Abiadura Handiko Trenaren lanak duela hemezortzi urte hasi ziren. Orduz geroztik, mendi andana zulatu, lur mugimendu itzelak egin, errekak desbideratu eta akuiferoak desagerrarazi dituzte, besteak beste, Euskal Herrian. Bailara batzuk hondakindegi bihurtu eta beste batzuk porlanez estali dituzte. Lur emankorra basamortu bilakatu dute. Eta… non dago iragarritako trena? Non? Gaur-gaurkoz, obrak eta txikizioa besterik ez dago. Lanak bukatu dituztela dioten zatietan azpiegitura besterik ez dago egina. Beste zatietan ezta hori ere. Gainegitura, elektrifikazioa eta katenaria falta dira… Bilbo, Gasteiz eta Donostia edota Iruñeko geltokiak ez daude eginak. Bergarako lotunea edota Campanas Euskal Y-aren tarteak egitasmo baino ez dira oraindik. Duela hamarkada bat bukatu zituzten tunelak eta zubibideak zaharkitzen ari dira. Hau al da abiadura handia? Aurrerapenaren izenean, zer gehiago onartzeko prest gaude tamainako gezurra sinetsarazi nahi digutenen partetik?
4.000 milioi euro baino gehiago xahutu dituzte jadanik hemezortzi urte hauetan. Bitartean, etxebizitzak gero eta garestiago daudenez, zailagoa da bizitoki duina izateko eskubidea bermatzea. Bizitzeko ezinbestekoak diren elikagaiak gero eta garestiagoak dira. Lanpostu gehienak prekaritateak igurzten ditu. Kalean bizi den jendearen kopurua gero eta handiagoa da. Hobetu al du aipatu diru kopuruak gehiengoen bizi kalitatea, edo alderantziz? Osasunean eta hezkuntzan egin diren murrizketak AHTan orain arte sartu den diru kopuruaren baliokideak dira. Beraz, non dago hobekuntza? Behin eta berriro esan digute AHTak etorkizun hobeago bat ekarriko digula, baina, gure oraina izorratzen ari baldin badira, zergatik sinistu etorkizuna hobea izango dela AHTa behin amaituta?
Hasteko, ez dakigu inoiz bukatuko ote duten ere. Orain arte emandako epeak ez dituzte bete (2011, 2014, 2017…). Nola jakin 2030ekoa egiazkoa dela? Eta bukatuko balute, zer geldituko litzaieke datozen belaunaldiei? Txikitutako lurra eta izugarrizko zorra. Ederra ondarea! Ezin dugu ahaztu langileok gure zergekin ordaintzen ari garela handi-mandien nahikeriazko trenaren kostuaren zati bat. Gainontzekoak zorpetzen gaitu bai gu eta baita ondorengoak ere. Gainera, krisi ekosozial larrian gaude murgilduta eta, AHTaz gain, hainbat garraio, meatze eta energia egitasmok ere (batzuk berdez mozorrotuta) mehatxatzen dute gure lurra. Eta lurraldea txikituta badago, nola garatu dezakete gazteek bizitza duina bermatuko dien egitasmorik?
Azken aste hauetan, Ezkio ala Gasteiz sasi eztabaidak izugarrizko oihartzuna eragin du komunikabideetan. Funtsean, bi aukera eskainiz: Aralar zulatuko dugu, edo Sakana zubibidez eta tunelez josiko dugu? Baina eliteen arteko liskar honekin zera ezkutatu nahi dute: herri honek ez diola inoiz onespenik eman AHTari. Kaltetutako udalerriek kontsultak egin zituzten eta jendeak ezetz esan zuen. Erresistentzia handia egon zen egitasmoaren aurka eta, azkenean, indarrez inposatu ziguten. Oraingo lanak, berriz, inposizio horren jarraipena besterik ez dira. Zer axola dio, hortaz, Ezkiotik edo Gasteiztik igaro behar ote duen, txikizioa besterik ez badago?
Ezkio ala Gasteiz hautatzeko txosten teknikoaren zain omen daude, planifikazio arduratsu eta eraginkorraren itxurak eginez eta AHTaren eraikuntzaren atzean dagoen erabaki politiko interesatua ezkutatu nahian. Orain arte, AHTari buruz egin diren azterketa eta ebaluazioek (EHU, Espainako eta Europako Kontu Auzitegiak, Airef) AHTa ez eraikitzeko aholkatu dute, besteak beste, ingurugiroari zein alor sozioekonomikoari dakarzkien kalte sakonak agerian utziz. Baina agintariek muzin egin diete eta aurrera egin dute, gu guztiak amildegira bideratzen. Ez al da ba hobe izango jadanik eginda dauden txosten teknikoak behingoz betetzea eta lanak bertan bera uztea?
AHTaren kilometro batek balio duenarekin, adibidez, urte batez 750 irakasle kontratatu, 42.721 ikasleri otorduak eman, 7.377 pentsio duin ordaindu edo egoitzetako 1.600 langile kontratatu ahalko lirateke. Ze beste datu beharko genuke aurrera jarraitzea erokeria dela ohartzeko?
Ez gaitezen engaina: AHTa ez da iritsi eta agian ez da inoiz iritsiko. Baina txikizioak eta diru xahuketak bere horretan jarraitzen dute. Noiz arte? Ez al da garaia hondeamakinak geldiarazteko gure mendiak zulatzeari utz diezaioten? Guk ozenki esaten dugu: ez Ezkiotik, ez Gasteiztik ere! AHTaren lanak berehala bertan behera gelditu behar dituzte. Dugun etorkizun bakarra lurra delako. Eztabaida faltsuei entzungor eginez, entzun dezagun lurraren taupada eta bat egin dezagun berarekin!