EHUko irakaslea. Subiranotasuna(k) Aztergai kongresuaren antolaketa-batzordearen izenean

Eztabaida akademikoa EHUn

Iker Iraola Arretxe
2024ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun

Maiatzaren 24an, Bilbon, Subiranotasuna(k) Aztergai kongresuaren laugarren edizioa egin genuen. Aurtengo saioan, eredu publiko-komunitarioaren eta burujabetzaren arteko hartu-emanak aztertu genituen, bi mahai inguru nagusirekin eta beste aurkezpen laburrago batzuen bidez. Gobernantza demokratikoaz, herri mugimenduen eta instituzioen arteko tentsioez, edota zaintza lanen kudeaketa publiko-komunitarioaz eztabaidatzeko aukera izan genuen, beste gai batzuen artean. Kongresu akademiko guztietan bezala, ikuspuntu desberdinak trukatzeko eta ikerlan berriei buruz informazioa jasotzeko eremua izan zen.

Kongresu akademikoetan bi motatako aurkezpenak egon ohi dira: ponentziak, batetik, eta komunikazioak deitzen direnak, bestetik. Lehenengoetan hitz egiten dutenak kongresuaren antolatzaileek gonbidatzen dituzte; komunikazioetan, berriz, jakintza arlo bateko komunitateari dei irekia egiten zaio –call for papers deitutakoen bidez– haien lanak aurkez ditzaten. Bigarren kasu honetan, kongresuaren antolakuntzak, irizpide akademikoen arabera, aztertzen ditu komunikazio proposamenak, eta horren arabera onartu edo ez. Ponentzietan edo mahai inguru nagusietan hizlariek aurkezpena egiteko tarte luzea izan ohi duten bitartean, komunikazioa aurkezten duen ikerlariak tarte labur bat –minutu batzuk– izan ohi du bere lana aurkezteko, eta ondoren eztabaidarako tartea izateari garrantzi handia ematen zaio.

Orain arte azaldutakoa edonork daki unibertsitatean. Ikerlanen emaitzak argitalpenetan eta kongresuetan aurkeztea akademikoen lanaren oinarri-oinarrizko egitekoa da. Testuinguru horretan ulertu behar da, nola ez, subiranotasunari buruzko gure kongresua. Beste ekitaldi akademiko bat izan zen, eztabaida oinarri izan zuena.

Ainhoa Ozaeta doktoreak komunikazio baten proposamena aurkeztu zuen, beste ikerlari batzuek egin zuten bezala. Kasu honetan, Ozaetak EHUn 2023ko urrian defendatu zuen doktorego tesiari buruzko komunikazioa proposatu zuen, eta aztertzaile taldeak, komunikazio proposamen guztiekin egin bezala, irizpide akademikoen arabera aztertu eta onartu zuen proposamena. Gogora dezagun: ikerlan bat hamar minutuz aurkeztu eta jendeak bere iradokizunak planteatzeko ariketa akademiko bat onartzeaz ari gara.

Gauzak horrela, asmo akademikoetatik urrun sortutako fake news-ak eta zalapartak zalaparta, ez dugu ulertzen nola EHUko errektoretzak kongresu bateko batzordeak onartu zuen komunikazioa egitarautik kentzeko presioa egin duen. Benetan, EHUn doktorego tesi bat defenda daiteke, baina ondoren ikerlan hori ezin da EHUren kongresu akademiko batean aurkeztu? Errektoretzak erabakiko du, hemendik aurrera, komunikazio bat aurkezteko pertsona aproposa nor den, komunikazioaren edukiari erreparatu gabe? Edo prentsaren parte bat izango da hori erabakiko duena, aurreiritzietan oinarrituta? Konturatzen al gara zein aurrekari arriskutsu den hori eta, onartuko bagenu, nola oztopatuko litzatekeen unibertsitatearen ezaugarria izan beharko lukeen ideien arteko eztabaida? Nork erabaki behar du, Batzorde Zientifikoak ez bada, zein proposamen aurkez daitekeen kongresu batean?

Gure ustez, EHUko errektoretzak eztabaida akademikoaren aukera gogo biziz zaindu eta defendatu beharko luke, unibertsitatearen oinarrizko ezaugarria baita, eta EHUko irakasleak eta ikertzaileak babestu. Ez genuke normaltzat hartu behar kongresu batean parte hartze hutsagatik ikerlariak seinalatzea. Halaber, ez genuke normaltzat hartu behar kongresu akademiko batean zeuden irakasleek, ikertzaileek eta ikasleek eskuin-muturreko agitatzaileen aldetik presio zuzena jasan behar izatea, jardunaldiaren egunean gertatu zen bezala. Atsekabez ikusi dugu nola EHUren errektoretzak ez duen ez bataren ez bestearen aurrean inolako gertutasunik erakutsi, ezta salaketarik egin ere.

Unibertsitate kanpotik etorri diren presioek ezin dute instituzio unibertsitarioaren funtsa diren ideien arteko trukea, kritika eta eztabaida lasaia galarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.