Eztabaida zorrotz eta zintzoaren alde energiari eta klimari buruz

2021eko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
(Arantxa Tapiaren Energiaren demagogia eta mezu argien beharra artikuluari erantzunez)

Arantxa Tapiak, euskal energia-politikaz arduratzen den sailburuak, eztabaida zentratzeko, zaratatik ihes egiteko eta energiaren eremu konplexuari buruz zorroztasunez eta lasaitasunez eztabaidatzeko eskatzen zuen artikulua idatzi zuen duela egun gutxi, eta elektrizitatearen prezioaren, gas-erauzketari «uko» egitearen, energia berriztagarrien eta berotegi-efektuko gasen (BEG) bilakaeraren, Euskal Energiaren Erakundearen (EEE) eta abarren inguruko bere ikuspegi berezia azaltzen zuen.

Arlook nire kezka eta zeregin politikoaren oinarria izanik, sailburuaren ohar batzuk argitzeko aukera hau baliatuko dut. Izan ere, sailburuak funtsezko arloak ahaztu eta euskal egoera energetiko-klimatiko kezkagarrian duen erantzukizun oro saihestu zuen artikuluan.

Ez dut elektrizitatearen prezioan sakonduko, baina deigarria da sailburuak «ekaitz perfektuaz» hitz egitea elektrizitatearen prezio onartezina azaltzeko eta ez aipatzea prezioak finkatzeko egitura. Hori da arazoaren muina. Labur-labur esanda, kontsumitzen dugun elektrizitatearen %80 amortizatuta dauden zentraletatik edo hondar-kostu aldakorrak dituzten zentraletatik dator, enpresa gutxi batzuei jolasteko aukera emanez euren etekin eskandalagarria maximizatzeko. Baina badirudi horrek ez duela sailburuaren arreta erakarri.

Modu berdintsuan, adoregabea da inolako aipamenik ez egitea energia-politika propioa, prezioa barne, garatu ahal izateko esparru subirano bat izateko premia larriari. Horrela, sailburuak argi eta garbi politikoa den eztabaida saihestu du.

Euskal egoera energetikoari dagokionez, sailburuak erronka-egoera bat azaltzen du, eta bertan hiru ideia-indar plazaratzen ditu: berriztagarriak hedatu behar ditugula, lurpeko gasa ez esploratzeko erabakiarekin kontsekuenteak izan behar dugula eta energia aurreztean zentratu behar garela. Horraino, ados. Hortik aurrera, ez hain ados.

Hasteko, EAEn berriztagarrien hedapen urriari dagokionez, sailburuak gizarte-erantzunari baino ez die erreferentzia egiten, funtsezko eztabaidarik egin gabe.

Aipamen berezia merezi dute EEEri eskainitako laudorioek. Sailburuaren arabera, EEEk (hau da, Eusko Jaurlaritzak) egiturazko hobekuntzak lortu ditu: erreferentzia izatea, energia berriztagarriei laguntzea, BEGak murriztea, petrolioarekiko mendekotasuna murriztea... Haren kontakizunari jarraituz, pentsa liteke gure datu energetiko eta klimatikoak bikainak izango liratekeela. Baina ez dira. EAEko kanpoko energia-mendekotasuna %92koa da (EB %55). Energia fosilaren kontsumoa %85 ingurukoa da. Gure energia berriztagarrien sorkuntza %8 ingurukoa da (EB %19). 2019 izan zen petrolio gehien kontsumitu zen urtea. EEEk sortzen duen elektrizitatearen %90 baino gehiago erregai fosiletatik dator. Gure BEG-emisioak (8,4 tona biztanleko urtean) nabarmen gainditzen du Europako batezbestekoa (7,9). Kyotoko erreferentzia-urtetik (1990), gure emisioak %10 inguru murriztu ditugu (EBk %23 murriztu ditu). Are gehiago, azken 3 legegintzaldietan %0,8 bakarrik murriztu dira.

Larrialdi klimatikoaren garaietan, harro egoteko gutxi, beraz. Datuak eskuetan, eta zintzotasun pixka batekin, onartu behar dugu energia-kontsumoaren murrizketa eta, ondorioz, BEGen murrizketa esanguratsuak krisi ekonomikoen garaietan gertatu direla (2008-2012ko krisiak erakutsi zigun, eta COVID-aren krisiak berretsiko digu).

Baina datuen errealitate gordinak ez dezala kontakizuna lausotu, sailburu andrea. Kontakizun horretan, EEE (eta, bide batez, Gobernua) da aurrerapen guztien erantzule, eta beti dago kanpoko agente bat/batzuk ondo ez doanaren erantzule izendatzeko; «baldintza soziopolitikoak», eskumenak edo haizerik ez dabilela. Denak du eragina, nola ez, baina kontakizun sinesgarriagoa egingo dugu azaltzen badugu Euskal Herriaren zati honetan apustu neurrigabea egin zela gasaren alde,ziklo konbinatuko gas-zentralak jartzearen alde (1955 MW instalatuta; energia eolikoa + fotovoltaikoa 200 MW besterik ez), gasaren bidezko errausketaren alde, fracking bidezko edo fracking gabeko gasaren alde (orain, «uko egin diogun gas erabilgarri» gisa aurkeztu da, baina aurrera jarraitu ahal izateko klimari buruzko Estatuko Legea azken minuturaino borrokatu zuten).

Eta, gainera, gogoratu behar da EEEk oraindik Bahía Bizkaia Gas-en %50 duela, Bahía de Bizkaia Electricidad-en ziklo konbinatua (%25), Nortegas (%10), Zabalgarbi (%10) eta abar. Edo Eólicas de Euskadi Iberdrolari saldu ziola, baina Hidrocarburos de Euskadi-ren %100 mantendu genuela, soilik hidrokarburoak esploratu eta ustiatzen dituena. Hau da, ibilbide luzeko estrategia baten aurrean gaude, erregai fosiletara bideratua, eta orain ezin da esan energia berriztagarririk ez badago gehiegi eskatzen dugulako dela.

Erronka izugarria dugu aurrean energia-klima binomioari dagokionez. Eta ez gaude egoera onean, berdez margotu arren. Azken hamarkadetan gauzatutako politikei dagokienez, aldaketa sakona egin behar da. Eztabaida dezagun zorrotz, eztabaida dezagun zintzotasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.