Sarritan, Ezkerraldeko desindustrializazioaz hitz egiten dugu fenomeno natural batez arituko bagina moduan; patuak gure eskualdeari opa dion errealitate ekonomiko saihestezina izango balitz bezala. Baina guk jakin badakigu elite ekonomikoek eta haien zerbitzura dauden alderdi politikoek inposatutako estrategia des-industrializatzailearen ondorioz heldu garela agertoki latz honetara. 2008ko krisi ekonomikoaren testuinguruan ozenki salatzen genuen bezala, Ezkerraldea Euskal Herriko eskualde prekarizatuenetariko bat da. 15 urte luzeren ostean, egoerak hobera egin beharrean, okerrera jo du.
Gaur egungo eredu sozioekonomikoa EAJk eta PSOEk XX. mendearen azken hamarkadetan diseinatutako prozesuaren ondorio argia da. Garai hartako desegite industrialak bidea zabaldu zion ekonomiaren tertziarizazioari eta merkataritza gune-handien aldeko apustuari. Hori horrela, gure ekonomiak jasandako inpaktuak askotarikoak izan dira: prekaritatea, behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak, hitzarmenen estatalizazioa, tokiko merkataritzaren desagerpena eta abar. Enplegu osotik langabezia-tasa altuenetara igaro gara denbora gutxian, epizentro ekonomiko izatetik periferiara. Hala ere, gure eskualdea pobretzen duen ereduaren sakontzea gauzatzen ari da oraindik ere, duela gutxi ikusi baitugu nola birkalifikatzen diren industria lurrak supermerkatuak (Cosco) edo biltegiak (Amazon) eraikitzeko. Baina guk argi daukagu gu ez garela inoren parke logistikoa. Ez gara saltoki handien MegaParka; bizitza integralak eta duinak gure eskualdean bertan garatu nahi dituen lurraldea gara.
Ezkerraldea, beraz, ezin da ulertu industrializazio-prozesurik gabe; aldi berean, ez dago Ezkerraldea ulertzerik langile-borrokarik gabe, klase-borroka gure DNAn txertatua baitago eskualde gisa jaio ginenetik. Somorrostro Haranak, gure eskualde historikoak, XIX. mendean jaiotza eman zien Meatzaldea eta Ezkerraldea izenekin ezagunak diren eskualdeei, industrializazio-prozesuaren eraginez. Somorrostroko burdin mineralaren erauzketa eta esportazio masiboarekin batera, industrializazio azkarra gertatu zen, siderometalurgiako eta ontzigintzako lantegien instalazioaren bidez Ibaizabal-Nerbioi ibaiaren ezkerreko ertzean. Meatzeen ustiapen masiboarekin eta lantegien sorrerarekin langile-klasea jaio zen, eta horrekin batera langile-borroka. Hortaz, bere jaiotzetik lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatu den eskualdea gara, langile-borroka gara.
Horrenbestez, langile-kontzientziak Ezkerraldearen nortasuna goitik behera zeharkatzen du. Beharginen borroka gure Historiaren garai guztiak trakzionatu dituen indarra da, eta halaxe izango da aurrerantzean. Ez gara iraganaz ari, orainaldiaz eta etorkizunaz baizik. Horren adibide garbia dugu Trapagaranen kokatua dagoen Amazoneko langileen mobilizazio, protesta eta greben zikloa. Paradoxikoa bezain itxaropentsua da jakitea Babcock & Wilcox galdara-fabrika zegoen tokian gaur egun langile-borroka borborka dagoela. Zentro logistiko horretako langileek argi daukate: borrokarik gabe, ez dago eskubiderik.
Ezker Abertzaleko militanteok borrokan ari diren eskualdeko enpresa ezberdinen aldarrikapenak geure egiten ditugu, eta haiekin guztiekin batera biharko Ezkerraldea eraikitzeko konpromisoan berresten gara. Aldarri horien artean, berebiziko garrantzia hartzen du eskualdea berrindustrializatzeko proposamen integral baten beharrak. Premia horri erantzuteko dagoen borondate instituzional eza ikusita, EH Bilduk Ezkerraldea gara prozesua jarri zuen martxan, urteetan eskualdeari begira egindako entzuketa eta proposamen ariketarik handiena. 200 eragile sozialek baino gehiagok parte hartu duten prozesu horren fruitua da Ezkerraldea 2030 Plan Estrategikoa, eskualdeko eredu sozioekonomikoa berreraikitzeko eta bestelako eredu politikoa proposatzeko plan integrala. Berriz ere, ezker independentismoa da eskualdeak behar duen aldaketarako giltza, eta bere hazkunde sozial eta elektorala horren erakusle garbiena da. Bada garaia betikoei hegemonia lehiatzeko eta herri-boterea oinarri duen gobernantza komunitarioa martxan jartzeko, baita Ezkerraldean ere.
Azkenik, esan nahi dugu amesten dugun Ezkerraldea eskuratzeko aurrerantzean ezinbestekoa izango dela gure indar politiko, sozial eta sindikal guztiak aktibatzea. Esan bezala, borrokarik gabe ez dugu biharko Ezkerralde eta Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortuko. Horregatik guztiagatik, bihar, martxoaren 17an, Ezker Abertzaleko kideok LABek Sestaon deitutako manifestazioan egongo gara, enpleguen defentsan, bizitza duinen alde, eskualderako orainaldi eta etorkizun baten alde.
Gora langileon borroka! Gora Ezkerraldea!