Pako Aristi
Idazlea

Ezkiaga kasua

2024ko uztailaren 7a
05:00
Entzun

Zur eta lur geratu nintzen Madrileko egunkari batean Patxi Ezkiaga poeta estimatuaren izena ikusi nuenean, ez literaturari buruzko orrietan, elizaren pederastia kasuei buruzko erreportaje luze batean baizik. Ikaratuta, saminduta. Beste askok bezala nik ere ezagutu bainuen Ezkiaga eta, iragan maiatza arte, gizon onbera eta adeitsu baten oroitzapena gordetzen bainuen nire baitan. Eta, uste bezala, biktima gehiago agertu da ondoren.

Marisol Zamoraren argazki handi bat zetorren bertan, eta umea zelarik hainbat urtetan Ezkiagaren eskuetan jasan zituen sexu abusuen zerrenda latza kontatzen zuen bertan, hamarkada askotan urdailean borborka eta eztarrian trabeska eduki duen min bati irteteko baimena emanez. Marisol Zamorari ez diot esango «nik sinesten dizut», ezinezkoa baita ez sinestea, ezinezkoa haren sufrimenduarekin benazko enpatia bat ez sentitzea; ezinezkoa ez sinestea haren hitzetan egia dagoela, eta Ezkiagak delinkuente sexual bat zela ezkutatu zigula hura ezagutu genuen guztioi.

Lehen egunetan isiltasun mardul bat hedatu zen euskal kulturgile eta erakundeen artean, Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko bere blogean salatu zuen bezala, Patxi Ezkiaga eta isiltasun jasangaitza testu zorrotzean. Shock bat izan zen, hori pentsatu nahi dut. Baina gero urak mugitzen hasi ziren. Blanca Urgell, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze eta beste askok idatzi dute gaiaz, eta Legorretako Udalak bizkor ohore guztiak kendu zizkion Ezkiagari. Ez nekien hain laudatua zutenik jaioterrian: seme kuttun izendatua zuten, eskultura bat ezarria haren omenez eta kultur etxeari ere haren izena erantsia, hormatzar handian hizki are handiagoekin. Umiltasuna predikatzen duen erlijio bateko partaide batek hura guztia onartzea harrigarria egin zitzaidan.

Albistea Madrilen agertzeak salatzen du euskal kazetaritzak nozitzen duen akats larri bat: nahiko lo dagoela errealitateko ertz askoren aurrean, etengabe eraldatzen doan gizarte dinamiko baten sentimenduen aurrean. Ez dago euskal medioetan halako erreportajerik egiteko lekurik? Hemen izan den adina seminario, komentu, lekaime eta fraide ikastetxe, ez dago ezer ikertzeko? Legorretako seme ospetsu batek Donostian egin dituen sexu abusuen berri Madriletik enteratu behar dugu? Bada beste galdera bat albisteak isiotu didana: haren liburuak argitaratzen dituzten argitaletxeek zer egingo dute orain?

Ezkiaga 2018an hil zen, eta irudi bikaina utzi zuen batez ere euskal literatura maite dugunon artean. Orain xake taulako pieza guztiak mugitu ditu Marisol Zamoraren salaketak.

Hamabost poesia liburu idatzi zituen, bost nobela... Izan ote zen lurrikararik haren kontzientzian liburuok idazten zituen bitartean, amiñi bat, bederen? Inoiz planteatu ote zuen, behin hainbeste umeren inozentzia eta ongizatea bortxatu ondoren, horrekin zer egin? Apaiza zen, kristaua, ezagutuko zituen Mateoren ebanjelioan datozen gaiari buruzko Jesusen hitzak: «Niregan sinesten duten txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak, hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora botako balute».

Bere buruarekin leiala izan balitz, eta erlijio guztiek, ezkutuan bada ere, funtsean daukaten mezu humanistari jarraikiz bide bat bazuen erredentziorako: eginak aitortu eta salaketa publiko bat egin bere kongregazioaren aurka; Marisol Zamorak dio ikastetxe hartan denek zekitela zer egiten zuen, eta egunkariek berretsi dute La Sallekoek salaketa asko jaso zituztela. Non zeuden eta non daude orain arduradun horiek? Eta larriagoa dena: non daude gaurko arduradunak? Ziurra baita gaur ere abusuek jarraitzen dutela han edo hemen, ikastetxe erlijioso ugarietan, arduradunak bestaldera begiratzen ari diren bitartean. Eliza ez da inoiz garbituko.

Nik ez dakit Ezkiagak gogoetarik egin ote zuen bere desbizitza sexualaz, baina historia honek erakusten digu zinismoaren bidea hartu zuela, eta alderdi ilun hura errotarri baten azpian ezkutatu zuela betirako, bere baitako itsas hondo sakon batean, eta bizitzen jarraitu zuela ezer gertatu ez balitz bezala. Adierazgarria da Marisol Zamorak dioena, jadanik hamahiru urterekin apaizaren abusuak mozten ausartu zenean. «Nik ez dut ezer egin», esan omen zion Ezkiagak.

Ezer gertatu ez balitz bezala joaten zen poesia sariak jasotzera, eta Legorretako Udaleko atea zeharkatzen zuen seme kuttun izendapenaren ohorea eskuratzeko, kultur etxearen horman bere izena metro bateko hizki handitan jartzen zuten bitartean.

Neure gogoeta pertsonala utzi dut akaberako: nik zer sentitu behar dut orain Ezkiagaz? Elkarrizketak egin nizkion nire kazetari garaian, asko estimatzen nuen, jakintsua eta dontsua iruditzen zitzaidan. Mikel Markez eta biok egin genuen emanaldi batera ere gonbidatu genuen Oh Shenandoah kantu ederra abestera. Oso ondo abesten zuen. Diskoan grabatua geratu zen. Nire poema batzuen ingelesezko itzulpena berrikusten ere aritu zen. Oso ondo zekien ingelesa, Oxforden eta Cambridgen literatura ikasia baitzen. Kontatu zidan urtean behin ingelesezko poesia liburuak enkargatzen zizkiola hango lagun bati, eta barkuan iristen zirela egurrezko kutxa batean. Irudia polita zen: ikusten nuen Ezkiaga, Pasaiako aduanan, edo Bilbokoan, bere altxorraren bila doan pirata baten gisan poesiaz betetako kutxa hura jasotzen.

Bera maitatu zuen beste askok bezala barne bidaia bat egin beharko dut, sentimenduaren eraldatze bat. Bere bizitzaren une batean, izan laburragoa edo luzeagoa, argia isuri izan duten pertsonak ezagutzea ohoretzat izan dut beti, enkontru aberasgarri horiek alaitu didate existentzia, eta halako sentipena izan nuen Ezkiagarekin ere. Orain deskubritu dut argi haren hastapena krimenaren osin beltz batean zegoela, hori posible baldin bada. Bere literatura guztia ez ote da izan jokaera makur haiek sublimatzeko bide bat?

Zeren krimena are larriagoa da defentsa modurik ez zeukaten haurrekin gauzatu zuelako, bere alde zeukan guztia aprobetxatuz: boterea, autoritatea eta ume haien afektu zintzoa, hasiera batean, bederen. Eta ume haien gurasoen konfiantza.

Salaketa da aurrena, egia hurrena, justizia eta erreparazioa gero, eta azkenik pertsona horrekiko sentimenduak, norberaren ondare direnak, niregan eraldatzen hasi direnak dagoeneko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.