Ezkutuko harribitxiak, edo Korta sarien inguruko gogoeta

2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Aurreko astean, Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen Joxe Mari Korta sarien banaketara joateko gonbidapena jaso nuen, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuaren eskutik.

Aurtengo sarituen zerrenda ikusirik, ohartzen naiz urteetan zehar enpresa munduan ibili eta lan egin duten lau gizon ospetsu izendatuak izan direla. Itzal handiko gizonak laurak, eta bakoitza bere alor eta inguruan aski ezagunak. Jesus Alberdi, Juan Manuel Arana, Julio Faustino eta gertukoen zaidan Vicente Zaragüeta handia.

Aurreko urteko sarituen zerrendan, beste lau gizon hauek ditugu: Justo Ercilla, Zayerren sortzailea; Juanjo Azkarate, CCko kontseilari delegatua; Jesús Hermosilla, Basconia taldekoa; Miguel Gandiaga, Ingeteamekoa eta Miguel Lazpiur, Confebaskeko presidente ohia.

Eta 2011ko saridunak? Beste lau enpresari ezagun… eta gizon. Atzera noa sari hauen historiaren berri izateko, eta ohartzen naiz, lehen Kemena sariak zirenak, 2001etik Joxe Mari Korta sariak bilakatu direla, ETAk eraildako enpresagizon gipuzkoar horren omenez.

Ez diet meritu izpirik kendu nahi ez sarituei ezta saridunak izendatu dituztenei noski, baina utz nazazue zalantza bat plazaratzen: gaur egungo egoeran, zeinetan aldaketa haizeak behar diren Euskal Herria berria aurrera ateratzeko, zenbaitzuk sortutako krisiak eragindako triskantza ekonomiko, sozial, enpresarial edota sistemikotik eredu berriztatzaileak bilatzeko, ez al dago gure Herrian emakume kementsurik enpresa kudeaketan eredugarri izan daitekeenik?

Hamahiru urtetan zehar egon diren sarituen artean, emakume bakarra aurkitu dut; 2006an, Carmen Ochoa de Alda, Galdakaokoa sortzez, baina 45 urtetan zehar Bilboko Santutxu auzoan botika baten jabea. Saria eman zionaren esanetan, «ezkutuko harribitxia».

Andere hori sarituen artean aurkitzeak poza eman dit, baina «ezkutuko harribitxiaren» leloak sutan jarri nau. Nolatan ez da ezkutukoa izango, beste hainbat eta hainbat emakume langile, enpresari, zuzendari, ekintzaileren modura gure erakundeek beraiek ezkutuan mantentzen badituzte? Harribitxiak denok gara, dizdiz egiteko lar argi ematen badigute.

Gutun bat helarazi nion sari ematea baino lehen Tapia Sailburuari, eta beste gauza batzuen artean, hurrengo urterako emakumeak gizonak bezainbeste kontutan har zitzan eskatu nion, eta paragrafotxo honetan azaltzen nion gizonen arloa izan den politika emakumeena ere izatea lortu dugula, askoz osatuagoa bilakatuz gure eginkizuna.

«Zuk, nik bezain ongi jakingo duzu orain gutxira arte gizonen lana zena egiteak adorea, kemena eta, batez ere, sostengua behar duela. Eta sinetsita nago, euskal enpresek emakumeen partaidetza behar beharrezkoa dutela modelo sendoago, Euskal Herri osatuagoa garatu nahi baldin badugu.

Erronka gisa helarazten dizut gogoeta hau, izan ere, guk, erakundeetatik, adibide eman dezakegulako, gure erabakiek eta hitzek pisua dutelako, eta herri oso bat aldarazten lagundu dezaketelako. Hortaz konbentzituta nago, eta egunero lanean diharduten hamaika emakume enpresarik ere berdin sentitzen dutelakoan nago».

Joxe Mari Korta sariek enpresagizon baten kemena oroitzeko balio dute. Espero dut, hurrengo urteetan gizon horren bizitza goraipatzeaz gaindi, emakumeen lanaren distira ateratzea, «ezkutuko harribitxitik» normalizazioranzko bideko harri arrunt baina beharrezko izatera igaro gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.