon badagoela jakin, eta hala eta ere, onuragarri diren gauza asko oso baliagarriak direla eta bidea eginez aurrerapen handiak egin ditugunaren ustea dudan.
Baina, bai, halaxe da, autokonplazentzian mugitzeak ez dakarkigu aurrerabiderik, eta kulturatik pentsaera kritikoa gutxitxo darabilgunaren susmoa dut.
Ez dakit, gure kristau erreferentzia edo bizipenagatik edo beste zerbaitengatik den, baina bideak markatuta baleude legez, funtzionario gisan pentsatu eta ibiltzearen ohituran bageunde legez jarraitzen dugu era askotan. Agian, betidanik betiko gaietan murgiltzearen ohituretan sartuak gaudelako eta hortik irtetearen beldur bagina legez gabiltzalako. Eta herri batek, aurrera egiteko, ideia berritzaileak ere behar ditu, barruak arrakaldu eta arakatuko dizkigun horietakoak.
Jon Sarasuaren gogoetak hortik datoz, biziberri prozesuaren garaikide honetan, zer berri eskaini behar dugun esaka ari zaigu betiere.
Egindako bidea lokazteko arriskua dagoela zioen ez hain aspaldi. Erreakzio nabari sortu omen ditu beraz, berak aditzera emandako gogoetak, eta hala bada ere, zaplaztekoak ondo etorriak izan daitezela, behar ditugu-eta.
Lozorroan gaudenaren seinaleaz ari zaigu Jon, baina konfiantza duelakoan, geuk egin beharreko aurrerabide onuragarrirako bidean sinisten duelakoan nago.
Bertso txapelketen inguruan ari da batik bat, eta nerau ez naiz inor gauza berririk esateko ez eta eskaintzeko, entzulea besterik ez naiz-eta, entzuletariko bat, eta zera diot, niretzat mirestekoak zaretela bertsolariok, gaiak zein inteligentzian darabiltzazuen, eta gaiari berari buelta emateko ere zer-nolako gaitasuna agertzen duzuen!, beraz, txalotzekoa, urtez urte, hain bizirik eta hain indartsu jardutea.
Eta bakoitza norbere egoa gizentzen gabiltzan honetan, bestei entzutearen balioa, mesedegarri zaigu, ezbairik gabe. Hala eta ere, gurean, bertsolaritzatik at, beste alor asko zimelago daude, ez dagoelako inolako fronte komunik ez eta elkarlanerako proposamenik ere.
Oraindik orain, arlo eta ideia berri asko ekarri beharrean gaude, eta gazteei eman diezaiegun paso, beraiek izan daitezen eragile, baina helduen esperientzia eta norabidea ere erakutsiz. Kontuan izanik, hala ere, egin beharreko bidean, ideien lorpena, hitzetan baino gehiago egintzetan eta ekinaren ekinean errotzen dela. Bada esaeretatik zer ikasi eta zer hausnartu; «ekiñe baragarrie da» diogu Arratian.
Esanetara etorrita, esan daitekeenaren eta esan ezin daitekeenaren esparrua markatua dagoela bertso txapelketetan, hala dio Jonek, eta «Meza geza» deitzen diolarik. Eta modaren jarraipenaren inguruan elizatik merkataritza gunetara pasatu garela. Hala da.
Baina bertsogintzak duen portaera, nolabaiteko ispilua ere badela diot beste gai batzuekiko, eta eredu zareten horretatik, bada ba kulturaren beste alorretan eginbeharreko eztabaida zabalgarriagorako gaia.
Euskal kulturan bizi dugunon marko ideologikoa, den bezalakoa da, nire ustetan, inguruan bizi dena baino hainbat hobea, zeren, kontuan izanik egungo Espainiako politikaren aferak ze kaka-nahastetan sarturik dauden eta, era berean, Katalunian darabiltena, ez gaude kexatzeko, ezbairik gabe, hobeto gaude-eta.
Beste kontu bat da gure hizkuntzaren egoera, kontuan hartzekoa dela aurrera bagoaz ere nahi eta ezinean eta oztopoen lasterketan gabiltzala. Eta badugula berorri ekiteko eta aurrerantz joanez pausoak finkatzeko gogoeta egin beharra. Eskertzekoa, beraz, Sarasuak noiznahika ekartzen dizkigun gogoetak eta abanikoa zabaltzearen hori, azpimarratzekoa iruditzen zait.
Zer esanik ez, heterodoxo gehitxoagoren beharrean gaudela. Pentsaera kritikoan murgiltzeak bere izate gazi-gozoak dauzka; baina zer egingo genuke, dena besteen errua bailitzan onartuz, inolako kritikarik onetsiko ez bagenu? Hori bai izango litzatekeela dena ontzat hartuz pobretasunean jardutea.
Aurrerantzean ere, izango dugulakoan norekin eztabaidatu gure norabidea suspertzeko besterik ez bada ere! Hala izan bedi!