Ezkerraldeko gazte euskaldunak

Ezkerraldekoa eta euskaraz?

Maitane Lartain eta Oier Gomez
2024ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

Nerbioi ibarreko ezkerraldean eta hura bezalako eskualdeetan ohikoa da oso «un café con leche, mesedez» bezalako esapideak entzutea. Are gehiago, halako esamoldeak egunerokoaren parte dira. Baina zer dago horien atzean?

Ezkerraldearrok euskañol, erdarakada, maketo... hitzen modukoak ditugu erabat barneratuta. Espainolentzat euskaltzaleegi eta euskaldunentzat espainolegi izanez hezi gara eta, batzuetan, badirudi estigma horiek ardatz hartuta eraiki ditugula gure identitateak. Edo ez.

Kafesneak erdaraz eskatu arren, matematiketako problemak ebatzi bai, baina lagunartean euskara hutsean aritu ezin arren; nahiz eta euskara gaztelaniarekin nahasi diezadakezu, zatekeen, dakioke, etab.-en erakoak ekiditeko asmoz, badugu euskal herritar sentitzerik, baita zer esan ere.

Espainiar Estatuaren asimilazioan hazi eta heztea ez da geure hautu pertsonala izan, halabeharrez hala egokitu zaigu. Bide batez, erruaz ari bagara, nork du erru handiagoa? Askotan, gure herriak bizkarra emanda sentitu gara. Sarriegi, juzgu chauvinista eta garbizaleek eraiki nahian gauden naziotik kanpo kokatu gaituzte. Noiz bilakatu da euskararen biziberritzea sorgin-ehiza?

Estatu Espainol eta Frantsesek hala nahi gaituzte, batzuk besteen kontra, geure arteko aniztasuna baloratu ezinik. Gu, horren aurrean, euskarak ezkerraldea zein ezkerraldeak euskara behar duela aldarrikatu beharrean gaude.

Gazteok ezin izan dugu hautatu non jaio, ez dugu esku hartzerik izan gure iragan industrial eta zikinean ezta horrek eragindako orainaldi prekario eta marjinalean ere. Haatik, hautu politiko argia dugu honi guztiari dagokionez: euskara gure topaleku bilakatzea.

Zail gertatuko zaigu, ziur asko, harremanak deseraikitzea, lagunarteko hizkeran aritzea, udal euskaltegian B1 titulua ateratzen aritu den amari euskaraz zuzentzea. Aho batez, zail gertatuko zaigu egoerari ehun eta laurogei graduko itzulia ematea.
Oztopoak bertan daudela ukaezina bada ere, lehen hitza euskaraz esanez ekin geniezaioke!

Halere, hizkuntzaren aldeko jarreran ez gara gu jo ta su egon behar dugun bakarrak. Instituzio publikoek, gizartearen garapenaren eta kohesioaren arduradun gisa, aisialdirako eta, oro har, eskolaz kanpoko ekintzetarako espazio euskaldunak bermatu beharko lituzkete.

Gogoan izan behar dugu gure eskualdea milaka atzerritarren etxea izan dela eta badela oraindik ere, kultura eta hizkuntza espainolera kondenatuta dauden atzerritarrena. Asimilazio egoera honek eta aipatutako aisialdirako espazio euskaldunen gabeziak ezinezkoa egiten du hizkuntza zein kultura aniztasuna ospatzea.

Pentsa ezazue zeinen ederra izango litzatekeen azentu galegoa, amazigerarena, kitxuarena edota swahiliarena duen euskara entzutea kafesne bat hartzen duzun bitartean, besteengandik ikastea zuk irakasten duzun bitartean, beste hizkuntza zein kultura batzuetako bitxikeriak bereganatzea. Hori guztia aberatsa eta utopikoa izanik, egiteko aukera ere badugu, baina, horretarako, aurrerapausoak eman beharko ditugu lehenengo.

Eta Euskal Herriko zenbait zonak beren euskalkia duten legez guk ere gurea daukagu; hizkera berezkoa, anitza eta akatsez betea. Azken finean, gizakiok berezkoa dugu akatsak egitea, ezta? Etengabe egiten ditugun okerren bila ibiltzeak ez du laguntzen.
Gu gure aldizkako jariotasunaz, geure ergatibo okerrez eta darabiltzagun erdarakadez harro gaude eta swahiliz, kitxuaz, amazigeraz mintzo diren horiek guztiak geure euskalkiaren hiztun izatera gonbidatu nahi ditugu.

Ezkerraldear, goierritar, nafar eta atzerritarrek, edozein tokitakoak izanda ere, komunean dugu Espainiar Estatuaren eta Estatu Frantziarraren zapalkuntza. Demostratu nahi dugu, haiek ez bezala, gure hizkuntza ez dela zapalkuntzarako tresna, zabalkuntzarakoa baizik.

Egin dagigun, beraz, topa euskaraz eta topa gaitezen euskararekin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.