Oihana Etxebarrieta.

Ezta bat gutxiago ere

2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Astebete ez da pasa Poloniatik itzuli nintzenetik, eta bertan ezagututako kide baten mezuak bihotza uzkurtu zidan duela egun pare bat: «Notizia txarrak hemendik. Berehala jakinaraziko dute nazioarteko komunikabideek, baina jakin ezazu duela urte batzuk Irlandan gertatutakoa jazo dela Polonian ere. Haurdun dagoen emakume bat hil da medikuek legeari dioten beldurragatik ez diotelako abortatzen utzi nahi izan».

Hauxe gertatzen da abortua debekatzen duten legeekin, medikuek fetuari «akatsak» diagnostikatu bazizkioten ere (likido amniotikorik eza, adibidez), hura hil arte zain geratu ziren amaz arduratzeko. Ordu batzuk geroago hil zen emakumea, shock septikoaren ondorioz.

Poloniako jendartearen haserrea berpiztu zuen gertakariak, urtebete baitzeramaten honelakoak gerta zitezkeela salatzen. Ani Jednej Wi?cej leloa erabili dute kalera ateratzeko, Ezta bat gutxiago ere. Urtebete honetan, Mugarik Gabeko Abortuak erakundearen arabera, gutxienez 34.000 emakume poloniarrek legez kanpo abortatu behar izan dute beren herrialdean, edo atzerrira bidaiatu dute errepresaliarik jasan gabe abortatu ahal izateko. Berriz ere, argi dago ordaindu dezaketenek egingo dutela bidaia, eta pobreenek zigor ekonomikoarekin, legalarekin eta bizitzarekin ordainduko dutela lege errepresiboa.

Polonian egin nuen egonaldi laburrean, hain zuzen, Auzitegi Konstituzionalak abortuaren debekua ezarri zuenetik urtebete pasatu zela salatu genuen. Salaketaz gain, urtebete honetan emakumeen bizitzetan izan duen eraginaz aritzeko tartea izan genuen. Sortu dira abortatu nahi duten emakumeak babesteko edo herrialdetik ateratzen laguntzeko elkarteak. Tartean, aipagarria iruditzen zait Belgikako Gobernuak abortatu nahi duten emakumeentzako bide seguruak ireki dituela. Danimarkako Gobernua ere lege bat lantzen ari da, haien herrialdeetan abortatzeko debekua duten emakumeek Danimarkako osasungintza publikoa erabili ahal izateko. Kapazak ginateke horrelako zerbait lortzeko hemen ere?

Urtebete honetan, elkartasuna nabarmena izan den bezala, errepresioak ere gora egin du etengabe. Talde ultraeskuindarrek, haien lobby juridikoen bidez, salaketaz ito nahi izan dituzte mugimendu feministaren aurpegi ezagunenak. Estrategia hori gertukoa zaigu, mundu mailan ari direlako lawfare-a erabiltzen. Antolatuta eta diruz blai dauden talde horiek mugimendua ito beste helbururik ez dute. Azpimarragarria da, mugimendu feministaz gain, Polonian errefuxiatuen eta LGBTI pertsonen kontrako erasoa norabide berean doala.

Artikulu honetan abortuaren debekuaz ari bagara ere, ezin dugu ahaztu sistema konplexuago baten parte dela gertatutakoa. Pertsonen bizitzen, oinarrizko eskubideen eta erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso argia da. Ezin dugu aipatu gabe utzi Poloniako herri batzuek LGBTI Free gune izendatu dutela haien burua. LGBTI pertsonarik gabeko herri izendatzeak, duen balio sinbolikoaz gain, eragin errealak ditu LGBTI pertsonen bizitzetan. Biolentziaren legitimazioa emateaz gain, ezinezkoa da «LGBTI propaganda» egitea; hau da, mutu, gor eta itsu nahi dituzte herritarrak. Beldurra zabaltzen duten legeak dira horiek guztiak, abortuarenak ere, medikuen lanean eragin duen paralisia erakusten digulako.

Abortuaz ari garenean, bizitzaz eta emakumeon autonomiaz ari gara. Eta lege kriminalizatzaile hauek ez dute bizitza babesten, emakumeona merke saltzen baizik. Merke saltzen, ultraeskuinaren, talde ultrakontserbadoreen, eliza erreakzionarioaren... onespenaren truke. Orain, gainera, abortuaren debekua eta, gero, sexu heziketaren debekuaren saiakera dator Poloniako gobernu ultraeskuindarraren partetik. Hori iragarri zuen han ginela. Esaten genuen bezala, sistema konplexuago baten parte delako erabakia. Ez dituzte emakume aske eta burujabeak nahi. Ez dute jendarte anitza nahi.

Mezua bidali zidan Poloniako lagunak gauza batean ez du arrazoi izan, nazioarteko medioetan oihartzun askorik ez baitu izan albisteak. Horregatik ere idatzi dut testu hau. Alde batetik, Polonian gertatzen ari denaren berri ematea ardura bat bilakatu zaidalako han egon naizenetik. Bestetik, han gertatzen ari dena hemengo ahizpa bati gertatzen ariko balitzaio bezala sentitu behar dugulako. Gainera, Poloniako haizeak edozein norabidetan joan daitezke, honaino gerturatzera ere bai.

El Salvador, Honduras, Polonia, Nikaragua, Malta, Andorra... Herrialde horietan abortuaren debeku totalarekin edo lege oso murritzekin aurkitzen dira oraindik. El Salvadorren emakumeak espetxean daude abortatzeagatik. Eta haien askatasunaren aldeko borroka Poloniako emakumeen edo Euskal Herrikoon askatasunaren aldeko borroka da.

Haize txarrak etor litezke, edo bultza genezake Argentinako, Irlandako edo Gallardonen lege aldaketa proposamenaren kontrako Euskal Herriko garaipen feministaren haizea. Gure esku dago, eta elkarri begiratuz eta elkar aitortuz, indartsuago egingo diogu aurre faxismoaren mamuari. Ahazten ez ditugula esateaz gain, borrokatzea dagokigu. Gure eskubideak atzera botatzea helburua da batzuentzat, eta lortu ez dezatela gure esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.