Ezkerraren gero lausoa

2015eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Garai txarrak ditugu lirikarako, edo, bestela esanda, ezkerrarentzat, hangoarentzat (Europa) zein hemengoarentzat —izan Espainiakoa, Nafarroako edo Kataluniakoa—. Eta, hori, joan den maiatzeko udal eta autonomia hauteskundeetan aurrekoetako emaitzak eta botere kuotak gaindituagatik.

Hainbat gobernu aldaketa ekarri baditu ere Podemos eta, batik bat, hainbat plataforma agertu izanak, ez dirudi horrek ezkerra benetan sendotu duenik gure herrialdean.

Aniztasun handiagoa dago, eta, beraz, zatiketa handiagoa, eta horrek, ezinbestean, ahultzea dakar berekin, ez baldin badago ez elkar ulertzerik, ez elkar ulertzeko borondaterik.

Hurrengo hauteskunde orokorretara begira, halakoxe panorama izango dugu aurrez aurre: Podemosek uko egiten dio IUrekin elkar ulertzeari ezkerrekoen plataforma komun bat eratzeko; eta PSOEk gero eta urrunago du Podemosekin hitzarmen bat egitea, kasta bat izateaz akusatzen dituztela-eta etengabe.

Hola ezin da inora joan, elkar ulertzeko eskatzen ari baitzaizkie herritarrak; baina, horren ordez, taktika hutsezkoak eta botere kuotak lortzeko diren hitzarmen batzuk baino ez dituzte ikusten.

Ezkerraren barruan, edo modu estrategikoan gogoeta egiten dute —hau da, luzera begirako ikuspegitik—, edo baliteke hurrengo hauteskundeetan ezin itzulizko atzerakada bihurtzea azkeneko hauteskundeotan emandako aurrerapauso txikia.

Kataluniaren erronkak, bai eta Nafarroarenak ere, bere kontraesan eta zatiketen aurrez aurre jartzen du ezkerra. Zer arraio dabil ERCko ezkerra Covergenciaren gisako eskuin atzerakoi, ustel eta ongizatearen estatu suntsitzaile batekin? Zer arraio dabil PSC bere nortasun bereizgarri oinarrizkoei uko egin eta PPrekin eta Ciudadanosekin tontakeriatan? Ez aipatzearren beren kasa dabiltzan beste batzuk, nahiz eta koherenteenak izan litezkeen: hala nola IC, oraingo honetan Podemosekin koalizioa eginda Catalunya Sí que es Pot esperimentu berrian, eta CUP, CDCren nahas-mahasetik libratu berria.

Halako panoramarekin, Kataluniako ezkerrak eman al diezaioke aukera sinesgarri bat bere gizarteari, are estatuko gainerako gizarteari? Ez, inondik ere ez; baina bide eman diezaieke porrotari, frustrazioari eta eskuin ekonomiko eta finantzarioa sendotzeari.

Baina sesio, zatiketa eta banantze onartezin horiez guztiez gain, arriskua dago estropezu egin berritan aurkaria berriro armatzekoa.

Aurkariak ezin onartuzko moduan estutzen du PSOE, artegitik irten ez dadin; Pedro Sanchezi adierazpen gorabeheratsuak eginarazten dizkio, bai baitakite ezen, PPk porrot eginez gero, gaitzik txikiena PSOE etxekotu otzan bat sortzea izango litzatekeela, edota Koalizio Handi desiratua, baldin eta Ciudadanosekiko esperimentuak huts egiten badio. Hori dela-eta esan du hark esan duena ezkerraren hitzarmena modurik koherenteenean eta herritar gehientsuenen oniritziz egin den toki bakarrari buruz: Nafarroari buruz.

Bederen, bitxia da ezkerraren norarik ez horrek kutsatu izana duela gutxi arte birus horrekiko immune zirenak ere: intelektual, artista, aktore eta kantariak, sesioan haiek ere gure indar politiko miopeen pare.

Hola ez, Podemos, PSOE, ERC eta IUko jaun-andreok. Hola, okerreko bidetik goaz.

Badira ahots —gutxi— batzuk zentzu handiagoaren eske ari direnak; horietako batzuk, zoritxarrez, besaulki eroso bat erdiesteko irrika bizi berberaz dabiltzanak, hala nola Tania Sanchez. Badira beste ahots batzuk honako gogoeta hauen egileak baino hobeto teorizatzen dutenak batasun estrategiko baten inguruan. Bai, bai, estrategikoa; izan ere, ba al dakizue zein den taktikaren eta estrategiaren arteko aldea? Bada, soilki, norbere anbizioak betetzearen eta herritarren anbizioak betetzearen arteko berbera.

Garai txarrak ditugu lirikarako, baina, esaera zahar batek dioenez, ez da aterraldirik gabeko eurialdirik, eta Erdi Aroaren ondoren Errenazimentua etorri zen.

Nahi gaberik, ez dago kontsolatzerik…

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.